Izaki Bizidunen Nutrizioa eta Erlazio Funtzioak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,14 KB

Nutrizioa: Definizioa eta Motak

Izaki bizidunek ingurutik materia hartu eta inguruarekin materia trukatzeko darabiltzaten prozesuei esaten zaie nutrizioa. Bi nutrizio mota daude: autotrofoa eta heterotrofoa.

Nutrizio Autotrofoa

Nutrizio autotrofoa elikagaiak substantzia ez-organikoen bitartez sortzea da. Eraldatze horretarako, energia behar da. Landareek, algek eta bakterio fotosintetikoek eguzki-argitik lortzen dute energia hori.

Nutrizio Heterotrofoa

Nutrizio heterotrofoa beste izaki batzuek sortutako elikagaiak elikatzeko iturritzat erabiltzea da. Elikagaiok lortzeko, izaki heterotrofoak (animaliek, onddoek eta mikro-organismo askok) beste organismo batzuekin edo organismo horien hondakinekin elikatzen dira.

Nutrizio-prozesuaren Urratsak

  • Elikagaiak edo elikagaiak sortzeko substantziak hartzea.
  • Kanpoaldearekin gasak trukatzea.
  • Hartutako edo sortutako substantziak erabiltzea.
  • Elikagaiak eta hondakin-substantziak garraiatzea.
  • Organismoaren jardueraren eraginez sortzen diren hondakin-substantziak desegitea edo iraiztea.

Landareen Nutrizioa

Landare kormofitoek sustraia dute (lurzoruarekin lotzen du), zurtoina (adarrei, hostoei eta fruituei eusten die) eta hostoak (fotosintesia eta gas-trukea hostoetan egiten dira). Ehun espezializatu batzuei esker, landareok gai dira lurrean nutrizio-prozesuak egoki gauzatzeko.

Landareen Ehun Espezializatuak

  • Lurrera egokitzeko ehunak.
  • Substantziak trukatzeko ehunak.
  • Fotosintesia egiteko ehunak.
  • Substantziak garraiatzeko ehunak (eroaleak).
  • Hazteko ehunak.

Landareen Nutrizio Prozesuak

  1. Substantzia mineralak eta ura xurgatzea.
  2. Izerdi gordinaren garraioa.
  3. Fotosintesia.
  4. Izerdi landuaren banaketa.
  5. Arnasketa.
  6. Transpirazioa.

Animalien Nutrizioa (I): Digestio-Aparatuaren Ezaugarriak

Elikagaiak hartzeko organo espezializatuak:

  • Zulatzeko organoak.
  • Iragazteko organoak.
  • Xurgatzeko organoak.
  • Zatitzeko organoak.

Aldaketak Eredu Orokorrean: Ahoa

Hegaztiek eta dortokek moko korneoa dute janariak hartzeko; baleek bizarrak dituzte, eta gainerako ornodunek, hortz-haginak; arrainek ez dute listu-guruinik.

Urdaila: Hegaztiak eta Hausnarkariak

Hegaztien eta ugaztun hausnarkarien kasuan, zenbait barrunbetan dago banatuta.

Hegaztien Urdaila

Hegaztien urdailak bi barrunbe izaten ditu: prebentrikulua eta errota edo arandoia. Probentrikuluak digestioan hartzen du parte, eta errota gihartsuak, plaka gogor bi dituelarik, jana xehatzen du. Horrez gainera, esofagoan, zaku itxurako dilatazioa dute, paparo izenekoa. Paparoak jatekoak biltzeko zeregina du.

Hausnarkarien Urdaila

Zaku handia
Jana biltzen da, eta digestioaren zati bat egiten da.
Zaku txikia
Berriro ahoan gora etorri eta mastekatutako jana hartzen da.
Omasoa
Elikagai batzuk xurgatzen dira.
Abomaso edo gatzagia
Digestioa osatzen da.

Hestea

Animalia belarjaleek oso heste luzea dute, heste itsu handia, jateko begetalak digeritzeko. Haragijaleek, berriz, heste txikiagoa dute, eta batzuetan ez dute itsurik izaten. Ugaztun guztien hestea uzkian bukatzen da; gainerako ornodunena kloakan bukatzen da, eta hodi genitalak (ugaltze-aparatua) eta ureterrak (iraitz-aparatua) ere bertan lotzen dira.

Digestio-Aparatu Batzuen Bereizgarriak

Hegaztiak:

  • Esofagoa
  • Hestea
  • Paparoa
  • Probentrikulua
  • Errota

Ugaztun Belarjaleen Digestio-Aparatua:

  • Zaku handia
  • Omasoa
  • Zaku txikia
  • Abomasoa
  • Hestea

Animalien Nutrizioa (II): Arnas Aparatuak

Azaleko arnasketa
Lurreko anelidoek eta anfibio askok darabilte. Azala oso mehea eta hezea dute beti, eta hortik hartzen dute arnasa.
Zakatzen bidezko arnasketa
Uretako animaliek darabilte. Zakatzak lamina meheak dira, odol-baso ugarikoak, eta urarekin kontaktuan daude.
Trakea bidezko arnasketa
Intsektuek darabilte. Trakeak oso hodi finak dira; gorputz guztian zehar zabaltzen dira zelula guztietara heltzeko. Hori dela eta, arnas aparatuak ez du parte hartzen gasen garraioan.
Birika bidezko arnasketa
Lurreko ornodunek darabilte. Gorputzean zabalduta dauden zaku formako barrunbeak dira. Ugaztunetan birikek milioika albeolo dituzte. Hegaztien birikek, berriz, aire-zakuak dituzte.

Iraitz-Organoak eta Iraitz-Aparatuak

Ornogabeen Iraitz-Organoak

Iraitz-hodiak
Gernua poro batzuetatik isurtzen duten hodiak dira. Forma eta kokapena ez da berbera ornogabeen talde guztietan.
Nefridioak
Inbutu formako hodiak dira. Anelidoetan ageri dira, eta eraztunetan daude.
Antena-guruinak
Egitura konplexuko bi hodi dira. Krustazeoetan ageri dira, haien poroak antenen oinarrian irekitzen baitira.

Ornodunen Iraitz-Aparatua

Giltzurrun batek edo bik osatuta dago, eta horietan sortzen da gernua. Gero, hodi batzuetan zehar kanporatzen da gernu hori. Ugaztunetan, gernua ureterren bidez irteten da giltzurrunetik. Ureter horietako bakoitza gernu-maskurian amaitzen da, bertan biltzen baita gernua, eta uretran zehar kanporatzen da.

Animalien Nutrizioa (III): Zirkulazio-Aparatuak

  • Zirkulazio-aparatu irekiak.
  • Zirkulazio-aparatu itxiak.

Ornodunen Zirkulazioa

Aparatuak bakunak edo bikoitzak izan daitezke, zenbat zirkulazio-zirkuitu dauden arabera.

Zirkulazio bakuna
Odol-zirkuitu bakarra du. Bihotza bi ganberatan dago banatuta (aurikula eta bentrikulua); arrainek ohi dute.
Zirkulazio bikoitza
Bihotza hiru-lau ganberatan dago banatuta, eta, horretarako, bi zirkuitu eratzen dira: zirkuitu orokorra eta biriketako zirkulazioa.

Zirkuitu Bikoitzaren Osagaiak

Zirkuitu orokorra
Oxigenoz hornitutako odola zabaltzen du bihotzetik organo guztietara. Organo horietan, oxigenoa galdu eta CO2 hartzen du, eta gero, berriz ere bihotzera doa.
Biriketako zirkuitua
Oxigenoz urri dagoen odola eramaten du biriketara. Han, oxigenoz hornitu eta bihotzera bidaltzen du bueltan.

Zirkuitu bikoitz batzuetan, oxigenodun odola ez da nahasten oxigenoz urri dagoenarekin (zirkulazio osoa); beste zirkuitu batzuetan, berriz, odol biak nahasi egiten dira (zirkulazio ez-osoa).

Erlazio Funtzioa

Erlazio-funtzioen bidez, izaki bizidunek kanpoko zein barruko informazioa jasotzen dute eta ahalik eta hoberen erantzuten diote informazio horri, bizirik irauteko.

Landareen Erlazioa

  • Landareak eta fotoperiodizitatea.
  • Tropismoak eta nastiak.

Animalien Erlazioa (I): Hartzaile Motak

Animaliek informazioa jasotzeko dituzten hartzaileak:

  • Kanpoko hartzaileak eta Barruko hartzaileak.

Hartzaile espezializatuak:

  • Argi-hartzaileak (Fotohartzaileak)
  • Kimiorrezeptoreak
  • Mekanorrezeptoreak
  • Termorrezeptoreak
  • Elektrorrezeptoreak

Koordinazioa eta Efektoreak: Hormona-Sistema

Hormona-sistemak erantzunak kontrolatu eta erregulatu egiten ditu, guruin endokrinoetan sortzen diren hormonen bitartez. Guruin endokrinoak gorputz osoan sakabanatuta dauden organoak dira. Guruinok hormonak jariatzen dituzte gorputz barrura eta zirkulazio-aparatura, eta, horien bitartez, organo efektoreetara zabaltzen dira. Efektoreei astiro baina luzaro eragiten diete. Ornogabeetan, hormona-sistema ez dago oso garatua, eta guruin endokrinoak urriak dira. Intsektuetan, hormona-sistemak eragina du hazkundean, mudan eta metamorfosian. Ornodunetan, hormona-sistema oso garatuta dago, eta hainbat funtzio kontrolatzen ditu; esaterako, hazkundea, sexu-ezaugarrien eta ugaltze-aparatuaren garapena, metamorfosia (anfibioetan), iraizpenaren kontrola, eta abar.

Efektoreak eta Erantzun Motak

Erantzun bat emateko, animalien zelula guztiek modu koordinatuan erantzun behar dute. Zelula batzuk erantzunak lantzen espezializatuta daude (efektoreak), eta erantzunak bi motatakoak izan daitezke: substantziak jariatzea eta mugimendua (animalien ezaugarria da).

Substantziak Jariatzea

Kasu honetan, efektoreak guruin-zelulak dira. Guruinak osatzen dituzte, eta hainbat motatako substantziak jariatzen dituzte; adibidez: hormonak, adurra, izerdia, esnea, substantzia pozoitsuak, eta abar.

Mugimendua

Kasu honetan, efektoreak muskulu-zelulak dira. Muskuluak osatzen dituzte, eta, uzkurtzean, muskulu horiek mugimendua sortzen dute. Ornogabe batzuetan, gorputzeko hormako muskuluak uzkurtzean sortzen dira narrastien mugimenduak lurrean (zizarea, barea, barraskiloa, eta abar) eta desplazamenduak uretan (medusak, itsas zizareak, eta abar). Molusku bibalbio guztiek (muskuiluak, almejak, eta abar) muskulu gogorrak dituzte bi kuskulak isteko, harrapakinen bat azalduz gero. Artropodoek muskulu sendoak dituzte, hanka artikulatuen exoeskeletoa eta hegoak euskarri dituztelarik. Izan ere, hegoak uzkurtzean, oinez ibili, jauzi egin edo hegan egin dezakete. Ornodunetan, muskuluak eta hezurrak tendoien bidez lotzen dira. Hezurrak pieza zurrunak dira, eta, modu pasiboan, muskuluek mugitzen dituzte. Uzkurtzean, muskuluek tira egiten diote euskarriari, eta mugimendua sortzen da orduan (korrika egin, jauzi egin, igeri egin, hegan egin edo narras ibili).

Entradas relacionadas: