Independentzia Gerra eta Cadizko Gorteak: Espainiaren eraldaketa (1808-1833)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 13,17 KB

Independentzia Gerra (1808-1814): Cadizko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa

Gatazka honen abiapuntua Karlos IV.aren erregealdiko krisia (1788-1808) izan zen. Arazo batzuk kanpotik zetozen: lehenago Borboikoen absolutismoa abolituko zuen Iraultza eta, geroago, Napoleon Bonaparteren politika espantsionistaren biktima. Beste arazo batzuk Espainiako barne arazoak izan ziren: ekonomia ahulari lotutako krisi ekonomikoa eta, arazo nagusia, monarkiaren barruko krisi politikoa.

Frantziaren aliatuak izan ziren gerraren aurreko urteetan, Fontainebleauko Ituna sinatu zuten 1807an. Espainiako agintariek britainiarren aliatu portugaldarra zigortzera zihoazen tropa frantsesei pasatzen utzi zieten. Aranjuezen herri matxinada bat piztu zen, Fernando, Asturiasko Printzea, errege berria izateko. Murat jeneral frantsesaren tropek Madril okupatu zuten. Napoleonek krisi politiko espainiarra aprobetxatu zuen:

  • Baionan Karlos eta Fernando, aita-semeak, abdikatzera behartu zituen.
  • Espainiako tronua Jose Bonaparte anaiari eman zion.

Matxinadak 1808ko maiatzaren 2an Madril aldean hasi eta handik lurralde osora zabalduko ziren. Espainiarrek errege atzerritarra zutela eta inbadituak izan zirela ulertu zuten. Inbaditzaileek herri altxamenduak gogor zapaldu zituzten eta errebelde espainiarrek altxamendu armatu gehiagorekin erantzun zuten.

Gerrak iraun bitartean, espainiar guztiak ez ziren frantsesen kontra borrokatu. Batzuk, frantsestuak, inbaditzaileekin aliatu ziren, haiei lagunduz herrialdearen modernizazioa lortuko zutela uste baitzuten; beste espainiarren ustez, traidore hutsak ziren eta haien aurkako amorru handia piztu zen.

Gehiengo errebeldearen barruan bi joera/talde bereizten ditugu:

  • Ideia tradizionalak zituen gehiengoa.
  • Liberal gutxi batzuk.

Hastapenetan, Murat jenerala frantsesen buruzagia izan zen; geroago, Napoleonek berak Espainiako gerra zuzendu zuen, ia penintsula osoa menperatu arte.

Espainiarrek etsai boteretsuago bati aurre egin zioten, frantsesen kontrako gerrillen gerra baten bidez. Inbaditzaileen garaipena argia izan zen, baina hori aldatuz joango zen arrazoi hauengatik:

  • Napoleonek Europako beste herrialde batzuetan beste gerra batzuk zituenez, adibidez, Errusiako kanpaina.
  • Espainiako gerrillen erantzun zabala egon zen.
  • Britainiarren laguntza militar erabakigarria izan zen: haiek Frantziari kalte egin nahi ziotenez, espainiarren alde borrokatu ziren Wellingtongo dukearen zuzendaritzapean.

Garai bateko etsaia aliatua zen garai bateko aliatuaren aurka. Azkenean, Napoleon Bonapartek Fernando VII.ari gobernatzeko eskubidea onartu zion eta gerrari amaiera emateko 1813ko abenduan Valençayko Ituna sinatu zuten.

Gerra garaian erresistentzia antolatzeko, probintzietan errebeldeek batzordeak sortu zituzten eta haiek guztiak koordinatzeko Batzorde Goren Zentrala sortu zuten. Batzorde Goren Zentralak Gorteak (Parlamentua) biltzeko deia egin zuen. Batzorde Goren Zentrala desegin eta, geroago, Erregeordetza Kontseilua sortu zuten.

Kontseilua Cadizen, frantsesen kontrolpean ez zegoen lurraldean, bildu zen; haren zeregin nagusia parlamentu berriaren sorrera izan zen. Cadizen bildutako diputatu gehienak liberalak izan ziren. Espainiako antolaketa modernizatzeko, lege berriak eta 1812ko Konstituzioa promulgatu zituzten. Honelako printzipioak defendatzen zituzten: hiru botereen banaketa, subiranotasun nazionala, berdintasun juridikoa...

Euskal Herriari dagokionez, konstituzio berriak ez zuen foru-sistema aipatzen, ez zuen ez berresten ezta indargabetzen ere. Bizkaiak salbu, beste euskal lurraldeek konstituzio berria zin eginez onartu zuten. Hala ere, liberal gutxi haien eragina eskasa zen oraindik eta haiek promulgatutako arau guztiak Fernando VII.ak indarrez abolituko zituen 1814an, errege berriak absolutismoa berrezarri zuen; “Persiarren manifestua” delakoan diputatu absolutistek hori monarkari eskatu zioten bezala.

Gerratik herrialdea oso pobretuta atera zen, gora egingo zuen zatiketa politiko batekin. Fernando VII.aren erregealdia absolutismoaren eta liberalismoaren arteko norgehiagoka izan zen; boterearekin obsesionatuta zegoen monarka gaizto, makur eta gupidagabe bat heldu zen tronura.

Zentralismoa

Estatu bat antolatzeko eta gobernatzeko ikuspegia, lurraldeen gaineko kontrola handitu nahi duena. Estatu bateratua edo unitarioa helburu. Gobernu zentralak ahalik eta botere gehien bereganatzen du. Lurraldeetako autogobernua eta berezitasunak ahalik eta gehien ahultzen ditu.

Federalismoa

Botere eta gobernu arlo batzuk deszentralizatuta egotea nahi duen ikuspegi politikoa. Estatu anitzaren aldekoa. Gobernu federalak zenbait gobernu-arlotan esklusibotasunari eusten dio. Estatuko lurraldeek autogobernua dute eta kulturaniztasuna bezalako ezaugarriak babesten edo errespetatzen dira.

Fernando VII.aren erregealdia (1814-1833)

Espainiara itzuli bezain laster, Fernando VII.ak absolutismoa eta Erregimen Zaharraren oinarri nagusiak berrezarri zituen indarrez; haren kezka nagusia botere absolutua mantentzea izan zen. Liberalismoa ez zen mugimendu handia, baina gero eta boteretsuagoa izango zen. Erregea liberalismoa indargabetu eta zapaltzen ahalegindu zen. Baina ez zuen mugimenduaren hazkundea gelditzea lortuko. Ideia modernoak ez ziren penintsulan bakarrik zabaldu. Erregeak ezin izan zuen Amerika aldeko kolonietan piztutako prozesu independentista gelditu. Kreolak, hau da, han jaiotako elite zuriak, prozesu haren sustatzaile nagusiak izan ziren. Espainiar koroaren ordezkariak kanporatu nahi zituzten. Lurralde haiek gobernatzen zituzten erregeorderrietatik errepublika berriak sortuko ziren. Garai bateko inperioan Kuba, Puerto Rico edota Filipinak bakarrik gobernatzen jarraitu zuten 1898 arte.

Fernandoren ondorengotzaren auziak sortutako gatazka liberalek aprobetxatzen jakingo zuten. Maria Kristina Napolikoarekin Fernando VII.ak ez zuen semerik eta Felipe V.aren garaian Lege Salikoa ezarri zen. Oinordekoa Karlos infantea izango zela zirudien. Hura bezala antiliberala izan arren, erregeak ez zuen anaia tronuan nahi eta Isabel alaba erregina izateko Lege Salikoa abolitzen zuen Berrespen Pragmatikoa promulgatu zuen 1830ean.

Herritar batzuek ez zuten hori onartu eta Karlos infantearen alde borrokatzea erabaki zuten (karlistak deiturikoak). Liberalek Isabelen alde borrokatuz boterea harrapatzeko aukera zutela ulertu zuten. Fernando erregea hil eta gero, zazpi urtez iraungo zuen gerra zibil bat piztu zen (Lehen Gerra Karlista). Gatazka armatu hartan bi borroka nahastu ziren: liberalismoaren eta antiberalismoaren arteko norgehiagoka eta ondorengotza-gerra.

Liberalismoa

XVIII. mendearen amaieratik aldaketa sozial eta ekonomiko nagusiak bultzatu zituen mugimendu politikoa da liberalismoa, gaur egungo munduaren ideologia nagusia dena. Argi eta garbi burgesek sortutako pentsaera da. Honako ideia nabarmen hauek ditu:

  • Askatasun eta eskubide indibidualen defentsa; eskubide horien artean honako hauek daude: sinesmen- eta adierazpen askatasuna, jabetza pribatua, segurtasun pertsonala…
  • Askatasun ekonomikoan eta enpresa pribatuen nagusitasunean sinisten du.
  • Gizartean, kulturan eta, batez ere, ekonomian gobernuen eta botere publikoen eragina murriztu nahi du.

Liberalismoaren barruan bi joera nagusiak bereizten dira:

Liberalismo progresista (erradikala)

  • Erregearen boterea mugatu nahi zuten parlamentuaren mesedetan.
  • Subiranotasun nazionala, parlamentuan ordezkatua.
  • Herritarrentzat askatasun eta eskubide zabalak nahi zituzten.
  • Hasieran, sufragio zentsitarioa; gero, sufragio unibertsalaren defentsa.

Liberalismo moderatua (kontserbadorea)

  • Erregeari botere handia onartzen zioten parlamentuaren kaltetan.
  • Herritarren askatasunak eta eskubideak murriztu nahi zituzten.
  • Oso mugatuta zegoen sufragio zentsitarioaren defentsa.

Kultura

  • XVIII. mendean, herritarren artean bizimodu eta pentsaera tradizionalak ziren jaun eta jabe.
  • Herritar gehienak pobreak eta analfabetoak ziren; eskolatu gabe zeudenak. Herritar asko agintarien hizkuntza ofiziala (gaztelania) ez zekiten euskaldun elebakarrak ziren.
  • Gutxi batzuek bakarrik ikasketak burutzen zituzten. Espainian, burgesia ez zen oso talde sendoa eta ideia berriak mesfidantzaz ikusten zituzten.
  • Borboiko dinastiarekin batera eragin frantsesa handitu zen, baina beti elite txiki batean.
  • XVIII. mendean sortutako Ilustrazioaren berri gutxi batzuek eduki zuten. Goi mailako jendearen barruan, ilustratuen ikuspegi hori sendotzeko ekimen batzuk egon ziren. Ekimen garrantzitsuenetako bat Euskalerriaren Adiskideen Errege Elkartea izan zen.
  • Euskal handiki batzuek euren seme-alabei irakaskuntza modernoa eskaini nahi zieten eta ezagutza berriak helarazteko Bergarako Euskal Errege Mintegia sortu zuten.

Berrespen Pragmatikoa

Felipe V.ak Lege Salikoa ezarri zuen, non emakumeak ezin zuten karguan egon. Lege Salikoa abolitu nahi zuenez, Berrespen Pragmatikoa promulgatu zuen.

Zamakolada

Foru-sistemari kalte egiten zion edozein erreformak euskal herritarren amorrua eragiten zuen.

Lur jabetza

Espainian latifundismo asko zegoen. Hau, batez ere, hegoaldeko lurraldeetan gertatzen zen, non latifundistak goi mailako nobleak izan ohi ziren.

Librekambismoa

Kanpotarrei inolako trabarik jartzen ez dien politika ekonomikoa.

Foru-sistema

Erregimen Zaharreko Espainian ez zegoen batasun politikorik, legeak eta instituzioak ez baitziren monarkia espainiarraren lurralde guztientzako amankomunak. Espainiako mapa politiko batek XIX. mendearen erdian hiru gune esanguratsu bereizten zituen. Euskal Herrian zegoen foru-sistema –lurralde haiek haien legeak, Aldundiak eta Batzar Nagusiak zituzten– antolaketa tradizionalaren adibide ona zen eta onuragarria zitzaien euskal probintziei:

  • Zergak eta soldadutza bezalako kontuetan lurralde salbuetsiak ziren.
  • Merkataritzan askatasun handia zuten.
  • Foru-baimenari esker, gobernu zentralaren erabaki kaltegarriak indargabetzea lortzen zuten.

XVIII. mendeko ondorengotza-gerraren ondoren, euskal probintziek bakarrik eutsi zioten autogobernu tradizionalari. Baina aurrerantzean, Espainiako agintarien egitasmoa zentralista izango zen eta ez federala. Liberalismoak ere batasun politikoa eta foruen ezabapena zituen helburu; foru-sistema hori haiek nahi zuten uniformizaziorako oztopo handia baitzen. Ondorioz, euskal foru-sistema mehatxaturik egongo zen. Foru-sistemari kalte egiten zion edozein erreformak euskal herritarren amorrua eragiten zuen.

Euskal gizarte, erakunde eta lege tradizionalen defentsa gobernu zentralistekin egongo ziren gatazken arrazoi garrantzitsua izan zen. Mehatxu zentralista kanpotar horri esker, XIX. mendean karlismoak euskal gizartean eragin handia lortuko zuen.

Ekonomia

  • XVIII. mendean, Espainiako ekonomiaren oinarria nekazaritza izan zen.
  • Iraupeneko nekazaritza zen:
    • Teknologia gutxiren erabilera eta teknika tradizionalak.
    • Langile askoren beharra zuten.
    • Etekin murritzak zeuden (produkzio eskasa edo irregularragatik).
    • Naturaren aldaketen menpe zegoena.
    • Familiaren kontsumorako produzitzen zen.
  • Lurjabetza-mota nagusia honelakoa zen:
    • Espainian latifundismo asko zegoen. Hau, batez ere, hegoaldeko lurraldeetan gertatzen zen; non latifundistak goi-mailako nobleak (dukeak, kondeak eta markesak) izan ohi ziren.
    • Amortizatua:
      • Lur gehienak merkatutik kanpo zeuden. Lurrak alokatzea posible eta ohikoa zen.
      • Jabe batek lurraren gozamen eskubideak zituen arren, ez zeukan jabetza absolutua eta jabea zen familiaren izenean.

XIX. mende osoan jarraitu zuten ezaugarriak. Gorakada izan bazuen ere, industria gutxi zegoen. Eskulangileen jarduera, tailer txikietan egiten zen, hirietan eta landa inguru batzuetan. Lurralde periferikoetan besterik ez zen sortu industrian inbertituko zuen merkataritza burgesia indartsua; ordura arte, burges haien jarduera nagusia merkataritza zen, etorkizunean haietako batzuk industrian ere arituko ziren apurka-apurka.

Gobernuek barne- eta kanpo-merkataritza sustatzeko neurriak hartu zituzten. Aditu batzuek atzerriko produktuen gehiegizko sarrera murriztea ezinbestekoa zela uste zuten, horregatik muga-zergak (=arantzelak) ezartzeko proposamena egin zuten. Komunikabideak hobetzeko, barne merkataritza errazteko eta merkatu nazional bat sustatzeko plan bati ekin zioten. Hala ere, irizpide ekonomikoen gainetik, sarritan irizpide politikoak (zentralistak) nagusitu ziren; adibidez, Espainian bide sare erradiala eraiki zuten.

Despotismo ilustratua

  • Ideia ilustratu batzuen erreferentziarekin, Europako errege batzuek gobernua eta ekonomia eguneratzeko egin zituzten erreformei emandako izena.
  • Erreforma hauek kontserbadoreak eta mugatuak izan ziren, ez zuten absolutismoa edota estamentu-gizartea ezabatzen.
  • Despotismo ilustratua Espainian Karlos III.aren erregealdian hasi eta Karlos IV.aren erregealdian amaitu zen.
  • Erreformen kontra erresistentziak egon ziren.

Entradas relacionadas: