Jakinduriaren Bidezko Zoriontasuna: Ikuspegi Filosofikoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,02 KB
Zoriontasuna eta Jakinduria Filosofian
San Agustin: Jainkoa ezagutzea, zoriontasunaren giltza
San Agustinek zoriontasunaren eta jakinduriaren arteko lotura estua aldarrikatu zuen. Izan ere, haren filosofiaren arabera, gizakia zoriontsu izateko egia ezagutu behar du, eta Jainkoa egia absolutua denez, Jainkoa ezagutuz soilik helduko da arimaren lasaitasunera. Horregatik, zoriontasunaren lorpena egiaren ezagutzan, hots, jakindurian, sustraitzen da.
Sokrates eta Platon: Egiaren ezagutza eta barne-bakea
Tesi horren aldeko beste filosofo batzuk ere baditugu, Sokrates kasu. Berak aldarrikatutako intelektualismo moralean oinarrituta, inguratzen gaituen egiazko errealitate objektibo eta iraunkorrari eutsi behar diogu. Hain zuzen, gizakiak jaiotzetik barnean daraman jakinduria kanporatzean soilik lortuko du zoriontsu izatea, ongiaren eta justiziaren ezagutzak baitira pertsona ondo jokatzera bultzatuko dutenak, eta horrela barne-bakea erdietsiko du.
Bere ikasle Platonek zoriontasuna ideien mundua ezagutzean kokatzen du; arimak jakinduria gorena lortzean, gizabanakoaren harmonia erdietsiko baita. Adibidez, istripu baten aurrean, pertsona batek gelditu eta zer gertatu den egiaztatzea erabaki dezake, ezer gertatu ez balitz bezala jokatu beharrean.
Eszeptikoak: Egiaren ukapena eta arimaren lasaitasuna
Beste alde batetik, jakinduriaren eta zoriontasunaren arteko lotura ukatzen duten filosofoak daude, eszeptikoak kasu. Hauek egiari buruzko zalantza zabaldu zuten eta egia lortzeko nahiari uko egin zioten, haien ustez ez baitago egia ziurrik. Gainera, gizakion ezagutza-gaitasuna mugatua dela aldarrikatu zuten; beraz, egia absoluturik balego ere, ezingo genuke ezagutu.
Erantzunik gabeko galdera asko dagoenez eta errealitatea zehaztugabea denez, hobe da norberaren uste partikularrei garrantzi gehiegi ez ematea. Hori kontuan hartuta, eszeptizismoaren arabera, iritzia etenez (epoché) eta egiarekiko axolagabe jokatuz soilik lortuko da arimaren lasaitasuna (ataraxia) eta kezkarik eza (apatheia). Zoriontasuna, beraz, abstentzioarekin (iritzia etetearekin) lotzen dute. Aztoragaitasuna (ataraxia) ez da inoiz egiazko printzipioen bilaketaren ondorio izango, baizik eta bakoitza bere mundu propioan bizitzearena, non zoriontasuna bideragarria iruditzen zaion. Adibidez, drogazaleek drogak hartzen dituzte benetako errealitatetik ihes egiteko eta buruhausterik izango ez duten mundu batean murgiltzeko.
Ezjakintasuna vs. Errealitatea: Benetako Zoriontasuna
Askotan pentsa dezakegu gizakiok ezjakintasunean zoriontsuagoak garela, gure inguruan gertatzen denaz jabetu gabe, ez baitugu gaitzetan pentsatuko. Jakina, sufrimenduez jabetzen ez garenean ez dugu zoritxarrik sentituko, baina hori sasi-zoriontasuna litzateke. Hobe da inguratzen gaituen benetako errealitatea ezagutzea, nahiz eta horrek zoriontasuna lortzea zaildu, norberak mundu faltsu batean bizitzea baino, zoriontsua dela pentsatuz benetan hala ez denean.