Joan Antonio Mogel eta Peru Abarca: Euskal Literaturaren Hastapenak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras lenguas extranjeras
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,93 KB
Joan Antonio Mogel eta Peru Abarca
Mogelen Obra eta Peru Abarca
Bizitzako azken urteetan kaleratu zituen Joan Antonio Mogelek bere obra guztiak, euskaraz zein gaztelaniaz. Euskarazko batzuk erlijio gaikoak dira (Confesio ona, esaterako), baina ez-erlijiosoak ere idatzi zituen: azken hauen artean eskola umeentzako alegiak, hiztegitxo bat, eta baita Mogel ospetsu bihurtu zuen lana ere: Peru Abarca (1802).
Liburu hau Peru Abarca nekazari alfabetatugabearen eta Maisu Juan kaletar eskolatuaren arteko elkarrizketa da, eta helburu didaktiko argia du. Taberna inguru batean elkar topatu, eta Peruk bere etxera gonbidatu du Maisu Juan herriko bizitza ezagut dezan.
Maisu Juan Barberua da (orduko zirujau antzeko bat), eta eskolatua eta kaletarra denez, Peru baserritarra baino gehiago dela uste du. Liburuan zehar argi geratuko da, ordea, benetako maisua Peru dela: Peruk daki euskara ongien, berak ezagutzen ditu baserrietako lan guztiak eta bera da kristaurik zintzoena. Bera da eredua. Maisu Juan, ordea, behar ez den bezalako euskaldunaren adierazgarri da; euskaldun kaskarra, baserrian ezjakina eta kristau hotza.
Liburuaren tesia, beraz, oso tradizionalista da: euskal bizimodurik eta euskararik garbiena, euskaldunik zintzoena, baserrian dago eta ez kalean. Hainbat urte beranduago, Sabino Aranak EAJ-PNV sortzean, lehen nazionalistek tesi hau defendatu eta aldarrikatu zuten.
Peru Abarca: Lehen Nobela?
Liburu baliotsua da Peru Abarca, XIX. mendeko bizitza eta ohiturak ongi deskribatzen dituelako. Baina horretaz gain, asmatutako pertsonaien arteko fikziozko istorio bat kontatzen duenez, euskarazko lehen nobelatzat hartu izan da. Gaur egun ez da horrelakorik uste. Obrak ez du narratzailerik, eta elkarrizketa hutsa da. Lazarragaren XVI. mendeko eskuizkribuaren aurkikuntzak, gainera, erabat argitu du ez dela Mogelena lehen nobela. Edonola ere, horrek ez du Mogelen garrantzia apaltzen, mendebaldeko euskara literaturara hurbiltzen lehena izan baitzen.
XIX. Mendeko Beste Euskal Idazle Batzuk
Hona hemen XIX. mende hasierako beste zenbait idazle aipagarri:
Pedro Antonio Añibarro bizkaitarra hartzen da, Joan Antonio Mogelekin batera, bizkaiera literarioaren sortzailetzat. Apaiz honek euskarazko lan kopuru handia sortu zuen: erlijio-liburuak, gramatikak, hiztegiak, itzulpenak, eta abar. Asmo didaktikoa nagusitu zen berarengan, Mogelengan bezala, nahiz eta bere hizkera Mogelena baino dotoreagoa izan. Escu-liburua izan zen Añibarroren libururik ezagunena.
Juan Bautista Agirre. Asteasun jaio eta bere herrian ibili zen apaiz bizitza osoan. Adituen ustez, Gipuzkoako idazle zaharrenetan onena izan zen. Sermoilari ona izan zen eta Gipuzkoan gehien erabilitako doktrinetako baten egile izan zen.
Joaquín Lizarraga. Agirre bezala, nafar hau ere bere herriko apaiz izan zen. 60 urte luzez aritu zen Iruñea ondoan dagoen Elkano herrixkan abade. Bizi zen artean ez zuen libururik argitaratu, baina bere herritarrei kristau doktrina azaltzeko idatzi zituen eskuizkribuek 5.000 orritik gora biltzen dute. Orduko idazle nafar aipagarri bakarra da; Iruñea inguruko euskara desagertu zen aspaldi, eta bera da lekuko bakarra.
Iparraldeko Idazleak eta Iluntasuna
XVIII. mendetik aurrera, gutxiengo bihurtu ziren Iparraldean jaiotako euskarazko idazleak. XIX. mende hasierako idazle aipagarri bakarrenetakoa Martin Duhalde apaiz lapurtarra izan zen.
Elkano. Joaquín Lizarragaren jaiotetxea
Ariketak
Izan al zuen batere eraginik Ilustrazioak XVIII. mendeko literatur giroan?
- Bai, kultura indartu nahi izatea mesedegarri izan zelako.