Jakintzaren Iturriak eta Filosofiaren Bilakaera

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,72 KB

Jakintza-iturriak

Jakiteak eskatzen duen ekintza-segida ezagutzaren bi gaitasun nagusiren bidez egiten da: zentzumenak eta arrazoimena.

Zentzumenek gauzen oinarrizko esperientzia ematen digute, ulergarriak egiten dituen testuinguru teoriko batean. Zentzumenak dira objektuetara hurbildu eta horiez jabetzeko dugun lehen tresna. Filosofo batzuek zentzumenetako bati ematen diote garrantzia, beste batzuek beste bati. Platonen iritziz (Grezia, K.a. 427-347), bista da zentzumen garrantzitsuena, eta jakituriara benetako errealitatea ikusteko gai garenean bakarrik iristen gara.

Bestalde, arrazoimenak ere hainbat jakintza mota sortzen ditu, behatzen den esperientzia motaren arabera. Batetik, berehalako esperientzia baten aurrean intuizioz jakiten dugu. Bestetik, esperientzia lantzen dugunean, dedukzioz, indukzioz edo gogoeta bidez jakiten dugu.

Jakintza mitikoa

Mitoak izan ziren gure kulturan sortu ziren errealitatearen lehenengo azalpenak. Narrazio miragarriak ziren, denbora historikotik kanpo gertatzen zirenak. Pertsonaia jainkotiarrak edo heroikoak izaten ziren narrazio horietan protagonistak. Mito guztiek elkarrekin, guztiz azaltzen dituzte bai unibertsoaren, zibilizazioaren edota gizarte-antolaketaren jatorria, baita giza jarrerak ere.

Pentsamolde bat ere badira mitoak: natura-indarrak, pertsonak eta jainkoak dira. Mitoak, beraz, kontakizunak dira, errealitatea azaltzeko xedea dutenak.

Literatura-jakintza

“Literatura” hitza latinezko littera hitzetik dator, 'letra' esan nahi duena; beraz, etimologikoki hitz idatziari egiten dio erreferentzia literatura hitzak.

Literatura hitzaren hainbat definizio eman dira bai historian zehar, bai gaur egun. Maria Moliner hizkuntzalariak (Espainia, 1900-1981) emandakoak dirudi guztietan zabalena:

“Hitza ahozkoa nahiz idatzia, adierazpide duen artea da literatura”.

Aristotelesen oinarrituta, literatura-lanaren ezaugarriak:

  • Errealitatearen imitazio bat da (mimesia);
  • ez du gertatzen dena kontatzen, gerta daitekeena baizik (egiantza);
  • eta, azkenik, egilea eta hartzailea garbitu behar ditu, emozio ezkor eta mingarriez libratuz (katarsi).

Literatura, beraz, hizkuntza idatziaren bidez alegiazko egoerak edo errealitatearen arloren bat sortzen edo birsortzen duen artea da.

Filosofiaren begirada

Esan dugu filosofia K.a. VI. mendean sortu zela, guk ezagutzen dugun eran: Grezian, Mileton hain zuzen ere. Filosofiak errealitate osoa azaltzeko mitoak zuen xedeari eutsi zion, baina pixkanaka fantasiara eta aparteko botereak dituzten pertsonaietara jotzeari utzi zion.

Pentsamendu filosofikoaren erroa miresmena da, bai natura-fenomenoen erregulartasunarekiko, bai eta unibertso osoko ordenarekiko ere; mitoek ez zuten erregulartasun eta orden hori azaltzerik lortu. Miresmena, baita ere, munduko izaki-aniztasunaren natura komunagatik: definitua eta azaldua izan behar duen natura komuna.

Miresmenarekin batera doa zalantza; zalantzatik sortu zen historian zehar jakintza filosofikoaren ezaugarri izango zena: galderak egitea, baieztapen ororen oinarri diren hipotesiak agerian utzi arte.

Filosofia hitzak 'jakintzari maitasuna' esan nahi du, eta Sokratesen inguruan sortu zen.

Filosofiaren garaiak

Filosofiaren historian aldi hauek bereizten dira:

  • Garai ontologikoa: filosofia sortu zenez geroztik kristautasuna mendebaldera iritsi zen arte iraun zuen. Filosofoen kezka nagusia naturaren eta izakiaren egia zela, haien osotasunean.
  • Garai ontoteologikoa: Kristautasuna iritsi zenetik XV. mendera arte iraun zuen. Garai horretan filosofia nagusiki arduratzen zen bai Jainkoaz eta bai Jainkoak munduarekin duen harremanaz ere.
  • Kontzientziaren filosofia: Errenazimentutik XIX. mendera arte iraun zuen. Garai horretan gogoeta filosofikoaren interesgune nagusia gizakiaren errealitateaz jabetzea izan zen, bai munduaz eta bai haren ezagutzaz.
  • Bira linguistikoa: XX. mendetik gaur egun arte iraun duen garaia da. Gogoeta filosofikoaren zati handiena hizkuntzan ardazten da, jakintzaren alor guztiak antolatzen dituen elementu gisa.
  • Bira praktikoa: Garai hau ere XX. mendetik gaur egun artekoa da. Etika pertsonalean, gizarte- eta politika-bizitzako etikan ardazten dira gogoeta filosofikoak.

Errealitatearen ezagutza filosofiaren kezka izan da sortu zenez geroztik, eta iraunkorra izan da. Gure burua ezagutzearen garrantzia lehentasunezkoa da Sokratesetik egundaino. Jainkotasuna filosofiaren objektua da, hura Grezian sortu zenetik. Hizkuntzaz, besteak beste, Platon, Sofistak eta Aristoteles arduratu ziren.

Entradas relacionadas: