Irakurketa Prozesua eta Ulermena LHn: Estrategiak eta Sustapena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio
Escrito el en
vasco con un tamaño de 10,28 KB
1. Sarrera
Irakurketa elkarrekintza bidezko prozesua dela esan daiteke, izan ere, elkarrekintza horretan irakurleak eta testuak parte hartzen dute eta horren emaitza, hizkuntza idatziaren bidezko esanahien eraikuntza izango da. Irakurketa idatzitako sinboloen edota hizkien identifikazioa da eta prozesu kognitibo konplexua da.
2. LHn Irakurtzeko Prozesuaren Garapena eta Ezaugarriak
2.1. Irakurketa LHko Curriculumean
236/2015 Dekretuak, abenduaren 22koak, hizkuntza eta literatura-komunikaziorako konpetentziaren barnean, Euskara eta literatura eta Gaztelania eta literatura ikasgaietan, hizkuntzaren erabilerarako oinarrizko konpetentziak garatzea du helburu: entzutea, hitz egitea, irakurtzea eta idaztea, modu integratu batean. Trebetasun hauen barneratzea testu mota ezberdinen irakurketatik, ulermenetik eta hausnarketatik lortzen da.
Irakurketa eta idazketa, munduaren, inguruko pertsonen eta norberaren ezagutza lantzen duten prozesu kognitiboak aktibatzen dituzten tresnak dira. Hala, funtsezko rola dute bizitzan zehar ikaskuntza berriak barneratzeko tresna gisa.
Aipaturiko ikasgaien 3. eduki multzoan, Idatzizko komunikazioa: irakurtzea eta idaztea, irakurketari dagokionean, ikasleak zailtasun maila ezberdinetako eta genero anitzetako testuak ulertzea eta testuko ideiak birsortzea eta erabiltzea bilatzen da, norberaren pentsamendu kritikoa eta irudimena osatzera bidean. Testu bat ulertzeak, klasean landuko diren eta eguneroko bizitzan aplikatuko diren irakurtzeko estrategia jakin batzuk martxan jartzea inplikatzen du: informazioa lortzeko irakurtzea, ikasteko irakurtzea, eta gozatzeko irakurtzea.
2.2. Irakurketa Prozesua
Irakurketa prozesu unitario eta globala da. Honetan, irakurleak ez du testuan irakurritakoaren esanahia burura pasatzen, baizik eta irakurritakoaren interpretazio propioa egiten du, ezagutza, intentzio eta aukera intelektual eta afektiboen ondorioz.
2.3. Irakurketa Ulermenaren Mikrogaitasunak eta Etapak
McDowell-ek mikrogaitasun kontzeptua definitu zuen. Irakurketa ulermena trebetasun txikien (mikrogaitasunak) barneratzearen bitartez azaltzen du. Mikrogaitasunak, progresiboki ikasita LH osoan zehar, ikasleen irakurtzeko gaitasuna modu eraginkor batean garatzea bermatzen dute. Hauek dira mikrogaitasunen 4 taldeak:
1. Idazketa Sistema: Dekodifikazioa
Dekodifikazioa ahalbidetzen duten ekintzak. Letren, hitzen… ezagutzatik hasita, hipotesi semantiko eta gramatikalen formulazioa sortzen da.
2. Hitzak eta Esaldiak: Aurre-ulermena
Irakurleak testua bizipen eta esperientzia propioekin erlazionatzen du.
3. Gramatika eta Sintaxia: Ulermena
Testuaren esanahia ulertzen du, aurrezagutzak aktibatzen ditu eta esanahi propioak eraikitzen ditu. Ikasleak gai dira puntuazio ikurren esanahia ulertzeko, testuaren aspektu ezberdinak (zuzentasuna, koherentzia, etab.) behatzeko eta idazkeraren eta testuaren xehetasunak analizatzeko.
4. Testua eta Komunikazioa: Interpretazioa
Testuaren ulermena eta interpretazioa ahalbidetzen da. Interpretazio fasean, irakurleak testutik hartutako datu guztiak baloratu eta esanahia eraiki dezake. Testuko informazioa interpretatzen du (autorearen iritzia, ironia…).
2.4. Irakurketa Prozesua LHn
LHko ikasturteetan zehar ikasleek irakurketarako konpetentzia barneratu behar dute irakurketa-idazketaren oinarrizko ikaskuntzatik hasita, aurrerago testuak ulertu eta interpretatzeko gaitasuna garatzeko. Kontuan hartu beharreko zenbait aspektu:
- Hasierako ikasturteetan, irakurketaren ikaskuntzarako metodoak ikasleen eskaera eta beharretara egokitu behar dira.
- Irakurtzeko estrategiek irakurtzen ikasteko baliabideak emango dizkie eta zailtasun posibleak gainditzen lagunduko diete; ikaskuntza esanguratsua, motibagarria eta autonomoa ahalbidetuko die.
- Irakurtzeko hezi behar dugu; haurrak irakurtzera animatu behar ditugu.
- Ikasgai guztietan landu behar da irakurketa.
Isabel Solé-ren esanetan, irakurketak hezkuntzan zehar bi bide jarraitzen ditu:
- Ikasleak literaturarekin harremanetan jartzea eta irakurtzeko ohitura hartzea.
- Irakurketa, esperientzia eremu berrien ezagutza berrietara iristeko tresna gisa erabiltzea.
3. Irakurria Ulertzeko Teknikak eta Estrategiak
3.1. Teknikak eta Jarduerak
Cassany-k ondorengo teknika eta jarduerak proposatzen ditu LHn irakurketaren praktika lantzeko:
3.1.1. Memoria
Jarduera hauek hurbileko memoria lantzen dute: hitzak gogoratu eta testu batean bilatu, hitz-kateatuen jolasa…
3.1.2. Pertzepzioa
Pertzepzio ariketak ikasleen ikusmen-eremua heztean zentratzen dira, hitzak azkartasun handiagoarekin bereiz ditzan eta letraz letra irakurri ez dezan: diskriminazioa eta bizkortasun bisuala garatzea, ikusmen eremua handitzea, fijazio kopurua gutxitzea.
3.1.3. Galderak
Testu bati buruzko galderak prestatzea.
3.1.4. Informazioaren Transferentzia
Testuaren informazioa zehaztea: ahozko azalpenak, eskemak, marrazkiak…
3.1.5. Aurrea Hartzea
Ikasleen motibazioan eragiten dute bereziki: testuan zer gertatuko den imajinatzea, argazki bat ikusi eta honi laguntzeko hitzak pentsatu eta idaztea…
3.1.6. Testuak Ordenatu eta Konparatzea
Ipuinak moztu, nahastu eta ordenatu; ipuin ezberdinak komentatu eta konparaketak egin, iritziak eman…
3.1.7. Testua Markatzea
Testuko ideia nagusiak azpimarratzea eta ulertzen ez dena markatzea.
3.1.8. Jolas Linguistikoak
Gurutzegramak, hizki zopak…
3.2. Irakurria Ulertzeko Estrategiak
Irakurketaren ulermena garatzeko estrategia batzuk:
- Aurrezagutzak aktibatzea: testuari buruzko galderak egitea, elementu ezberdinak (titulua, irudiak…) aztertzea, etab.
- Hitz ezezagunen esanahia mugatu: aurretik edo atzetik datozen ideiak analizatu, hitzaren egitura behatu (erroa, aurrizkiak, atzizkiak…)
- Aurrea hartzea: testuaren gaia identifikatzeko urratsak: paragrafoen lehenengo lerroak irakurri, beltzez edo azpimarratuta dauden hitzak begiratu…
- Ulertutakoaren gainbegiratzea eta erregulazioa: ulertzen ez dutenean kasurik ez egin eta irakurtzen jarraitu aurreragoko ideiekin argituz, hipotesiak egin, …
- Ideia nagusiak identifikatu.
3.3. Testuen Aukeraketa
Testua, esaldi edo elkarren artean erlazionaturiko esaldi multzo bat da, zerbait komunikatzen duena. Landuko diren testuen aukeraketa egokia izan behar da ikasleen adinaren, interesen, egoera sozialaren, eskolaren… arabera. Irakurketarako testu mota batzuk:
- Literatura
- Prentsa (albisteak, artikuluak)
- Kontsultatzeko materiala (hiztegiak, entziklopediak)
- Testu liburuak
- Ikasleen testuak
3.4. Irakurketa Motak eta Ereduak
3.4.1. Indibiduala eta Kolektiboa
3.4.2. Isila eta Espresiboa
Autoreak testu idatziaren bitartez mezu bat bidaltzen du eta irakurleak jaso egiten du (irakurketa isila). Irakurketa espresiboaren bitartez, irakurlea igorle bihurtzen da eta mezua transmititzen du.
3.4.3. Intentsiboa eta Estentsiboa
Irakurketa intentsiboan testu laburrak erabiltzen dira helburu didaktikoekin. Irakurketa estentsiboan, dibertsioa bilatzen duten testu luzeak erabiltzen dira.
3.4.4. Irakurketa Azkarra eta Irakurketa Ernea
Irakurketa azkarra lantzeko, liburu edo aldizkariak gainbegiratu daitezke, testu bat zeri buruz doan komentatu, … Irakurketa ernerako, testuan informazio zehatzak bilatu daitezke, hiztegiak kontsultatu…
4. Irakurketa Sustatzeko Planak eta Esku Hartze Estrategiak
4.1. Irakurketa Sustatzeko Planak
Ikasleek, nagusitu ahala, gero eta liburu gutxiago irakurtzen dituzte. Ikasle askok ez dute irakurtzeko ohitura barneratzen, eta eskola urteak aurrera joan ahala, irakurketa albo batera uzten hasten dira. Arazo honekin sentsibilizaturik, irakurketa ohiturak sustatzeko eta eskola liburutegien dinamizaziorako programa espezifikoak martxan jartzen hasiak dira eskoletan.
Plan mota hauen xede nagusietako bat, eskola liburutegia irakaskuntza eta ikaskuntzarako baliabide zentroa bilakatzea da. Horrela, zerbitzu tradizionalez gain, irakurzaletasuna bultzatuko duten beste hainbat jarduera (hitzaldiak, erakusketak…) antolatu beharko ditu.
Ikastetxeek irakurzaletasuna bultzatzeko proiektu ezberdinak garatu ditzakete:
- Jarduerak kanpoko eragileekin: idazleen bisitak, kazetariak…
- Produkzio jarduerak: tailer sortzaileak, egunkaria sortzea, dokumentalak egitea, irakurketa kluba sortzea…
- Inguruarekin kontaktuan jarduerak: bisitak liburutegietara, egunkarien egoitzara, erakusketetara…
- Ikastetxeko baliabideen erabilera bultzatuko duten jarduerak.
4.2. Hezkuntzan Esku Hartzeko Estrategiak
Irakurketak, irakasleak irakurle gaituak eta motibatuak sortzeko gogoa izatea eskatzen du. Garrantzitsua da irakurleak irakurtzen ari den istorioa barneratzea eta bere egitea. Irakasle gisa, kontuan izan behar dugu irakurtzea jarduera boluntarioa eta atsegina dela, ikasleek motibazio bereziarekin hartu behar dutena. Hori dela eta, gure lanak, irakurtzeko gozamena transmititzean datza.
Horretarako, lana ondo planifikatu eta antolatu behar dugu, materialak ondo aukeratuz eta jarduera eskolako edota gelako liburutegian zentratuz. Interesgarria izango litzateke ikasleek ikasgelan irakurtzeko txoko bat izatea: leku eroso, isil eta intimoa, ikasleari lasai-lasai esertzeko eta isiltasunean irakurtzeko aukera emango diona.
Irakasleak bere eskura dituen heziketa estrategia guztiak erabili behar ditu, eta horrekin batera:
- Hiztegien, kontsulta liburuen eta IKTen erabilera sustatu informazioa bilatzeko euskarri gisa.
- Eskolako eta gelako liburutegiaren erabilera sustatu.
- Irakurketa jarduerak eta espazioa planifikatu eta antolatu.
- Ikasleei liburuak aukeratzen laguntzea adinaren eta ikasketa erritmoen arabera.
- Irakurzaletasuna garatu dezaten motibatzea.
- Familiak orientatzea.
5. Ondorioak
6. Bibliografia
- 236/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.
- Bofarull, M.T. (2001). Comprensión lectora: el uso de la lengua como procedimiento. Barcelona: Graó.