Indexa: Hezkuntza Inklusiboaren Dimentsio eta Etapak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,12 KB
Indexa: Dimentsioak, Etapak eta Inklusioa
Indexa Ingalaterrako ikastetxeetan aurrera eramandako esperientzia jasotzen du, eta horrela defini dezakegu: «eskola inklusiboetarantz aurreratzeko prozesuan, ikastetxeei laguntzeko diseinatutako material multzoa da, eta bertan, kontuan hartzen dira irakasleen, eskola-kontseiluaren, ikasleen, familien eta komunitateko beste kide batzuen ikuspuntuak». Indexak hezkuntza inklusiboa azaltzen du ikastetxeen bizitzarekin lotura estua duten hiru dimentsioren arteko interakziotik. Ulertzen du eskola inklusiboak lortzeko bidea eskola bakoitzean egin behar den lan- eta hausnarketa-prozesuan dagoela. Honako hauek dira dimentsio horiek:
Kultura Inklusiboak Sortzea
Xedea: komunitate seguru, abegikor, lankidetzazko eta estimulagarria sortzea, norbanako bakoitza balioetsia izan dadin. Hori baita ikasleek lorpen-maila handiagoak edukitzeko modua. Irakasle, ikasle, eskola-kontseiluko kide eta familia guztiek partekatutako inklusio-balioak garatu nahi dira. Eskola-kultura horretatik eratorritako printzipioak dira ikastetxe bakoitzeko eguneroko erabakiak hartzeko gida. Era horretan, guztion ikaskuntzak laguntza aurkitzen du hezkuntza berriztatzeko prozesu etengabean.
Politika Inklusiboak Lantzea
Xedea: ziurtatu nahi da inklusioa berriztapen-prozesuaren bihotzean egotea, politika guztiak zipriztinduz, hartara ikasle guztien ikaskuntza eta partaidetza hobetu dadin. Testuinguru horretan, «laguntzatzat» jotzen dira ikastetxeek ikasleen aniztasuna zaintzeko gaitasuna handitzeko egiten dituzten jarduera guztiak. Laguntza-modalitate guztiak marko bakar batean biltzen dira, eta ikasleen garapenaren ikuspegitik antzematen zaie batez ere, ikastetxearen edo egitura administratiboen ikuspegitik ere antzematen bazaie ere.
Praktika Inklusiboak Garatzea
Xedea: bilatzen da ikastetxeetako praktikek kultura eta politika inklusiboen isla izatea. Ziurtatu nahi da ikasgelako eta eskolaz kanpoko jarduerek ikasle guztien partaidetza eragiten dutela, eta kontuan hartzen direla ikasleen eskola-inguruneaz kanpoko ezagutza eta esperientzia. Irakasletza eta laguntzak integratu egiten dira ikaskuntzarako eta partaidetzarako trabak gainditzeko modua ematen duen ikaskuntza prestatzeko. Langileek ikastetxearen eta tokiko komunitateen baliabideak mobilizatzen dituzte, guztion ikaskuntza aktiboari eusteko.
Indexaren Etapak
- Indexaren prozesua hastea
- Hezkuntza-zentroa aztertzea
- Orientazio inklusiboarekin ikastetxea hobetzeko plana prestatzea
- Hobetu beharreko alderdiak ezartzea
- Indexaren prozesua ebaluatzea
Hezkuntza Inklusiboaren Printzipioak
Eredu inklusiboan ikasle guztiak pertsonalki zein sozialki sustatzen eta garatzen dira. Denak dira ikasteko gai, eta denek ikasi behar dute, ahalmenaren arabera. Eskola inklusiboak, beraz, hezkuntza integral bat eskaintzen digu, haurrek eduki akademikoak eta balioak eskuratzen dituztelako, garapen sozial eta pertsonala indartuz. Oinarrian, kalitatezko hezkuntza du, ikasle guztientzat, eta dibertsitateari erantzuten dio, komunitatea osatzen duten guztiak baloratuz.