Izakinen Kudeaketa: Wilson, JIT eta Hornidura Funtzioa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Economía

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,26 KB

Wilsonen eredua: Azalpena eta aplikazioa

Wilsonen eredua biltegiko izakinen kudeaketa optimoa egiteko erabiltzen da. Eredu hau enpresaren biltegian aplikatu ahal izateko, ondorengo baldintzak bete behar dira:

  • Enpresak produktuen hornidura sortaka egiten badu, kantitatea konstantea bada eta kantitatea zehaztu behar bada.
  • Produktuaren eskaria konstantea eta jakina bada kudeaketa-aldi bakoitzean.
  • Produktuaren prezioa eta hornidura-epea konstanteak eta jakinak badira.

Eredu hau erabiliz, biltegiko kostuak minimoak egingo dituen eskabidean eskatuko den kantitate optimoa (Q*) kalkulatzen da.

Izakinen mugimenduen progresioa azaltzeko, ondorengo grafikoa erabiltzen da (ardatz batean denbora eta beste ardatzean izakin-mailaren aldaketak erakusten dira):

Grafikoan ikusten den moduan, Q* biltegira sartzen den unean biltegia erabat beteta egongo da edo gehienezko stocka edukiko dugu. Egunak pasa ahala, biltegian dauden unitateak gastatzen joango dira eskaera puntura (biltegian eduki beharreko unitateak eskaera egiteko) iritsi arte.

Kopuru hori zehazteko, enpresak kontuan izan beharko ditu hornitzaileen emate-epea eta biltegian eduki behar den segurtasun-stocka (stock-haustura ez gertatzeko biltegian eduki beharreko kantitatea).

Eskaera egiten den unetik eta emate-epea pasatzen den bitartean, biltegiko izakinen maila jaisten joango da segurtasun-stockaren mailara iritsi arte. Orduan, eredu honen arabera, egindako eskaera biltegira iritsiko da, eta berriro ere biltegia beteta egongo da, prozesuari hasiera emanez.

Zer da hornidura-zikloa?

Hornidura-zikloa hornidura-funtzioak ordena kronologikoa duten jarduera-multzo batek osatutako denbora-aldi bat da. Prozesu hori erosketa egiten denetik bezeroari saldutako produktuak entregatu artekoa da.

Zer esan nahi du izakinak kudeatzeak?

Izakinak kudeatzeak esan nahi du zehaztu egin behar dela zenbat izakin eduki behar den eta zein erritmo izan behar duten, enpresaren ekoizpen- eta merkaturatze-beharrei erantzuteko.

Zertaz arduratzen da hornidura-funtzioa?

Hornidura-funtzioa enpresaren jarduerarako behar diren materialak erostea eta kudeatzea da, ekoizpen-prozesua edo merkaturatze-prozesua hasi bitartean.

Zein da hornidura-funtzioaren helburu nagusia?

Hornidura-funtzioaren helburu nagusia da ekoizpen-sailari ekoizpenerako behar dituen materialak hornitzea eta merkaturatze-sailari merkaturatu behar dituen produktuak hornitzea, eta, prozesu horretan guztian sortzen diren izakinak antolatzea.

Just in Time (JIT) eredua: Inbentarioaren kudeaketa

JIT sistema ekoizpena eta hornidura kudeatzeko sistema integratua da. Japonian garatu zen eta gaur egun munduko industria-enpresa nagusietan erabiltzen da.

JIT sistemaren oinarria da enpresak ez duela produkturik ekoizten behar denera arte; hau da, ez da ekoitziko harik eta bezeroen eskabide irmoa edo ekoizpen-agindua egon arte.

Sistema horren oinarrizko helburua inbentarioan dauden izakinak murriztea da. Beste helburu batzuk ere baditu, eta ondorengoak dira:

  • Ahalik eta baliabide gutxien erabiltzea inbentariorako.
  • Ekoizpen-epeak eta bezeroei emateko epeak murriztea.
  • Kalitateko sistema integratua edukitzea.

Entradas relacionadas: