Jolasaren Garrantzia Haurren Garapenean: Gida Osoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 14,39 KB

Jolasa, dibertsio hutsa baino gehiago

Gurean, jolasak funtzio sinbolikoa du, giza jokabidearen elementu bereizgarria, alegia.

Hori dela eta, jolasa haurtzaroko oinarrizko jardueretako bat dela esan dezakegu, naturalki sortzen dena eta endokulturazio prozesua bultzatzen duena. Aldi berean, ezinbestekoa da gizakiaren garapen psikomotor, intelektual, afektibo eta sozialerako, eta eskala txikian oinarrizko gizarte-egiturak eta -mekanismoak birsortzen ditu: arau batzuk izatea, helburu edo xede batzuen garrantzia...

Jolasaren kontzeptua hainbat diziplinaren arabera

Huizingaren ikuspegia

Huizinga filosofo eta historialariaren ikuspuntutik, jolasa honela definitzen da:

«Interes materialik gabe egiten den borondatezko jarduera edo ekintza da, denboraren eta espazioaren aldetik muga batzuk dituena, libreki onetsitako baina beharrezko arau baten arabera egiten dena, berezko helburua duena eta tentsio- eta poz-sentimendua dakarrena, baita eguneroko bizitzan zarenaz bestelakoa izateaz jabetzea ere».

Hau da, autore horren ustez, jolasa ezin da ulertu jolastu nahi den ala ez erabakitzeko askatasun osorik ez badago. Gainera, baditu beste konnotazio batzuk ere, hala nola jolasten denari poza ematea eta jolaste hutsagatik jolastea, jolasa amaitutakoan zer irabaz daitekeen pentsatu gabe. Jolasean, garrantzitsuena ez da helburu materiala, prozesua baizik.

Psikologiaren ikuspegia: Vygotsky

Psikologiaren ikuspuntutik, berriz, Vygotskyren hitzetan, jolasa garapenaren motorra da, garapen hurbileko zonak sortzen baititu, eta ase gabeko desioak fikziozko egoera batean betetzen baitira. Autore horren arabera, jolasari esker, haurrek oinarri bat dute beren gaitasun guztiak garatzeko, eta, gainera, ase gabeko desioak bete ditzakete, fikziozko errealitatea sortuz.

Definizio horiek aztertuta, ondorio hau atera dezakegu: jolasa beharrezko jarduera da gizakiarentzat, eta biziki garrantzitsua da arlo sozialean, gizarte-jokabide batzuk entseatzeko aukera ematen baitu. Era berean, tresna baliagarria da gaitasun intelektualak, mugitzeko gaitasunak edo gaitasun afektiboak eskuratu eta garatzeko, eta hori guztia atseginez egin behar da, inolako obligaziorik sentitu gabe. Jarduera orok bezalaxe, denbora eta espazioa eskatzen ditu egin ahal izateko.

Jolasaren ezaugarri nagusiak

Jolasa naturalki sortzen da haurrarengan eta baditu bereizten duten ezaugarri batzuk:

  • Jarduera atsegina da: Jolasa jarduera ludikoa da, izatez, eta, beraz, jolasten denari atsegina eta poza ematea du helburu.
  • Librea, berezkoa eta borondatezkoa da: Nahi delako jolasten da, eta ez da nahitaez prestaketarik edo plangintzarik behar. Jolasa presiorik gabe hautatu behar da, eta ez da inoiz inposatu behar, horrela berezko izaera galduko bailuke. Horregatik, haurrak ez du zerbaitetan jolastera behartuta sentitu behar; hala balitz, jarduerak jolasa izateari utziko lioke.
  • Berezko helburua du: Jolasean, jolastearen plazer hutsagatik aritzen da, ez da ezer zehatzik espero, ez du axola zer onura ekar dezakeen. Garrantzitsuena, eta jolasak benetan berezkoa duena, prozesua da, ez azken emaitza. Horregatik, utilitarismoa sartzen bada edo helburu bat lortzeko bitartekotzat erabiltzen bada, erakargarritasuna galtzen du eta jolasa izateari uzten dio.
  • Fikziozko errealitate batean gertatzen da: Jolasean, haurra berak nahi duena izan daiteke, errealitatearen mugak gaindi ditzake eta irudimenezko munduan murgil daiteke, non komeni denaren arabera guztia lortu, zuzendu edo bideratu daitekeen. Hau da, fikzioa da jolasaren funtsezko elementuetako bat. Ezaugarri hori Freudek azpimarratu zuen, eta beste autore askok berresten dute: "zerbaitetan jolastea" errealitate paralelo bat sortzea bezalakoa da, baina fikzioa dela ahaztu gabe.
  • Espazioan eta denboran mugatua da: Denborari dagokionez, iraupena jolaseko partaide bakoitzaren interes subjektiboaren araberakoa izango da. Espazioa, berriz, haurra bizi den ingurunearen araberakoa izango da. Denok dakigu hiriguneetan zailagoa dela behar bezala jolastea, haurrek arriskurik izan gabe. Hori dela eta, hirietan gero eta joera handiagoa dago jolaserako gune seguruak sortzeko, haurrak zirkulazioaren arriskurik gabe egon eta jolas daitezen.
  • Jarduera dakar berekin: Mugitzea, imitatzea, pentsatzea, esploratzea eta beste jokalariekin komunikatzea. Horrekin ez dugu esan nahi jolas guztiek mugimenduzkoak izan behar dutenik, baizik eta subjektuak psikikoki aktibo egon behar duela.
  • Haurtzaroari lotutako jarduera da: Hala ere, helduek jolas jakin batzuk hauta ditzakete aisialdia betetzeko.
  • Sortzetikoa da: Kultura guztietan dago, eta haurrari ez zaio nola jolastu azaldu beharrik.
  • Haurraren eboluzio-etapa islatzen du: Haurra hazi eta garatzen den neurrian, jolasak aldatu egiten dira.
  • Norberaren burua sendotzeko balio du: Haurrak bere kezkak jolasera eraman ditzake eta, horrela, gustukoena duen irtenbidea lor dezake, jolasean soilik bada ere. Beretzat, jolasa jarduera serio eta garrantzitsua da, eta horren bidez bere nortasunari eusten dio eta autoestimua hobetzen du.
  • Sozializazio prozesua bultzatzen du: Jolasak besteekin erlazionatzen eta elkarlanean aritzen irakasten du eta, azken batean, lagunekin lotura afektiboak sortzen laguntzen du.
  • Funtzio konpentsatzailea, integratzailea eta errehabilitatzailea du: Aipatu ditugun berezko ezaugarriak direla eta, jolasak erraz egokitu daitezke eta jatorri eta aukera desberdinak dituzten haurren arteko harremana eta parte-hartzea ahalbidetzen dute.
  • Materiala ez da ezinbestekoa: Haurrek materialik behar ez duten jolasak asma ditzakete, edo eskura dituzten materialak beren beharren arabera egokitu. Horrela, harri bat autoa, itsasontzia edo altxor preziatua izan daiteke, arazorik gabe.

Jolasari buruzko ikuspegi teorikoak

Claparèderen fikzioaren teoria

Jolasaren gakoa fikzioaren osagaia da, testuinguru zehatz horretan subjektuak errealitatearekin duen erlazioa definitzeko modua. Desioak betetzeko babeslekua izan daiteke. Grossek eta Claparèdek kategoria bat ezarri zuten, esperimentazio-jolasak izenekoa, eta han sartu zituzten jolas sentsorialak, motorrak, intelektualak eta afektiboak.

Freuden teoria

Jolasak heziketa-prozesuan erreprimitu diren sentimenduak adierazteko funtzioa ere betetzen duela zioen.

Piageten teoria

Piageten teoria konplexua eta oso landua da. Bere ustez, jolasak askotarikoak dira haur-garapen osoan, denbora horretan egitura intelektualetan gertatzen diren eraldaketen ondorioz. Arreta berezia jartzen du jolas sinbolikoan. Umeak 4-6 urte bitartean hasten dira arauzko jolasak sortzen, baina 7 urtetik aurrera garatzen dituzte erabat, bizitza osorako.

Lev Vygotskyren teoria

Vygotskyk Garapen Hurbileko Zona (GHZ) kontzeptua landu zuen: garapenaren benetako mailaren eta garapen potentzialaren arteko distantzia. Bere arabera, jolasa subjektuen garapeneko funtsezko pieza da. Jolasaren bitartez ikasten ditu pixkanaka eguneroko bizitzako balioak eta xehetasun txikiak.

Daniil B. Elkoninen teoria

Elkoninek jolasaren ezaugarri orokor batzuk eman zituen:

  • Barne-arau batzuk ditu, berezko izaera ematen diotenak.
  • Garrantzitsuena jolasa bera da; jostailuak material osagarriak dira, garrantzitsuak jolas batzuetan, baina ez ezinbestekoak.
  • Jolasak eboluzionatu egiten du adinarekin, eta une bakoitzean haurrak mundua ulertzeko duen modua islatzen du.
  • Helduak rol garrantzitsua du modu ludikoan eta positiboan jokatzen badu.

Jolasaren rola haurraren garapenean

Hezkuntza haurraren gaitasunak jarduera ludikoaren bitartez garatzera bideratu da. Hasieran eskola helduak izateko prestatzeko lekutzat hartzen bazen ere, gaur egun jolasa garapen-faktore nagusitzat jotzen da, haurtzaroko jarduera nagusia izanik.

Jolasak garatzen dituen arloak

1. Eremu psikomotorra

Egiaztatu da jolasaren eta garapen psikomotorraren arteko harremanak direla garbienak. Behaketaren bidez ikusten da haur txikiak, oso txikitatik, mugimendu-jolasak egiten dituela. Hasieran, eskuak eta ahoa mugitzen ditu. Aldi berean, giza irudiak agertuko dira, eta ahoarekin esploratuko ditu, horixe baita gozamenik handiena ematen diona. Horrela, pertzepzioaren eta mugimenduaren garapena lortuko du. Haurra oinez hasten denean, jarduera ludikoaren bidez, ingurune fisiko eta sozialera behar bezala egokitzen ikasiko du.

2. Eremu kognitiboa

Ikerketa askok ikuspegi konstruktibistak babesten dituzte. Garapen kognitiboaz eta pentsamenduaren eraikuntzaz bi ikuspegi teoriko nagusi daude: Piagetena (indibidualistagoa) eta Vygotskyrena (testuinguru sozialari garrantzia ematen diona). Jolasa garapen hori gauzatzeko ezinbesteko tresna da.

Bi urtetik aurrera, bi aurrerapen garrantzitsu izaten ditu eremu kognitiboan:

  • Jolas sinbolikoa agertzea: Bere burua edo inguruan ez dauden objektuak irudika ditzake.
  • Mintzaira menderatzea: Autoreak ez datoz bat. Batzuen ustez, haurra bi urtetik aurrera kognitiboki prestatuta dago hitz mordoa ikasteko eta sintaxia hobetzeko, eta jolas sinbolikoaren bitartez pentsamendua garatzen du.

3. Eremu afektiboa

Afektua ezinbestekoa da garatzeko eta oreka emozionala izateko. Bizitzaren etapa honetan, jolasak mugak zabaltzeko eta errealitateak dakartzan murrizketa zurrunak gainditzeko aukera emango dio. Fantasiaren bidez beste mundu bat sor dezake. Jarduera ludikoak oreka psikikoa eskuratzea ahalbidetzen du.

4. Eremu soziala

Sozializazioa pertsonek pentsatzeko, sentitzeko eta jokatzeko moduak garatzen dituzten prozesu bat da, une eta egoera jakin batzuetara egokitzen ikasiz. Banaka, haurrak bere nortasuna eta bere buruaren kontzeptua eratzen du, besteekiko kontaktuaren bidez. Taldean, haurrak harreman pertsonalen sare bat osatzen du, gizartean erabat egokitzen eta integratzen lagunduko diona.

Bi urtetik aurrera, haurra harreman sozialak zabaltzen hasiko da, jolasa sozializaziorako tresna gisa erabiliz. Hasieran, jolas hori banakakoa da, haurraren heldutasun sozialik ezak eta egozentrismoak eraginda. Hezitzaileari bere irudikapenen eta fantasien gida izateko eskatuko dio, harik eta arreta parekoengan jartzen duen arte. Sei urterekin gutxi gorabehera, pixkanakako deszentralizazioaren ondorioz, haurra nahiko modu egokituan erlazionatuko da parekoekin, eta lankidetza-jolasa hasten da.

Jolasa eta jostailuak etapa ebolutiboen arabera

Etapa ebolutiboak eta jolas motak

Jolasa funtsezko eta ezinbesteko jardueratzat jotzen da haurraren oinarrizko gaitasunak garatzeko. Ikuspuntu ebolutibo batetik, aztertuko diren jolas-motak hauexek dira: jolas funtzionala, jolas sinbolikoa eta arauzko jolasa. Horiekin batera, eraikuntza-jolasa ere aipatu behar da; oso sinplea da lehen etapan, baina eboluzionatu egiten du eta forma konplexuak hartzen ditu.

Piageten araberako etapak eta jolas motak:

  • Etapa sentsoriomotorra: 0tik 2 urtera bitartean.
  • Etapa aurreoperazionala: 2tik 6-7 urtera bitartean.
  • Operazio konkretuen etapa: 7tik 12 urtera bitartean.

Jolas funtzionala etapa sentsoriomotorrean

0tik 3 hilabetera

Jostailu gomendatuak: Haurtxoak erreflexuz erabiltzen duen lehen jostailua bere gorputza da: eskuak eta oinak. Beste jostailu bat helduak izango dira: laztanak, irribarreak, begiradak, kilimak, masajeak, aurpegia agertu eta desagertzeko mugimenduak, sehaska-kantak... Baita musika eta koloretako zintak dituzten zintzilikario mugikorrak eta soinua ateratzen duten gomazko objektuak ere.

3tik 6 hilabetera

Jostailu gomendatuak: Oraindik ere, bere gorputza eta helduena, musika duten objektu mugikorrak, koloretako zintak eta sehaskarako kanpaitxoak dira gozatzeko objektu nagusiak. Horiez gain, ume-kotxerako plastikozko edo oihalezko bolak, edo erraz hartzeko moduko objektuak. Lurrean, mantatxo bat jarri behar zaio, eta, inguruan, mugitzen diren edo soinua ateratzen duten objektuak, mota guztietako txintxarriak, koloretako giltza-sortak, kosk egiteko gomazko eraztunak, panpinak eta ukitze leuneko hartz txikiak.

6tik 12 hilabetera

Jostailu gomendatuak: Komenigarriak dira taka-takak edo zutik egoteko edo ibiltzeko gurpildun jostailu handiak, eta ukimen- eta entzumen-estimulu ugari dituzten lurrerako mantatxoak. Hainbat tamaina eta materialetako pilotak (gomazkoak, trapuzkoak, plastikozkoak), hartu eta biraka ibilarazteko. Mota guztietako panpinak eta animaliak, soinua dutenak, uretan jolasteko objektuak, ispilu seguruak, eta ahokatzeko jostailu sinple, handi eta koloretsuak.

12tik 24 hilabetera

Jostailu gomendatuak: Haurrek mugikorrak diren panpinak, animaliak, arrastatzeko jostailuak, pilotak eta ibilgailuak (autoak, trenak, hegazkinak) gustuko dituzte, tamaina handikoak manipulatzea erraza izan dadin. Eraikuntza-jolas errazak, sukaldeko tresnak, hondar- eta ur-jolasak eta adierazpen artistikorako materialak (pintura, arkatzak, marrazkidun ipuinak) ere oso erabilgarriak eta gustukoak dira.

Jolas sinbolikoa etapa aurreoperazionalean

2tik 4 urtera

Jostailu gomendatuak: Jolas sinbolikoa sustatzeko jostailuak sukaldeak, ile-apaindegiak, garajeak, dendak eta panpinentzako ekipamenduak dira, baita arotzeriako eta iturgintzako lanabesak ere. Garrantzitsuak dira mugimendua bultzatzen dutenak (bizikletak, trizikloak, autoak, zalditxoak...) eta eraikuntza-jolasak, pieza handiekin eta puzzle errazekin. Halaber, musika-tresnak eta adierazpen artistikorako materialak (plastilina, arkatzak, mozorroak, txotxongiloak, ipuinak...) eskaintzea komeni da.

4tik 6 urtera

Jostailu gomendatuak: Adin honetan, jolas sinbolikoko jostailuek taldean jolastea sustatu behar dute, gero eta errealistagoak izanik (sukaldeak, dendak, ile-apaindegiak...). Mugimendurako eta eraikuntzarako jostailuak garrantzitsuak dira oraindik, eta adierazpen artistikoa bultzatzen duten materialak ere (mozorroak, marrazteko eta musikarako tresnak) gomendagarriak dira.

Entradas relacionadas: