Independentzia Gerra eta 1812ko Konstituzioa: Espainiaren Bilakaera
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 12,06 KB
Independentzia Gerra (1808-1814): Cadizko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa
Sarrera
Gatazka honen abiapuntua Karlos IV.aren erregealdiko krisia (1788-1808) izan zen. Arazo batzuk kanpotik zetozen, batez ere Frantziatik: lehenago Borboikoen absolutismoa abolituko zuen Iraultza eta, geroago, Napoleon Bonaparteren politika espantsionista. Beste arazo batzuk Espainiako barne arazoak izan ziren: ekonomia ahulari lotutako krisi ekonomikoa eta, arazo nagusia, monarkiaren barruko krisi politikoa.
Frantziaren aliatuak izan ziren gerraren aurreko urteetan, Fontainebleauko ituna sinatu zuten 1807an. Espainiako agintariek britainiarren aliatu portugaldarra zigortzera zihoazen tropa frantsesei pasatzen utzi zieten. Aranjuezen herri matxinada bat piztu zen, Fernando, Asturiasko Printzea, errege berria izateko. Murat jeneral frantsesaren tropek Madril okupatu zuten. Napoleonek krisi politiko espainiarra aprobetxatu zuen:
- Baionan Karlos eta Fernando, aita-semeak, abdikatzera behartu zituen.
- Espainiako tronua Jose Bonaparte anaiari eman zion.
Gerraren Garapena
Matxinadak 1808ko maiatzaren 2an Madril aldean hasi eta handik lurralde osora zabalduko ziren. Espainiarrek errege atzerritarra zutela eta inbadituak izan zirela ulertu zuten. Inbaditzaileek herri altxamenduak gogor zapaldu zituzten eta errebelde espainiarrek altxamendu armatu gehiagorekin erantzun zuten.
Gerra garaian espainiar guztiak ez ziren frantsesen kontra borrokatu. Batzuk, frantsestuak, inbaditzaileekin aliatu ziren, haiei lagunduz herrialdearen modernizazioa lortuko zutela uste baitzuten; beste espainiarren ustez, traidore hutsak ziren eta haien aurkako amorru handia piztu zen. Gehiengo errebeldearen barruan bi joera/talde bereizten ditugu:
- Ideia tradizionalak zituen gehiengoa.
- Liberal gutxi batzuk.
Hastapenetan Murat jenerala frantsesen buruzagia izan zen, geroago Napoleonek berak Espainiako gerra zuzendu zuen, ia penintsula osoa menperatu arte. Espainiarrek etsai boteretsuago bati aurre egin zioten, frantsesen kontrako gerrillen gerra baten bidez. Inbaditzaileen garaipena argia izan zen, baina hori aldatuz joango zen arrazoi hauengatik:
- Napoleonek Europako beste herrialde batzuetan beste gerra batzuk zituenez, adibidez, Errusiako kanpaina.
- Espainiako gerrillen erantzun zabala egon zen.
- Britainiarren laguntza militar erabakigarria izan zen: haiek Frantziari kalte egin nahi ziotenez, espainiarren alde borrokatu ziren Wellingtongo dukearen zuzendaritzapean. Garai bateko etsaia aliatua zen garai bateko aliatuaren aurka.
Azkenean, Napoleon Bonapartek Fernando VII.ari gobernatzeko eskubidea onartu zion eta gerrari amaiera emateko 1813ko abenduan Valençayko Ituna sinatu zuten.
Cadizko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa
Gerra garaian erresistentzia antolatzeko, probintzietan errebeldeek batzordeak sortu zituzten eta haiek guztiak koordinatzeko Batzorde Goren Zentrala sortu zuten. Batzorde Goren Zentralak Gorteak (Parlamentua) biltzeko deia egin zuen. Batzorde Goren Zentrala desegin eta geroago Erregeordetza Kontseilua sortu zuten. Kontseilua Cadizen, frantsesen kontrolpean ez zegoen lurraldean, bildu zen; haren zeregin nagusia parlamentu berriaren sorrera izan zen.
Cadizen bildutako diputatu gehienak liberalak izan ziren. Espainiako antolaera modernizatzeko, lege berriak eta 1812ko Konstituzioa promulgatu zituzten. Honelako printzipioak defendatzen zituzten: hiru botereen banaketa, subiranotasun nazionala, berdintasun juridikoa,... Euskal Herriari dagokionez, konstituzio berriak ez zuen foru-sistema aipatzen, ez zuen ez berresten ezta indargabetzen ere. Bizkaiak salbu, beste euskal lurraldeek konstituzio berria zin eginez onartu zuten.
Hala ere, liberal gutxi haien eragina eskasa zen oraindik eta haiek promulgatutako arau guztiak Fernando VII.ak indarrez abolituko zituen 1814an, errege berriak absolutismoa berrezarri zuen; “Persiarren manifestua” delakoan diputatu absolutistek hori monarkari eskatu zioten bezala.
Gerratik herrialdea oso pobretuta atera zen, gora egingo zuen zatiketa politiko batekin. Fernando VII.aren erregealdia absolutismoaren eta liberalismoaren arteko norgehiagoka izan zen; boterearekin obsesionatuta zegoen monarka gaizto, makur eta gupidagabe bat heldu zen tronura.
XVIII. mendeko Espainia: Aldaketa Dinastikoa eta Zentralismoa
XVIII. mendearen hasieran, Espainian Ondorengotza-gerra bat egon zen. Ordura arteko erregeak Habsburgokoak izan ziren. Garai hartan, Estatu Buruaren nortasuna askoz garrantzitsuagoa zen gaur egun baino; nolako Estatu Burua, halako gobernua baitzegoen. Tronurako bi erregegai egon ziren: Austriako artxidukea, Karlos Habsburgokoa, eta Anjouko dukea, Filipe Borboikoa. Filipe Borboikoa garaile atera zen gerratik; ondorioz, Espainian dinastia aldaketa egon zen eta eredu politiko frantsesa ezarri zuten.
Estatu bat antolatzeko eta gobernatzeko bi ikuspegi nagusi daude:
Zentralismoa: Estatu bat antolatzeko eta gobernatzeko ikuspegia, lurraldeen gaineko kontrola handitu nahi duena. Estatu bateratua edo unitarioa helburu. Gobernu zentralak ahalik eta botere gehien bereganatzen du. Lurraldeetako autogobernua eta berezitasunak ahalik eta gehien ahultzen ditu.
Federalismoa: Botere eta gobernu arlo batzuk deszentralizatuta egotea nahi duen ikuspegi politikoa. Estatu anitzaren aldekoa. Gobernu federalak zenbait gobernu-arlotan esklusibotasunari eusten dio. Estatuko lurraldeek autogobernua dute eta kulturaniztasuna bezalako ezaugarriak babesten edo errespetatzen dira.
Garai bateko Aragoiko koroaren lurraldeak politika zentralistaren lehenengo biktimak izan ziren; Austriako artxidukearen alde borrokatzeagatik, haiek zigortzeko Nueva Planta motako Dekretuak promulgatu zituen errege berriak. Lurralde haiei gobernu-erakunde eta lege tradizionalak ezabatu zizkien, lege eta erakunde gaztelarrak inposatuz. (!) Gobernu-erakunde eta lege tradizionalak (Foru-sistema) mantendu zituzten lurralde bakarrak Euskal Herrikoak izan ziren. Hala ere, zentralismoaren mehatxua gero eta handiagoa izango zen. Estatu berrian beste erabaki zentralista bat hartu zuten: gaztelerari lehentasuna emango zitzaion penintsulako beste hizkuntzen kaltetan.
Monarkia Absolutua XVIII. mendean
XVIII. mendean, Europako herrialde gehienak, Espainia ere bai, monarkia absolutuak ziren.
- Monarkia: Estatu Buruak kargua familiako beste kide batengandik heredatzen du eta kargua biziartekoa da. Normalean, aurreko Estatu Burua hil eta gero heredatzen du. Lege Salikoa zuten dinastietan, tronurako eskubideak heredatzeko, familiako gizonei lehentasuna ematen zitzaien leinuko emakumeen kaltetan. Espainian, Filipe V.arekin ezarri zen eta Fernando VII.a hil eta gero, Lehen Gerra Karlistarako arrazoi nagusietakoa izan zen.
- Absolutua:
- Botere nagusi guztiak monarkarengan bilduta daude. Hark gobernatzen du, legeak promulgatzen ditu,...
- Ez zion beste inori erantzukizunik aurkeztu behar.
- Monarka subiranoa da.
- Haren kargua sendotzeko, monarkiak jatorri jainkotiarra zuela esaten zen, "Jainkoaren graziaz".
Espainiako azken errege absolutua Fernando VII.a izan zen; geroztik, errege-erregina konstituzionalak izango ziren.
Borboiak Espainian
Borboikoak: XVIII. mendearen hasieratik gaur egun arte, Espainiako estatuburu gehienak jatorri frantsesa duen errege-familia honetako kideak izan dira. Lehenengoa Anjouko dukea (Filipe V.a) izan zen. Auvernia aldean dagoen Bourbon-l'Archambault jaurerriko gazteluak izena ematen dio leinuari. Borboi-Anjouko leinuaren armarria gaur egungo armarri espainiarrean dagoena.
Espainian balidoak oso ohikoak ziren; balidoak monarkek haien izenean jarduteko aukeratzen zituzten gobernuburuak ziren. Adibidez, Karlos IV.ak Manuel Godoy izendatu zuen.
XVIII. mendeko Ekonomia
- XVIII. mendean, Espainiako ekonomiaren oinarria nekazaritza izan zen.
- Iraupeneko nekazaritza zen:
- Teknologia gutxiren erabilera eta teknika tradizionalak.
- Langile askoren beharra zuten.
- Etekin murritzak zeuden (produkzio eskasa edo irregularragatik).
- Naturaren aldaketen menpe zegoena.
- Familiaren kontsumorako produzitzen zen (merkatuan saltzeko oso gutxi geratzen zen).
- Lurjabetza-mota nagusia honelakoa zen: Espainian latifundismo asko zegoen. Hau, batez ere, hegoaldeko lurraldeetan gertatzen zen; non latifundistak goi-mailako nobleak (dukeak, kondeak eta markesak) izan ohi ziren.
- Amortizatua:
- Lur gehienak merkatutik kanpo zeuden.
- Lurrak alokatzea posible eta ohikoa zen.
- Jabe batek lurraren gozamen eskubideak zituen arren, ez zeukan jabetza absolutua eta jabea zen familiaren izenean (seme-alaba bakar batek –maiorazkoa– heredatzen zuen).
XIX. mende osoan jarraitu zuten ezaugarriak. Gorakada izan bazuen ere, industria gutxi zegoen. Eskulangileen jarduera, tailer txikietan egiten zen, hirietan eta landa inguru batzuetan (adibidez, euskal burdinolak). Lurralde periferikoetan besterik ez zen sortu industrian inbertituko zuen merkataritza burgesia indartsua; ordura arte, burges haien jarduera nagusia merkataritza zen, etorkizunean haietako batzuk industrian ere arituko ziren apurka-apurka.
Gobernuek barne- eta kanpo-merkataritza sustatzeko neurriak hartu zituzten. Aditu batzuek atzerriko produktuen gehiegizko sarrera murriztea ezinbestekoa zela uste zuten, horregatik muga-zergak (= arantzelak) ezartzeko proposamena egin zuten. Komunikabideak hobetzeko, barne merkataritza errazteko eta merkatu nazional bat sustatzeko plan bati ekin zioten. Hala ere, irizpide ekonomikoen gainetik, sarritan, irizpide politikoak (zentralistak) nagusitu ziren; adibidez, Espainian bide sare erradiala eraiki zuten.
Liberalismoa vs. Absolutismoa
Liberalismoa: XVIII. mendearen amaieratik aldaketa sozial eta ekonomiko nagusiak bultzatu zituen mugimendu politikoa da liberalismoa, gaur egungo munduaren ideologia nagusia dena. Argi eta garbi, burgesek sortutako pentsaera da. Honako ideia nabarmen hauek ditu:
- Askatasun eta eskubide indibidualen defentsa; eskubide horien artean honako hauek daude: sinesmen- eta adierazpen askatasuna, jabetza pribatua, segurtasun pertsonala,...
- Askatasun ekonomikoan eta enpresa pribatuen nagusitasunean sinisten du.
- Gizartean, kulturan eta, batez ere, ekonomian gobernuen eta botere publikoen eragina murriztu nahi du.
Absolutismoaren eta Liberalismoaren Ezaugarriak
Absolutismoa
- Erregea subiranoa da; haien gainetik ez dago beste botererik.
- Botere guztiak erregearengan bilduta daude.
- Erregeak ez dio beste inori erantzukizunik aurkeztu behar.
- Legeen gainetik gobernatzen du.
Liberalismoa
- Eskubide indibidualen babesari lehentasuna ematen zaio.
- Herritarrak (nazioa) subiranoak dira eta haien izenean gobernatzen duten agintariak hautatzen dituzte.
- Estatuaren botereak banatuta daude. Hiru botereen banaketa: exekutiboa (gobernua), legegilea (parlamentua), judiziala (epaitegiak).
- Agintari guztiak (estatuburua barne) legearen kontrolpean daude. Zuzenbide-estatua.
Liberalismoaren Korronteak
Liberalismo Progresista
- Erregearen boterea mugatu nahi zuten parlamentuaren mesedetan.
- Subiranotasun nazionala parlamentuan ordezkatua.
- Herritarrentzat askatasun eta eskubide zabalak nahi zituzten.
- Hasieran sufragio zentsitarioa, gero sufragio unibertsalaren defentsa (ikuspegi demokratikoa).
Liberalismo Moderatua
- Erregeari botere handia onartzen zioten parlamentuaren kaltetan.
- Herritarren askatasunak eta eskubideak murriztu nahi zituzten.
- Oso mugatuta zegoen sufragio zentsitarioaren defentsa (ikuspegi oligarkikoa).