Islamaren Oinarriak: 5 Zutabeak, Korana eta Ohiturak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Religión
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,58 KB
Alaren Errebelazioak Mahomari: Gai Nagusiak
Mahoma Gabriel arkanjeluaren errebelazioak jasotzen hasi zen Jainko bakarraren existentziari buruz: Ala. Errebelazioen puntu zentrala "munduaren bukaeraren" eta "azken epaiaren" ideiak dira, non gizaki guztiek (biziek zein hildakoek) Alaren aurrean erantzun beharko duten (onak sarituak eta gaiztoak zigortuak izango dira). Monoteismoa jarri zuen lehen mailan.
Giza mailan, honako hauek exijitu zituen: bizitza etikoa, otoitzaren praktika, limosna, umezurtz eta txiroen zaintza, eta gizakien berdintasuna Alaren aurrean.
Zer da Hegira?
Mahomaren erbestea da: Mekatik Medinara ihes egin behar izan zuen, garaiko hirikideek bere aurka jarri zirelako (622. urtean). Data honek egutegi islamikoaren hasiera markatzen du.
Zergatik da Medina Islamarentzat Hiri Garrantzitsua?
Medinan, jarraitzaileen lehen komunitatea antolatu zuen, eta apurka-apurka ugaritzen hasi ziren.
Islamaren Bi Adar Nagusiak
Islamak adar batzuk ditu, baina batez ere bi talde nagusi daude: suniak eta xiitak.
Islamaren Bost Zutabeak
1. Xahada (Lekukotasuna)
Fede aitorpena: “Ez dago Ala beste jainkorik eta Mahoma da haren profeta”.
2. Otoitz Musulmana (Salat)
- Beharrezko otoitza: Egunean bost aldiz otoitz egitea, Mekarantz begira.
- Komunitate otoitza: Otoitza edonon egin daiteke, bakarrik edo elkarrekin, baina taldean egindako otoitzak balio handiagoa du bakarkakoak baino. Ostiralean, musulmanen jaieguna den egunean, beharrezkoa da meskitara goizez joatea, otoitza taldean egitera eta imanaren sermoia entzutera; gainontzeko egunetan gomendagarria baino ez da.
3. Limosna (Zakat)
Koranaren arabera, oinarrizko betebeharra da norbere ondasunak txiro eta behartsuekin partekatzea, haiek ere Jainkoaren seme-alabak eta komunitatearen partaide baitira.
Baina, beti ere ematen duenaren eta hartzen duenaren barne-jarrera kontuan hartuta, askoz ere garrantzitsuagoa baita limosnaren kalitatea kantitatea baino. Maitasunez eta diskrezioz eman behar da, hartzen duena harrokeriaz umiliatu gabe; eta hartzaileak behar den moduan erabili behar du limosna, komunitatea zerbitzatu ahal duen neurrian.
4. Ramadana (Baraua)
Ramadan hilean, urte islamikoaren bederatzigarrenean, musulmanak ezin du ez jan, ez edan, ez erre, ez lurrindu, ez eta harreman sexualik izan, egunsentitik ilunabarrera arte. Gauez ez dago horrelako debekurik. Baraua bukatzeko egiten den afaria anaitasunaren zeinua da. Bizi-erritmoa aldatu egiten da hil honetan, eta denbora gehiago ematen zaie hausnarketari, giza harremanei, elkartasunari eta ospakizunei.
5. Mekarako Erromesaldia (Hajj)
- Hajj: Mekara bizitzan behin joan behar da, bizimodua eta osasuna kontuan hartuta.
- Umra (Bisita): Edozein urtarotan egin daiteke.
- Sinbolismoa: Mundu osoko musulmanak batzen ditu eta jatorrira itzultzea sinbolizatzen du. Erromesaldia purifikatzeko eta bekatutik garbi geratzeko egiten da, jaiotzean bezala.
Ohitura eta Praktika Musulmanak
Familiaren Garrantzia Islamean
Familia oso garrantzitsua da musulmanentzat, gizartearen oinarria baita. 3 belaunaldi edo gehiagok osatzen dute familia musulmana. Zaharrak errespetu handiz zaintzen dira. Koraneko aleia askotan, Jainkoaren atseginari lotuta dago gurasoen nahia betetzeko agindua.
Jihad: Bi Interpretazioak
Nahiz eta batzuek hitz hau gerra santuarekin parekatu, gaur egun musulman askok diote Jihad dela fededunek egin behar duten ahalegina, erlijioa benetakotasunez bizitzeko.
Musulmanen Jai Nagusiak
- Barauaren Bukaerako Jaia (Eid al-Fitr): Ramadaneko barauaren bukaera ospatzen da, atseden egun batzuekin eta elkarri opariak eginez.
- Sakrifizioaren Jaia (Eid al-Adha): Mekarako erromesaldiaren klimaxa dira sakrifizio jaiaren lau egunak.
Halal eta Haram Kontzeptuak
- Halal: Erlijio musulmanak onartzen dituen praktiken bildumari egiten dio erreferentzia.
- Haram: Kontrako terminoa da, debekatutako praktikak adierazten dituena:
- Txerrikia
- Odola
- Alkohola
- Haratustela (animalia hilak)
Korana eta Sunna
Korana: Liburu Sakratua
Korana Islamaren liburu sakratua da, haren sinesmena eta legea jasotzen dituena. Bertan dugu Alak bere mezulari Mahomari errebelatutako hitza, hark jaso ahala ingurukoei esaten ziena (“arabiera garbian”, Koranak berak dioen bezala), salbazio-mezu gisa.
Mahoma hil ondoren, testu koranikoak eskuizkribuetan biltzeari ekin zioten musulmanek, eta hainbat ika-mika sortu ziren. Azkenean, erredakzio ofiziala burutu zen, Utman Kalifaren ekimenez (644-656).
Korana 114 suratan antolatzen da, eta sura bakoitza aleiatan (txataletan).
Sunna: Bigarren Iturria
Sunna Islamaren bigarren iturria da, Koranaren ondoren. Sunna Mahomaren ekintzak eta esanak jasotzen dituzten narrazio, kontaketa eta bildumak dira, bitarteko fidagarriek emanak eta gaur arte belaunaldiz belaunaldi kontuan hartuak izan direnak.
Meskita: Erabilerak eta Funtzioak
Meskiten Erabilerak
Meskita musulmanak otoitz egiteko elkartzen diren tokia da. Elkartze sozial eta politikorako tokia ere bada. Komunitate musulmanari (Umma) eragiten dioten arazoak konpontzeko ere erabiltzen dira meskitak, baita meditatzeko ere. Islamarekin zerikusia duten hainbat gai ikasten dira bertan. Hiri handietako meskita batzuetan, txiroentzako jantokiak, ospitaleak eta eskolak dituzte alboko eraikinetan.
Emakumeen Jantziak eta Hiyaba
Hiyaba: Esanahia eta Arrazoiak
Hiyaba emakume musulman batzuek eramaten duten zapia da. Hainbat arrazoirengatik erabiltzen dute:
- Emakume musulman askorentzat, beloa eramatea identitate ikurra da.
- Batzuetan, hiyaba erabiltzea herrialde musulmanetan inposatzen ari den globalizazio kulturala ukatzeko modu bat da, kolonialismoaren aurkako matxinada-ikur bat.
- Emakume askorentzat, hiyaba erabiltzeak gizaki independentetzat emantzipatzea ahalbidetzen die, gizartean jarduteko, beren purutasuna eta osotasuna zainduz.
Oharra: Jantzi horiek ez dute zerikusirik Koranarekin edo Islamarekin. Tradizio tribalei eta kultura-ohiturei lotutako soinekoak dira.