Industria 4.0: Laugarren Industria Iraultza
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,68 KB
Industria 4.0 edo “Laugarren Industria Iraultza”
Industria 4.0 edo “laugarren industria iraultza” azken urteotan sortzen ari den modu berri bat da, hainbat osagairen arteko interkonexioan eta informazio jarioan oinarrituta dagoena. Beste hitz batzuetan esanda, langileak, makinak, fabrikak eta bestelako elementuak harremanetan ipintzeko informazioa besterik ez du erabiltzen. Berrikuntza hauen atzean dauden digitalizazioa eta automatizazioa bezalako teknikek edukiko dute pisu handiena etorkizuneko sistema honetan.
Jatorria eta Zabalkundea
Proposamen honek 2011. urtean ospatutako Hannoverreko Industria Teknologikoaren Azokan du jatorria. Bertan aipatu zen lehenengoz “industria 4.0” kontzeptua eta, ordutik, geroz eta gehiago zabaldu da gizartean. Hain zuzen ere, enpresa askok dagoeneko egin du aldaketa honen aldeko apustua.
Prozesuaren Gakoak
Iraultza honek ekar litzakeen onurei ahalik eta etekin gehien ateratzeko, aditu askoren ustez, prozesu jakin bat jarraitzean egongo da gakoa. Izan ere, produzitzeko modu honek edozein motatako balioko omen du. Hala, makinak beharko duen adimena eskuratutakoan, gai izango da edonolako lanak eta beharrak asetzeko. Prozesu hau hiru zatitan bereizi daiteke:
1. Informazioaren Hautematea
Lehenik eta behin, makinak informazioa hauteman beharko du. Egoeraren arabera, erabaki bat hartu beharko duenez, sentsore garatu batzuk erabiliko ditu aurrean duen kasua aztertzeko. Hauen artean daude, gizakion zentzumenek betetzen dituzten funtzioak beteko dituzten sentsoreak. Esate baterako, enpresan akats bat sortuko balitz, ikusmenezko sentsore batek arazoaren berri emango luke.
2. Informazioaren Azterketa
Bigarrenik, gailu hauek jasotako informazioa aztertu egingo da. Prozesuaren zati honetan adimen artifizialak jokatzen duen papera ezinbestekoa da, azken finean makinaren eginkizuna egoerari irtenbide bat ematea da eta. Hortaz, arazoa automatikoki behatuko du eta irteera bat emango dio, gizakion beharrik gabe.
3. Aginduen Ematea
Azkenik, jada baldintzak ikertu eta erabaki bat hartu ondoren, makinak gainontzeko tresneriari agindu bat emango dio, hasieran jarri zaion trabari aterabide bat eman diezaion. Konexio hau gauzatzeko interneta erabiliko da, ezin pentsa genezakeen gauza pila batek edukiko duelako konexio mota hau.
Adibideak Gaur Egun
Industria 4.0 etorkizunera begiratzen duen proiektua den arren, bada dagoeneko adibide sorta bat non informazio trukea den muin. Adibidez, 3D inprimagailuek tankera bereko metodologia darabilte, sentsoreen bitartez jasotako datuak aztertu eta haien arabera egiten dutelako lan.
Ondorio Potentzialak
Ondorioei erreparatuz, aldaketa ugari eragingo ditu: sozialak, ekonomikoak, politikoak, kulturalak, etab. Beste era batera esanda, bizitzako arlo guztietan islatuko dira. Ondorio aurreikusgarriena lanpostuen galera da. Ikerketa batek argitaratutako emaitzen arabera, munduko langileriaren %36 makina adimentsuek ordezkatzeko arrisku handian egongo da.
Pribatutasunaren Arriskua
Gainera, informazio jarioaren gehiegizko trukeak biztanleen pribatutasuna arriskuan jar lezake. Hau da, agintariek gaur dutena baino gurekiko kontrol handiagoa eduki lezakete, eta gauzak horrela, “big data” (gutxi batzuen eskuetan dagoen datu multzo masiboa) bezalako arazoak handiagotu litezke.
Laburpena
Laburbilduz, laugarren industria iraultza gertuko etorkizun batean gauzatuko den aldakuntza sorta bat da, informazioaren elkartrukean oinarrituko dena eta makinek beren kasa lan egiteko ahalmena bultzatuko duena.