Itsas Korronteak: Ozeanoen Dinamika eta Klima Globala

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,47 KB

Itsas Korronteak: Ozeanoen Dinamika

Itsas korronteak ur-mugimendu etengabeak dira, nagusiki horizontalean gertatzen direnak. Haien eragile nagusiak uraren dentsitate-aldeak, haizeak eta Coriolis efektua dira. Bi eratakoak izan daitezke: azalekoak eta sakonekoak.

Azaleko Itsas Korronteak

Ur azalean, uraren mugimendua haize nagusiek markatzen dute. Alisioek ekialdetik mendebaldera jotzen dute, eta latitude ertaineko mendebaldeko haizeek, berriz, mendebaldetik ekialdera. Hala ere, kontinenteen oztopoak eta Lurraren biraketaren ondoriozko Coriolis efektuak ur-zurrunbiloak eragiten dituzte.

  • Ipar hemisferioan, erlojuaren orratzen noranzkoan biratzen dute; Hego hemisferioan, kontrako noranzkoan.
  • Latitude baxuko alisioek mendebalderantz abiatzen diren korronte ekuatorialak eragiten dituzte, hodeiak eta prezipitazioak mendebalderantz eramanez. Ondorioz, hodeiak utzitako aldeetan idortasuna sortzen da.
  • Korronte horiek mendebaldeko kostaldera heltzen direnean, desbideratu egiten dira, eta latitude ertaineko mendebaldeko haizeek bultzatuta, ekialderantz abiatzen dira, mendebaldeko jitoa sortuz.
  • Ekialdeko kostaldera heltzen direnean, berriz, banatu egiten dira: poloetara batetik, klima leunduz, eta ekuatore aldera bestetik, inguruak freskatuz.

Adibide nabarmenak:

  • Ipar Atlantikoko Gulf Stream: Korronte honek ur bero masa handia darama Mexikoko Golkotik Ipar Atlantikorantz. Korronte bero horri esker, Europako klima epelagoa da.
  • Ipar polotik datozen korronte hotzak: Ozeano Atlantikoan eta Ozeano Barean, mendebaldetik etortzen dira, kostaldeari itsatsita.
  • Korronte Zirkunpolar Antartikoa: Antartikoa inguratzen duen korrontea da, erlojuaren orratzen noranzkoan mugitzen dena.

Sakoneko Korronteak

Sakoneko korronteak dentsitate-aldeek eragindakoak dira. Ura zenbat eta hotzagoa edo eta gaziagoa izan, orduan eta dentsoagoa izango da. Ondorioz, beherantz joango da eta korronteak sortuko ditu. Korronte horiei korronte termohalinoak deritze.

  • Ozeanoetako ur sakon gehiena latitude altuko itsasoetan eratzen da. Uraren dentsitatea handitzen da, alde batetik, tenperatura hotzen ondorioz, eta bestetik, izoztean ur likidoaren gazitasuna handitzen delako.
  • Ur gezen ekarpenek oztopatu egiten dituzte beheranzko mugimendu horiek.
  • Latitude altuetan, azaleko ura hotzagoa denez, dentsoagoa da, eta hondoratzean ozeano guztietan barrena zabalduko da.
  • Sakoneko korronteak azalekoak baino geldiagoak dira. Hondoratutako urak ehunka urte igaro ditzake sakonetik berriro azaleratu arte.
  • Ur hori azaleratzen denean, hondoan urteetan pilatutako nutriente ugari ateratzen dira azalera, horrela produktibitate handiko arrantzaguneak sortuz. Prozesu horri azaleratze deritzo.

Ozeanoen Dinamika Orokorra: Zinta Garraiatzailea

Planetako ia ozeano guztiak zeharkatzen dituen ibai moduko bat da ozeanoen zinta garraiatzailea. Zati batek sakoneko korronteen jokabidea du, dentsitateak baldintzatuta, eta besteak haizeen mendeko azaleko korronteen jokabidea du.

Ozeanoko zinta garraiatzaileak Atlantikoaren eta Ozeano Barearen arteko gazitasun- eta tenperatura-desorekak konpentsatzen ditu. Korronte horrek zerikusi handia du atmosferaren CO2 edukiarekin: ur hotza hondoratzen denean, gas hori beherantz eramaten du, eta gero, azaleratze-eremuetan askatzen da.

Entradas relacionadas: