Iritzi Askatasuna eta Gizarte Aurrerapena: Ikuspegi Filosofikoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,33 KB
Kant eta Iritzi Askatasuna
Paragrafo honetan, Kantek defendatzen du gobernuek ezin dutela herritarren iritzi askatasunean trabarik jarri. Herritarrek nahi dutena pentsatzeko askatasuna izan behar dute, eta ezin dira pentsatzen dutenaren ondorioz epaituak izan. Agintariek ezin dute inoiz herritarren askatasunaren gainetik egon, "Caesar non est supra grammaticos" esamoldeak adierazten duen bezala. Baina, agintariak herritarren iritzi askatasunaren azpitik egotea egokiena al da?
Egia Bakarraren Defentsa: Platon eta Tomas Akinokoa
Alde batetik, Tomas Akinokoa eta Platon ditugu. Hauek ez lirateke ados egongo, egia bakarra dagoela defendatzen baitute.
Platonen Ikuspegia: Filosofo Erregeak
Platonen iritziz, Ongi unibertsala dialektikaren bidez ezagutu daiteke, eta Ongia ezagutzera iristen denak Ongia soilik egin dezake. Beraz, bere ustez, Ongia ezagutzen dutenak dira hiria gobernatu behar dutenak, hau da, filosofoak. Hauek gobernatzen duten hiria izango da hiri onena, justuena eta harmonia duena. Ondorioz, filosofoek Ongia zein den dakitenez eta Ongia soilik egingo dutenez, behartuta daude herritarrei Ongia erakustera eta, beharrezkoa bada, indarrez inposatzera.
Tomas Akinokoa: Jainkoaren Legea eta Zoriontasuna
Tomas Akinokoaren iritzia antzekoa da. Tomas Akinokoak Jainko bat dagoela eta honek egia errebelatu digula defendatzen zuen, eta egia hori jarraitzen ez zuten pertsonak bide okerretik zihoazela zioen. Jainkoa arrazoimenaren eta fedearen bitartez ezagutu daiteke, eta hori lege unibertsala da. Hau da, gizakiak helburu bat du, eta helburu hori zoriontsu izatea da. Zoriontasuna Jainkoaren ezagutzarekin lortzen da, eta horretarako ezinbestekoa da salbazioa. Salbazioa lortzeko, aldiz, Jainkoak lege naturalak utzi dizkio gizakiari, hauek jarrai ditzan; eta jarraitzen ez badituzte, gizakiak ez du salbazioa lortuko, eta ondorioz, zoriontasuna ere ez.
Askatasuna eta Aurrerapena: Kant eta Sofistak
Beste aldetik, Kant eta sofistak ditugu.
Sofisten Eszeptizismoa eta Legeak
Sofistek eszeptizismo epistemologikoa aldarrikatzen zuten; hau da, ongi edo egia absoluturik ez dagoela defendatzen zuten, eta egongo balitz, ezingo litzatekeela ezagutu zioten. Honetaz gain, legeen konbentzionaltasuna ere babesten zuten; hau da, ez dago lege on edo txarrik, gizakiak egiten ditu legeak onak edo txarrak.
Kanten Mugak eta Ilustrazioa
Kantek, era berean, gizakiaren iritzi askatasuna defendatzen zuen. Bere ustez, gizakiak iritzi askatasuna baldin badu, aurrerapenerako eta ilustraziorako bidea irekita dago, askatasuna aurrerapenarentzako ezinbesteko elementua baita. Hori bai, Kantek kaosa ekiditeko eta ordena mantentzeko, askatasun horri mugak jarri zizkion, legeak: “Arrazoitu nahi duzuenaz eta nahi adina; baina obeditu!”. Baina iritzi askatasun hori debekatzen bada, aurrerapenaren aurkako ekintza egiten ari zara, eta ondorioz, gizakiaren aurkako krimena gauzatzen.
Eztabaidaren Garrantzia Aurrerapenerako
Hau guztia ikusi ondoren, esan dezakegu iritzi askatasuna ondo dagoela, baina ezin garela hemen geratu. Hau da, iritzi askatasuna baldin badugu, baina eztabaidatzeko gai ez bagara, askatasun horrek ez du ezertarako balio. Aurrerapenerako, iritziak eztabaidatu egin behar dira, kontrako eta aldeko argudioak entzun eta defendatuz.