Ingurumen-Kutsaduraren Kontrola: Arazketa, Kutsatutako Lurzoruak eta Uraren Tratamendua
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Química
Escrito el en vasco con un tamaño de 11,94 KB
Arazketa Anaerobioan Kontrolatu Beharreko Parametroak
Oxigeno disolbatua (ezin da oxigenorik egon, anaerobikoa delako, bakterioak hilko lirateke), tenperatura (35-37 ºC artean eraginkortasun altuena, tenperatura igo ahala, digestio denbora jaitsi), pH (6.8-7.4 bitartean), inhibitzaileak (arazketa anaerobioa inhibitzen duten substantzien agerpena kontrolatu behar da), nutrienteak edo mantenugaiak (nutriente behar oso txikia, biomasaren ekoizpena baxua delako).
Disolbaturiko Konposatu Organiko Ez-Biodegradagarriak Eliminatzeko Metodoak
Hondakin-uren hirugarren mailako tratamendua. Ikatz aktiboaren bidezko adsortzioa (gainazal fenomenoa da, adsorbatu beharreko konposatuak ikatz aktiboaren gainean finkatzen dira lotura fisiko eta kimikoen bidez), oxidazio kimikoa (konposatu organikoak eliminatu daitezke beren oxidazioa burutuz, ozonoa edo hidrogeno peroxidoa bezalako agenteak erabiliz).
Nitrogenoaren Eliminaziorako Metodo Biologiko Bat
Hirugarren mailako tratamendua. Hondakin-uretan nitrogenoa eliminatzeko, nitrifikazio-desnitrifikazio prozesu konbinatua erabili ohi da. Nitrifikazioa emateko, baldintza aerobioak eta bakterio autotrofoak behar dira. Desnitrifikazioa, berriz, baldintza anoxikoetan eta bakterio heterotrofoekin burutzen da.
Fosforoaren Eliminaziorako Metodoa
Fosfato moduan dagoen fosforoa prezipitazio bidez eliminatu daiteke, gatz disolbagarriak eratzen dituzten erreaktiboak erabiliz: PO4-3 + Al+3 → AlPO4↓. Fosfatoen prezipitazioa lokatz aktiboen prozesuarekin batera egin daiteke.
Uren Desinfekziorako 3 Metodo
Hirugarren mailako tratamendua.
- Klorazioa: Eragozpen nagusia azpiproduktuen eraketa da, kloroa eta uretan dagoen materia organikoa erreakzionatzean sortzen direnak. Trialometanoak eta halomorfoak potentzialki kaltegarriak izan daitezke.
- Ozonazioa: Ozonoa uretan deskonposatzen da, oxigeno molekularra eta beste espezie batzuk eratuz. Hidroxilo erradikalen eraketak mikroorganismoak suntsitzen ditu. Hala ere, kostu altua du.
- Erradiazio ultramorea: Kuartzozko lanpara batek sortzen duen erradiazioak araztutako uretan eragiten du, bakterioak suntsituz. Kostu altua du eta hondakin industrialetarako egokia da.
Definitu Kutsatutako Lurzorua
Lurzoruaren zati bat, gainazalekoa zein lurpekoa, non bere kalitatea eraldatua izan den hondakin edo produktu arriskutsu baten isurketen ondorioz.
Bereiztu Kutsadura Endogenoa eta Exogenoa. Eman Adibideak
- Kutsadura endogenoa: Zoruaren konposizioaren parte diren elementuen desoreka sortzen bada gertatzen da. Adibidez, metalen mobilizazioa azidifikazio prozesuen ondorioz, [Na] kontzentrazioaren igoera (gazitzea).
- Kutsadura exogenoa: Soberan dauden isurketetatik edo nekazal produktuetatik eratorritakoa da, hau da, zoruaren hasierako konposaketatik kanpo dauden substantzietatik datorrena.
Zeintzuk dira Zoruaren Kutsatzaile Nagusiak? Azaldu Bakoitzaren Eraginak
- Kutsatzaile metalikoak: Toxikotasun handia eragiten dute.
- Ongarriak: Nitratoak lixibiatu eta akuiferoak kutsatzen dituzte, eutrofizazio eta toxikotasun arazoak sortuz. Fosforoak lurzorua azidotzen du. Gorotz gehiegiak ere azidotzea eragiten du.
- Pestizidak: Iraunkortasun eta toxikotasun handia dute, baita biometaketa ere. Eraldaketa kimikoa, degradazio biologikoa, partikula edafikoen erretentzioa edo akuiferoen lixibiazioa jasan dezakete, lurzoruaren ezaugarrien arabera.
- Azidifikazioa: Material disolbaezinen disoluzioa eragiten du zoruan, eta metal toxikoen askapena elkartruke ionikoaren bidez. Oxidazio-erredukzio potentzialaren aldaketak ere gerta daitezke.
- Gazitzea: Arazo fisikoak zein kimikoak sortzen ditu. Kimikoak: mikroelikagaien erabilgarritasunaren murrizketa, fase disolbaezinen eraketaren ondorioz. Fisikoak: zoruaren iragazkortasuna murrizten da, poroak estaltzen baitira, eta landareek zailtasunak dituzte zoruko ura xurgatzeko.
Kutsatutako Zoruen Tratamendu Teknikak
Bereiztu in situ eta ex situ Teknikeen Artean. Abantailak eta Desabantailak
- In situ:
- Abantailak: Kostu baxua eta zorua zuzenean tratatzen da.
- Desabantailak: Eskuragarritasuna, arrastrea, tratamendu denbora luzea eta emaitzen ziurtapen zaila.
- Ex situ:
- Abantailak: Homogeneizazioa, eskuragarritasuna, analisien lorpena errazagoa, tratamenduen eraginkortasun handiagoa eta denbora laburragoa.
- Desabantailak: Indusketa, garraioa eta kostu altuagoak.
Errausketa eta Desortzio Tekniken Ezberdintasunak
Lurrak deskontaminatzeko teknikak dira:
- Errausketa: Lurzoruaren errekuntza 810-1200 ºC artean, gehiegizko oxigenoa erabiliz. Poluitzaile organikoak (olioa, petrolioa, disolbatzaileak...) eta inorganiko batzuk eliminatzeko erabiltzen da. Beroaren intentsitatearen arabera, konposatu toxikoak oinarrizko elementu bihurtzen dira. Eraginkortasun altua du, % 99.9 baino gehiago. Tratamendua off-site burutzen da.
- Desortzio termikoa: Ex situ burutzen da. Zorua berotzen da tenperatura baxuan (90-320 ºC) edo altuan (320-560 ºC), konposatuen desortzioa burutzeko. Hautsa eta substantzia kimiko kaltegarriak bereizten dira. Ekintza biologikoak bermatzen dira, eta zorua berrerabili daiteke. Findegi bateko konposatu organiko lurrunkorrak, zoruaren industriako hondakinak, pestizidak eta pintura hondakinak tratatzeko erabil daiteke. Osagai inorganikoentzat ez da erabilgarria.
Hutsezko edo Aire Bidezko Erauzketan Kontuan Hartu Beharreko Faktoreak
Teknologia fisiko-kimikoa da, helburua lurren deskontaminazioa izanik.
- Lurrunkortasuna: Poluitzaileen lurrunkortasuna handiagoa bada, errazagoa izango da erauzketa.
- Adsortzioa: Zoruak adsortzio ahalmen handia duenean, ezin da metodo hau erabili, kutsatzaileen erretentzioa gertatzen delako.
- Airearekiko iragazkortasuna: Zoruaren porositatea handiagoa bada, korrontea sartzea errazagoa izango da.
- Tenperatura: Lurrunketa bultzatzen du.
- Hezetasuna: Konposatu organiko lurrunkorrak (KOL) poroetan dagoen uretan garatuko lirateke, eta haien ex situ tratamendua ez litzateke gas korronte batena izango.
Zein Faktorek Eragiten Dute Beiratze Prozesuan?
Beiratzea lur kutsatuak deskontaminatzeko teknologia fisiko-kimikoa da.
- Zoruaren hezetasuna: Zoru hezeak lehortu egin behar dira, ur lurrunaren eraketa ekiditeko.
- Gatz eta azido edukia: Gatz eduki altuak konduktibitate elektriko altua dakar, eta, beraz, erresistentzia txikiagoa korrontearen igarotzean.
- Porositatea: Porositate handiek korronte elektrikoaren eraginkortasuna murrizten dute.
- Zoruaren konposizioa: Beharrezko material beiratzaileen kantitate egokia egon behar da. Materia organikoaren aplikazioa mugatua da.
Zeintzuk dira Gazitzearen Kausa Posibleak? Zein Arazo Kimiko eta Fisiko Sortaraz Ditzake?
Gazitzea gatz disolbagarrien edo zoruan erraz disolbatzen diren gatzen metaketan datza. Kausa posibleak: lurzoru idorrak, meteorizazio kimikoa, gatz fosilen presentzia, gaizki drainatutako lurzoruetan gainazaleko uren agerpena eta prezipitazio atmosferikoa. Gazitzeak arazo fisikoak eta kimikoak sortzen ditu. Arazo kimikoen artean, Fe, P, K eta mikroelikagaien erabilgarritasunaren murrizketa aipa daiteke. Arazo fisikoen artean, zoruaren iragazkortasunaren murrizketa dugu, poroak estaltzen direlako kostren eraketagatik.
Ze Arazo Sortarazten Dituzte Ongarriek? Azaldu Laburki Eutrofizazioa
Ongarrien arazoa nitrogenoaren metaketan datza, nitrato eran. Nitratoa zoruagatik oso gutxi atxikitzen da, eta lixibiazioaren bidez akuiferoak kutsa ditzake. Gehiegizko nitrato kontzentrazioak eutrofizazioa eragiten du.
Eutrofizazioa: Uretan nutrienteen (batez ere nitrogeno eta fosforo konposatuen) gehiegizko aberastea da, algen eta beste landare urtar batzuen gehiegizko hazkundea eragiten duena. Horrek oxigenoaren agortzea eta uraren kalitatearen galera dakar.
Aipatu Planifikazio Fasearen Etapak
Zoruaren ikerketako metodologiak bi fase ditu: planifikazioa eta gauzatzea. Planifikazio fasearen etapak: helburuen determinazioa, kutsatzaileen determinazioa, lagin motak, laginaren kokapena eta maiztasuna, laginketa eta analisirako prozedura, eta kostuen estimazioa.
Aipatu Gauzatze edo Exekuzio Fasearen Etapak
Zoruaren ikerketako metodologiak bi fase ditu: planifikazioa eta gauzatzea. Gauzatze fasearen etapak: gainazalaren azterketa, gainazaleko laginketa, zundaketa, kutsatzaileen analisia, segurtasun eta higiene plana, eta kalitatearen berme edo garantia plana.
Zein Bi Prozesu Gertatzen dira Iragazki Berdeetan?
Kostu baxuko arazketa tratamenduak dira, lur azalean aplikatzen diren sistemak. Bi prozesu ematen dira: edafodepurazioa (zoruak eragindako arazketa naturala) eta makrofito depurazioa (goi mailako landareek eragindako arazketa naturala, uretako materia organikoa, nutrienteak eta gatz mineralak xurgatuz).
Zohikatz Ohantzearen Funtzionamendua eta Ezaugarriak
Iragazketa artifizialeko sistema da. Zohikatzak substantzia disolbatuak eta koloidalak adsorbitzeko gaitasun handia du. Gainera, zohikatzean finkatzen diren mikroorganismoek oxidazio biologikoa burutzen dute. Ezaugarriak: 40-80 cm-ko ohantzea, 10-15 egunetik behin garbitu behar da. Etekina: % 85-90 DBO5-ean; solido esekien % 90 (aurretratamendua beharrezkoa da).
Kontaktore Biologikoaren Funtzioa eta Ezaugarriak
Material plastikozko egiturak dira, eta bertan mikroorganismoak finkatzen dira. % 40-90ean urperatuta daude, eta biraketak baldintza aerobioak mantentzen ditu, mikroorganismoek materia organikoa degradatzen duten bitartean. Azalera txikia eta energia kontsumo txikia behar dute. Ardatza apurtzen bada edo tenperatura baxua bada, ez dira eraginkorrak.
Aipatu Dekantadore-Digestore Sistema Esanguratsuenak
Kostu baxuko arazketa sistemak dira, bi guneez osatuak: lehenengoan, solido bereizgarrien bereizketa, olio eta gantzen flotazio prozesuarekin batera. Bigarren gunean, uraren klarifikazioa sedimentazio bidez (hobi septikoa, putzu beltzak).
- Hobi septikoa: Bi gune ditu. Lehenengoan, solido sedimentagarrien bereizketa egiten da, olio eta gantzen flotazio prozesuarekin batera. Solidoak erauzteko, 1.2-1.7 m-ko sakontasuna beharrezkoa da.
- Imhoff tankea: Bi gune ditu, bata bestearen gainean. Goian, solido sedimentagarrien bereizketa egiten da, eta behean, lokatzen digestioa baldintza anaerobioetan.
- Putzu beltzak: Putzu artifizialak dira, hondakin-urak isurtzen dira arazketa eta dekantazio-digestio prozesu berdinak gertatzeko. Usain txarrak sortzen dituzte.
Zein da Zoruaren Batezbesteko Konposizioa Bolumenean?
% 50 materia solidoa, % 20-30 ura disoluzioan eta % 20-30 aire edafikoa.
Zoruaren Frakzio Ez-Organikoa Lehen eta Bigarren Mailako Mineralez Osatua Dago. Zein da Mineral Hauen Desberdintasun Nagusia?
Lehen mailako mineralak tenperatura altuetan eratutakoak dira, arroka igneo eta metamorfikoetatik eratorriak. Bigarren mailakoak, berriz, tenperatura baxuetan eratutakoak dira, arroka sedimentario eta meteorizatuetatik eratorriak.