Industria, Hirigintza eta Demografiako Oinarrizko Kontzeptuak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,14 KB
Industria-berregituratzea
Estatuaren laguntzarekin industria-krisiari aurre egiteko hartutako politiken multzoa da, industria-birmoldaketak eta berrindustrializazioak osatzen dutena. Helburu nagusiak industria berregitea eta lehiakortasuna lortzea ditu.
Industria-deslokalizazioa
Industria-kokapenean egiten diren aldaketek osatzen duten prozesua da, abantaila handiagoak eskaintzen dituzten lekuetara (kostuak murriztuz) fabrikak lekualdatzean datza.
Goi-teknologiako industria
Etengabeko ezagutza-berrikuntzek eta oinarri teknologiko sendoek definitzen dute, eta benetako ahalegina eskatzen du I+G (Ikerketa eta Garapena) arloetan. Beste teknologia-mota batzuek baino maila aurreratuagoa du.
Alde Zaharra
Hiriaren alderik zaharrena da, normalean balio artistiko-historiko handiena kontzentratzen den gunea. Hainbat garaitako eraikuntzez osatuta dago.
Zabalgunea
XIX. mendean alde zaharretik (harresiak botata) kanpora eraikitako auzo berriak dira. Burgesen pentsamenduaren araberako erantzun planifikatua izan zen, kale zabal eta garbiekin, berdeguneekin eta kalitatezko eraikuntzekin osatuta.
CBD (Central Business District)
Central Business District (Negozio Barruti Nagusia). Merkataritza- eta finantza-kontzentrazio handia eta espezializatua pilatzen den hiriko gunea da.
Hiri-hierarkia
Hiri batek bere inguruko edo urruneko beste hiriekin dituen harremanen eta eraginen ondorioz sortzen den mailaketa da. Betiere, demografiaren eta funtzioen araberakoa izaten da.
Metropoli-ingurua
Hiri nagusi eta dinamiko baten inguruan eta bere eraginpean osatzen den herri-eskualdea da.
Konurbazioa
Bi hiri edo gehiagoren hazkunde paraleloa da, hiri-aglomerazio bakar batera iritsi arte.
Urbanizazio barreiatua
Hiri-egitura edo -egituren hazkunde edo garapen desorekatua eta planifikaziorik gabekoa da. Normalean, dentsitate txikikoa izaten da eta aurrez landa-eremu ziren lekuetara egindako zabaltzea da.
Pendulu-mugimenduak
Barne-migrazioen artean gaur egun garrantzia hartu duten aldi baterako mugimenduak dira. Herritarrek egunero (lanerako, gehienbat) egiten dituzten joan-etorriak dira.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO)
Udalerriek hirigintza antolatzeko erabiltzen duten oinarrizko tresna da. Plan orokorrak hiriaren garapena zenbait urtetarako proiektatzen du, besteak beste: inguru bakoitzeko lurra zertan erabiliko den, eraikigarritasuna, eraikuntza-dentsitatea eta abar.
Zentsu-errolda
Hamar urtean behin eta herrialdeka egiten den herritarren kontaketa da. Helburua herritarren kopurua ezagutzea eta haien ezaugarriak (kulturalak, sozialak, ekonomikoak, etab.) aztertzea da.
Populazio-dentsitatea
Biztanleen eta okupatzen duten lurrazal geografikoaren artean dagoen erlazioa da. km²-ko biztanle kopuruetan adierazten da.
Biztanleriaren benetako hazkundea
Berezko hazkundearen eta migrazio-saldoaren batuketaren emaitza da. Balioa termino absolutuetan (biztanleriak zenbat egin duen gora edo behera) edo ehunekoetan adieraz daiteke.
Biztanleriaren zahartzea
Adineko pertsonen hazkunde erlatiboa da, biztanleria osoarekiko.
Trantsizio demografikoa
Demografia-eredu zaharraren eta modernoaren arteko erregimen demografikoa da. Ezaugarri nagusiak hilkortasun-tasaren beherakada bizkorra eta jaiotza-tasaren beherakada berantiar eta motelagoa dira. Ondorioz, hazkunde naturala oso handia izaten da.
Bizi-itxaropena
Adierazle demografiko honek leku jakin bateko herritarrek batez beste biziko duten urte kopurua adierazten du. Hala ere, aldakorra izan daiteke sexuaren edo herrialdearen garapen-mailaren arabera.
Migrazio-saldoa
Herrialde bateko emigrante-kopuruaren eta immigrante-kopuruaren arteko aldea da. Emaitza positiboa zein negatiboa izan daiteke.
Nekazaritza-exodoa
Landa-eremutik hirira gertatzen den migrazio handia da.
Biztanleria aktiboa
Lan egiten dutenen edo lan egin nahi dutenen (langabeak) 16 urtetik gorako gizataldea da. Ikasleak eta ordaindu gabeko lanak egiten dituztenak talde honetatik kanpo geratzen dira.