Informazio-eskubidea: Egiazkotasuna, Nabarmentasuna eta Iritzi Publikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,64 KB

Egiazko Informazioa

Egiazko informazioa informazio librearen egikaritza zuzenaren barne-betekizuna da. Informazio librea ondo erabiltzea litzateke. Informazioa egiazkoa ez bada, Konstituzioak ez du babestuko. Baina 20. artikuluak dioenez, nahiz eta egiazkoa ez izan, ezingo da aurre-zentsurarik egin. Publikatzerakoan, epailea bera da gai informazio hori bahitzeko, egiazkoa izan ala ez.

Informazio-eskubidea edukitzeko, garrantzi handikoa da informazioa egiazkoa izatea. Ideia eta iritzien kasuan, ez dira egiaztatu behar egiazkoak diren ala ez, horiek adierazpen-eskubidean sartzen direlako. Konstituzio Auzitegiak bi ikuspuntutatik aztertzen du:

  • Alde batetik, ikuspuntu objektiboa dago, eta kasu honetan KA-ak ez du eskatzen egiazkotasuna erabatekoa izatea. Errealitateari erabat egokitu behar zaio, inolako hutsegiterik gabe.
  • Beste alde batetik, ikuspuntu subjektiboa dago, eta kasu honetan ez da eskatzen informazioan agertzen diren egitateak guztiz egiazkoak izatea. Kazetariak ahalik eta gehien informatu beharko du informazioa egiaztatzeko, baina gero zurrumurrua baldin bada, ez du garrantzi handiagorik izango.

Beraz, Konstituzio Auzitegiarentzat egiazkotasunak bi elementu ditu: batetik, hutsegiteak onartzen direnean, eta bestetik, kazetariak informazioa egiaztatzerakoan duen ardura profesionala.

Hutsegiteen Onargarritasuna

Ikuspuntu subjektiboaren kasuan, Konstituzio Auzitegiak hutsegiteak egitea onartuko du, betiere funtsezko informazioa ez bada. Ikuspuntu objektiboaren kasuan, KA-ak ez du hutsegiterik onartzen, baina horren salbuespena kazetaria engainatu badute izango litzateke. Konstituzio Auzitegiak bi hutsegite mota desberdintzen ditu: funtsezko hutsegitea eta noiz-nolako hutsegite binomioa. Noiz-nolako hutsegite gisa onartu du informazioan azaltzen den pertsona oker identifikatzea antzekotasun fonetikoa dela eta, edo hedabideen bidez enpresa bateko langileek sartzen dituzten aparteko orduen benetako kopurua baino hamabi bider handiagoa adieraztea, besteak beste.

Ardura Profesionala Albistea Egiaztatzean

Ikuspuntu subjektiboaren aldetik, kazetariak ahalik eta lan gehien egin beharko du egiaztatzeko edo egia bilatzeko, nahiz eta gero amaieran ez asmatu. Zurrumurruen kasuan, egiazkotzat argitaratzen badira, hori ez da ardura profesionaltzat hartuko. Noizbait, Konstituzio Auzitegiak onartu izan du "zurrumurruak" zurrumurrutzat argitaratzea, nahiz eta egia absolutua ez izan (publikoki zirkulatzen ari zirelako). Kazetariari dagokio ardura profesionalaren froga. Era berean, ez da ardura profesionaltzat hartuko informazioa egiaztatzeko iturriak zehaztugabeak edo argiak ez izatea. Bestalde, eskatzen den ardura frogatzeko, ez da nahikoa igorritako informazioaren faltsutasunaren kontzientzia osoa ez izatea alegatzea.

Albistea fidagarria izateko, iturri ofizialetara joatea da komenigarriena. Aurrera eramandako ardura profesionalaren egiaztapenaren elementu gisa, soilik informatzaileak albistea zabaldu baino lehenago aintzat har zitzakeen datuak baloratuko dira. Beraz, auzitegiak, ardura profesionala egon den ala ez baloratzeko, argitalpenaren aurreko unean kokatu behar dira, ondoren zehatzak diren datuak kontuan hartu gabe. Giza Eskubideen Europar Auzitegiak adierazi du informatzaileen zenbait jokaera ez direla ardura profesionalaren aurkakoak, horien informazio-askatasuna babesteko beharrezkoak baitira.

Etorkizuneko Ikuspegiak

Autore batzuen ustez, babes gehiegi ematen zaio informazio-eskubideari. Kasu horretan, zorrotzagoa izan beharko litzateke egiazkotasunaren eta subjektibotasunaren arteko oreka. Probokazio dosi jakin bat duen informazioa juridikoki babestuta dago (hori sarri adierazi du Giza Eskubideen Europar Auzitegiak).

Nabarmentasun Publikoa

Albistearen nabarmentasun publikoa informazio-eskubidearen baldintzetako bat da. Era berean, erreportaje neutralen kasuan ere aplikagarria da. Interes publikokoa den ala ez hartzen da kontuan, nabarmentasun publikoa duen ala ez jakiteko. Gizarteari eragiten dion gertakaria izaten da, baina zaila da zehaztea zein den. Horregatik, gai abstraktutzat hartzen da.

Nabarmentasun publikoa zein den jakiteko, aurretik izandako jurisprudentzia (esperientzia) hartzen da kontuan. Orokorrean, politika, ekonomia, kultura eta antzekoak hartzen dira nabarmentasun publikotzat. Baina nabarmentasun mota ezberdinak daude, eta bakoitzak garrantzi ezberdina du. Baina ezinezkoa da nabarmentasuna duten gaien zerrenda itxi bat egitea. Adibidez, delitu baten edo istripu baten aurrean, garrantzitsua izango litzateke zer gertatu den kontatzea, baina ez protagonisten izenak aipatzea (ohorearen eskubidea).

Delituen biktimen kasuan, baieztatu da delituaren informazio-ikerketek biktimen intimitatearen eremuko kontuak ezin dituztela argi publikora atera, haien baimenik gabe. Horrekin, biktimen bizitza pribatua argitaratzea ere interes publikotik kanpo geratuko litzateke. Kasu horretan, intimitatearen aurka egitea izango litzateke. Baina desberdindu egin behar dira, alde batetik, interes publikoa (gizarte osoari eragiten dioten gaiak) eta, bestetik, publikoaren interesa. Bigarrena, Konstituzio Auzitegiak ez du nabarmentasun publikoaren barruan sartzen.

Iritzi Publikoa Eratzeko Erakunde Bermea

Informazio-askatasuna bi ikuspuntutatik azter daiteke: alde batetik, gizabanakoen ikuspuntutik (kazetaria, hedabidea, herritarra) eta, bestetik, gizarte talde batetik. Estatu demokratiko bateko funtsezko balioa iritzi publikoa dela esaten da; hau da, estatu batean informazio-askatasuna egoteko ezinbestekoa da. Konstituzioaren 20. artikuluan, bakarkako eskubideak defendatzeaz gain, taldeetan sortutako iritzi publikoaren alde ere egiten du. Komunikazio publiko librerik gabe, ez litzateke herri aske eta subiranorik egongo. Hobeto esanda, gizartea askea izateko, informazio zein albisteak elkartrukatzeko baliabideak egon behar dira. "Librea" esaterakoan, informazio hori edozein herritarrek lortzeko ahalmenari egiten dio erreferentzia.

Iritzi aniztasuna kontuan hartu beharreko beste ezaugarri bat da. Gizartean iritzi publiko librea egoteko, iritzi ezberdinen pluralismoa egon behar da. Hau da, hori betetzeko, gizartean era askotako iritziak onartu beharko lirateke, baita Konstituzioaren aurkako mezuak ere. Konstituzio-doktrina horren ondoriorik garrantzitsuena informazio-askatasunak oinarrizko beste eskubideekiko lehentasunezko izaera duela da. "Konstituzioaren 20. artikuluko askatasun publikoen balio nagusia (...) kontatzen dituzten gaiak eta bertan parte hartzen duten pertsonak direla-eta interes orokorreko kontuekin lotuta daudenean soilik babestu ahal daitezke, betiere, horren ondorioz iritzi publikoa eratzen laguntzen dutenean". Hala, informazio-askatasunak plantea dezakeen edozein arazo juridikoren ebazpenean, komunikazio publikoaren prozesuan parte hartzen duten subjektu guztien paperaren analisia egin beharra eskatzen du.

Informazioaren Zuzenbidea adierazpen-askatasun pribatutik eratorritako arazoen analisiaz arduratu behar da. Giza Eskubideen Europar Auzitegiak, informatzaileei (gizabanakoak eta hedabideak) askatasun horiez (informazio-askatasunez) baliatzen direnean tratu juridiko berezia eman beharra adierazi du, interes publikokoak diren gaiak iritzi publikoaren ezagutzara helduko diren zaindariak direlako. Tratu berezi hori zeregin bera egikaritzen duten beste subjektu batzuei ere aitortu behar zaie, adibidez, giza eskubideen defentsarako gobernuz kanpoko erakundeei.

Entradas relacionadas: