Italiako Errenazimentua: Kultura eta Artea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,79 KB
Errenazimentuaren Sarrera
Errenazimentua, Aro Modernoaren hasiera, Italian XV. eta XVI. mendeetan sortu zen mugimendu artistiko eta kulturala izan zen.
Garai honetan, Italiako burgesiak aristokrazia feudalaren eragina baztertu eta azkar garatu zen, eta ordura arte ezaguna ez zen dinamismoa zabaldu zen Italiako hirietan. Haietan, Florentzia izan zen, zalantzarik gabe, protagonista nagusia.
Garapenaren Arrazoiak
Italiako garapenaren arrazoi nagusienetakoen artean, honako hauek aipa daitezke:
- Europako lehen banku-erakundea sortu zuen burgesia italiarrak.
- Gremioen ekoizpenaren gehiegizko kontrol-neurrien aurka eta lehia askearen alde egin zuten.
- Lurralde txikien bizkortasuna.
Sustrai Ideologikoa: Humanismoa
Mugimendu kultural honen sustrai ideologikoan Humanismoa dugu, Grezia eta Erromako mundu klasikoaren kulturara itzultzeko fenomenoa (kontuan izan behar da Italian inoiz ez zela galdu tradizio klasikoa, eta han eta hemen antzinate klasikoko eraikuntzak kontserbatzen zirela). Antzinate klasikoan inspiratutako ereduen bidez, eta kristautasunaren erro sakonak baztertu gabe, erlijioaren menpe zegoen mundu aldaezinaren ideiaren ordez (Erdi Aroko teozentrismoa), gizakia ardatzatzat hartu eta etengabeko aldaketan zegoen munduaren ideia defendatu zuten humanistek eta neoplatonikoek (antropozentrismo berria). Artea, literatura eta filosofia klasikoen tradizioa fede kristauarekin uztartzen ahalegindu ziren humanista neoplatoniko horiek. Akademietan sortu zituzten debate ideologikoetan, Antzinate klasikoa eta Kristautasuna elkartzeko teoriak planteatu zituzten, eredu paganoak onargarri bihurtzeko. Arte figuratiboetan, batez ere, eredu klasikoei oinarri kristauak aurkitzeko teoriak landu zituzten. Modu honetan, arte figuratiboetan, biluzia gai garrantzitsu izango da berriro (Venus irudietan), kasu honetan arimaren garbitasunaren sinbolo bilakatuta.
Mezenasgoa eta Artistaren Rola
Mezenasak
Pentsamendu neoplatoniko honetan, humanistekin batera, mezenasek eta artistek parte zuzena izan zuten. Quattrocentoko artearen babesleak mezenasak izan ziren. Goi burgesiatik sorturiko elite hark jakintzaren eta artearen gorteak bildu zituen bere jauregietara, artistak eta kultura-gizonak bildu zituen, berentzat lan egin zezaten, bere babespean mantenduz. Italiako giro honetan, Medici familia, Florentzian, mezenasaren eredu ezagunena dugu.
Artistaren Izaera Berria
Garaiko artistei dagokienez, helburu berria izan zuten: beren balio eta izaera artistikoa, sormen-jenioa, aldarrikatzea, ohiko artisauen izaeraren ordez. Poeten, filosofoen edo matematikoen pareko balio soziala nahi zuten artistek, gremioko kideengandik urrun. Prestakuntza intelektuala bilatu zuten, beraz, artistek. Sakon ikasi zituzten matematika, geometria, perspektiba, latina eta filosofia klasikoak, humanistekin harremanetan jarriz.
Edertasunaren Kontzeptua
Kultura molde berri honetan, edertasuna izango da berriro artearen funtsa: artelanaren gaien arteko harreman koherente eta logikoa, harremanen harmonia (zenbaki baten bidez adierazten zena), erritmo edo matematika-irizpide batean oinarrituriko konposizioa (egonkortasun eta osagaien arteko batasun-sentipena sorrarazten zuena irudi geometriko baten barruan sartuz, hala nola triangelu bat edo esfera bat), koherentzia espaziala eta kontraesanik eza. Aurrez aurreko perspektiba konikoa edo lineala erabili zuten, eta matematikan oinarrituriko soluzioak.
Quattrocentoko Arkitekturaren Ezaugarriak
Eraikuntza-tradizio klasikoetan inspiratu zen Quattrocentoko arkitektura, eraikin erromatarrak aztertuz, baina imitatu beharrean, lengoaia arkitektoniko berriaren teoria definituz. Florentzian hasi eta garatu zen XV. mendean, Medici familiak sustaturik.
- Arkitekturako elementu klasikoak erabili zituzten, harmonia bilatu nahian. Beste ezer baino lehen, eraikinak kalkulu matematikoaren ondorio izan behar du.
- Materiala: harri landua eta batzuetan marmolez estalia.
- Oinplanoak: oinplano zentralekora jotzen dute.
- Murrua: gotikoan galdu zuen garrantzia berreskuratzen da. Aparailua zaindu egiten da eta sarritan kuxindurak agertzen dira.
- Euskarriak: ordena klasikoetako koloma edo zutabeak (doriarra, joniarra, korintoarra, toskanarra edo konposatua).
- Estalkiak: arkitrabatuak edo gangatuak.
- Fatxadak: garapen horizontala dute, kuxinduraz dekoratzen dira.
- Dekorazio-elementuak: antzinate klasikoan inspiratzen dira: gruteskoak (munstro-irudi dekoratiboak), girlandak eta kupido txikiak, kasetoiak, frontoiak, pilastrak...