Joaquín Costa eta Berrezarkuntzako Sistema Politikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,38 KB
Testu hau lehen mailako iturria dela esan daiteke, gertakariak gertatzen ari ziren unean kontatzen direlako. Testu politikoa da, Joaquín Costak Espainian bizi zen egoera politikoaren berri ematen duelako. Egilea Joaquín Costa da, idazle, politikari, legegizon, ekonomialari eta historialari espainiarra. Espainiako herritar guztiei zuzenduta dago. Testua 1901ean dago kokatuta, Berrezarkuntzaren garaian.
Barne Analisia: Oligarkia eta Kazikismoa
Egileak Espainiako Berrezarkuntza garaiko kazikismoa, oligarkia eta hauteskunde iruzurra kritikatzen ditu. Lehenengo paragrafoan, gobernuaren hiru osagai ez-demokratiko aipatzen ditu, turnismoa ahalbidetzen dutenak:
- Oligarkak: Madrilgo politikako goi-karguak dituztenak, "erdialdean bizi direnak" eta gutxiengo boteretsua direnak.
- Kazikeak: Edo "goragoko mailako jauntxoak", lurraldean sakabanatuta egongo liratekeenak, botoen truke mesede-emaile bihurtzen zirenak.
- Gobernadore zibilak: Probintzietako gobernadore zibilak, Gobernuaren eta kazikeen arteko bitartekariak.
Bigarren paragrafoan, oligarkek eta jauntxoek klase gobernaria osatzen zutela adierazten du, eta agerian uzten du herriaren subiranotasuna ez zegoela eta Espainiako gobernua turnismoan oinarrituta zegoela. Oligarka horiek ziren hauteskundeen emaitzak bideratzen zituztenak; ez ziren herrialdearen ordezkariak, "gorputz arrotzak" baizik, beti beren interesen alde begiratzen zutenak.
Hirugarren paragrafoan agertzen den bezala, botere hori hauteskundeetarako erabiltzen dute, iruzur eginez eta horrela aberastasuna eta boterea lortuz. Horrek guztiak "sistema galbidera" eramaten du.
Kanpo Analisia: Berrezarkuntzaren Testuingurua
Serranoren Gobernuaren behin-behinekotasuna baliatu zuen Cánovas del Castillok Alfontso XII.aren berrezarpena prestatzeko. Cánovasek, alderdi alfontsinoaren buruak, Sanhursteko Adierazpenean berrezarkuntza borboiaren oinarriak plazaratu zituen. Alfontso XII.ak tronua eskuratu zuen, eta horrela, Berrezarkuntzaren garaia hasi zen.
Sistema politikoa "Sistema liberal-kontserbadore ez-demokratikoa" zen, hau da, Alderdi Kontserbadoreak eta Alderdi Liberalak aginduko zuten txandakatze sistema baketsua jarraituz, beste herritarrak baztertuz. Espainiako 1876ko Konstituzioan egindako lorpen nagusia Espainian egonkortasuna lortzea izan zen; hala ere, benetako demokrazia ez zuten lortu, hauteskundeetako emaitzak manipulatzen zituztelako, batez ere kazikeei esker. Subiranotasuna partekatua zen: Erregeak eta Gorteek zuten boterea. Bestalde, konstituzio irekia eta integratzailea zen, lehen aipaturiko turnismoa abian jartzeko.
Maria Kristinaren erregealdian sinatu zuten txandakatze sistema mantentzeko eta egonkortasun politikoa lortzeko. Turnismoa Cánovasen Alderdi Kontserbadorearen eta Sagastaren Alderdi Liberalaren artean ematen zen. Txandakatzea bideratzeko, hauteskunde iruzurraz baliatzen ziren. Testuan aipatzen den bezala, "hiru kanpoko osagaiek" eramaten zuten aurrera manipulazioa: Gobernazio Ministerioak, gobernadore zibilek eta kazikeek. Oligarkak "gorputz arrotzak" baino ez ziren.
Maria Kristinaren erregeordetzaren (1885-1902) azken urteetan, krisi egoera areagotu zen Espainian: gizarte asaldura zen nagusi, arazo ekonomiko asko zeuden eta ezegonkortasun politikoa nabarmentzen zen. Gainera, nazionalismoaren sorrera gertatu zen eta Espainiako azken kolonien galera 1898an.
Ondorioak: Erregenerazionismoaren Ekarpena
Testu honen bidez, Costak agerian uzten ditu Berrezarkuntzaren sistema politikoaren hutsuneak kritika sakon baten bitartez, talde oligarkikoak "gorputz arrotzak" baino ez zirela azpimarratuz. Erregenerazionismo mugimenduaren oinarriak Espainia osoan zabaldu zituen. Oligarkiaren mendeko sistema salatu zuen, eta modernizazio politiko, sozial eta ekonomikorako proposamenak egin zituen. Mugimendu intelektuala zabaldu arren, ustelkeria politikoak jarraitu egin zuen. Hala ere, alderdi dinastikoak ahuldu ziren eta beste alderdi politiko batzuek indarra lortu zuten.