Inbertsioak: Sailkapena, Errenta Finko eta Aldakorreko Baloreak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Economía

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,63 KB

1. Inbertsioen Sailkapena eta Irizpideak

1.1. Inbertsioen Sailkapena

Inbertsio guztiak irizpide hauen arabera sailkatu daitezke:

  • Likidezia. Inbertsio batek diru bihurtzeko duen gaitasuna da. Likidezia handiko inbertsioak interesgarriak dira inbertsiogileak dirua eskura erraz eskuratu nahi badu.
  • Segurtasuna. Inbertsio orok du espero baino diru gutxiago eskuratzeko arriskua; eta gerta daiteke dirua galtzea ere. Arriskua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta seguruagoa da produktua, eta alderantziz.
  • Errentagarritasuna. Hasierako inbertsioaren gainean etekin gehigarriak lortzeko gaitasuna da.

Inbertsiogile batek larrialdietarako diru-poltsa bat izan nahi badu, errentagarritasuna baino komenigarriagoak dira likidezia eta segurtasuna. Baina inbertsioaren errentagarritasunak ere ezin du txikiegia izan, bestela ez baitu merezi inbertitzea. Inbertsiogile bakoitzaren profilaren mende egongo da hiru irizpideen arteko oreka.

1.2. Errenta Finkoko Baloreak

Errenta finkoko produktuek aurrez ezarritako errentagarritasuna ematen dute, eta inbertitutako dirua epe jakin batean itzultzen dute. Zor publikoa deritze, horrelako jaulkipen gehienak erakunde publikoek egiten dituztelako (estatuko administrazio zentralak, zehazki). Autonomia-erkidegoek ere jaulki ditzakete halako baloreak; baina, jaulkipenak ez dira hain ohikoak, eta inbertsio arriskutsuagoak izaten dira. Izan ere, autonomia-erkidegoek ordaintzeko berme gutxiago eman ditzakete Estatuak baino.

IzenaEpea
Altxorraren Letra3, 6, 12 eta 18 hilabete
Bonuak3 eta 5 urte
Obligazioak10, 15 eta 30 urte

1.3. Errenta Aldakorreko Baloreak

Errenta finkoak ez bezala, errenta aldakorrak ez du aurrez finkatutako errentagarritasunik ematen, eta inbertsioaren epea ere zehaztu gabe egoten da. Akzioak erosten dituena enpresa edo negozio horretako bazkide-jabe bihurtzen da, eta, horrenbestez, ez dago inbertitutako dirua itzultzeko eperik. Diru-ekarpenaren truke, inbertsiogileak enpresa kudeatzeko eskubidea lortzen du, baita dibidenduen banaketan (etekinak) parte hartzekoa ere.

Akzioak: Definizioa

Enpresa baten jabetza-ehunekoa adierazten duten tituluak dira, eta jabeei eskubide ekonomikoak eta kudeaketarako eskubideak ematen dizkiete.

Akziodun batek bi modu ditu bere inbertsioari errentagarritasuna ateratzeko:

  1. Dibidenduen (etekinak) banaketatik.
  2. Akzioak erosi baino garestiago salduta.

Alabaina, ezin da jakin zenbateko errentagarritasuna lor dezakeen, bi arrazoirengatik:

  • Enpresaren egoeraren mende dago dibidenduen banaketa.
  • Akzioen merkatu-prezioa aldatu egiten da burtsan.

Aurrez ezin denez jakin enpresaren egoera zein izango den eta burtsak zer aldaketa izango dituen, errenta aldakorrak arriskuak dituela esaten da.

Entradas relacionadas: