Independentzia Gerra: Botere eta Lege Egiturak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el  en  vasco con un tamaño de 3,1 KB
vasco con un tamaño de 3,1 KB
Frantsesen Agintea: Jose I.a eta Baionako Konstituzioa
Frantsesek, boterea legitimatzeko, neurri hauek hartu zituzten:
- Gorteak deitzea: Napoleonek estamentu bakoitzeko ordezkariak deitu zituen Baionan, konstituzio bat emateko.
- Konstituzio bat ematea: Napoleonek eredu liberal baina oso kontserbadorea aurkeztu zuen. Ordezkariek onartu eta ukatu besterik ezin zuten egin; horregatik, Karta Otorgatua da eta ez konstituzio bat. Karta honen ezaugarriak honako hauek izan ziren: lege bakarrak Espainia osorako eta bi ganbera. Ganberek ez zuten botere legegilerik, eta botoa ematea zentsitarioa zen. Euskal ordezkariek zalantzan egon ziren, foruen mantentzea eskatzen zutelako. Azkenean, lortu ez arren, beren onespena eman zuten, 144. artikuluaren bitartez foruen moldaketa beste bileretarako uztea aldarrikatuz.
- Beste erreforma batzuk: Gainerako erreformen artean, jaurerriaren eta Inkisizioaren aurkako neurriak, aduanak kostaldera eramatea, berdintasun fiskala ezartzea eta komentu kopurua murriztea aipa ditzakegu; denak Antzinako Erregimenaren egiturak desegiteko asmoz.
1810ean, Napoleonek Ebroraino dagoen lurraldea anexionatu zuen: Euskal Probintziak (Bizkaia buru), Nafarroa, Aragoi eta Katalunia. Lurralde bakoitzean gobernadore militar bat ipini zuen, eta lurralde honetako erakunde tradizional guztiak legez kanpo utzi zituen.
Napoleonen eta frantsesen alde erreformistak kokatu ziren, “frantsestuak” deitu zituztenak. Frantsesen aurka, liberalak eta absolutistak egon ziren.
Altxatuen Agintea: Batzordeak eta Cadizko Konstituzioa
Lehenago esan bezala, Borboien abdikazioak utzitako hutsune politikoa betetzeko eta frantsesen inbasioari aurre egiteko, Herri Batzarrak osatu ziren probintzia bakoitzean. Batzorde hauetan ideologia desberdineko pertsonak zeuden, eta helburuak, sarritan, kontrajarriak izan ziren: Absolutistek ez zuten konstituziorik nahi; liberalek konstituzio bat, ganbera bat eta sufragio unibertsalaren alde zeuden; jovellanistek/erreformistek, berriz, bi ganbera eta boto estamentukoaren alde zeuden.
Herri batzordeen eraginkortasuna lortzeko, Batzorde Zentral bat eratu zuten, baina Batzorde honek jokatu behar zuen paperak eztabaida latzak ekarri zituen. Azkenean, deitutako Batzorde Zentral Gorenaren eginkizunak zehaztu ziren: gerra bideratzea armada erregularraren bidez, Gorteak deitzea eta kontsulta bat egitea deitu baino lehen. Cadizen errefuxiatu behar izan zen, frantsesek penintsula kontrolpean izan zutenean.
Kontsulta eginda, Gorteak osatzeko deialdiari ekin zioten, eta Independentzia Gerraren ondorioz, liberalak nagusitu ziren, hauteskundeak nahiko irregularrak izan baitziren. Alde batetik, nobleziaren ordezkari gutxi egon ziren, Batzorde Zentralak ez zielako nobleziari deialdia luzatu; eta, beste aldetik, kostaldeko probintziek beren ordezkariak bidali zituzten ia arazorik gabe, baina frantsesen kontrolpean zeuden probintziek ezin izan zituzten beren ordezkariak bidali, eta Cadizen aukeratu ziren probintzia hauetako pertsonen artean.
