Immanuel Kant: Arrazoimenaren Erabilera eta Autonomia Morala

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,07 KB

Arrazoimenaren Erabilera Publikoa eta Pribatua

Immanuel Kantek arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua bereizten ditu hainbat lanetan, besteak beste, Zer da Ilustrazioa? eta Historia unibertsal baterako ideiak zentzu kosmopolitean. Bere ikuspegian, norberak bere kabuz pentsatzeko eta arrazoitzeko askatasuna defendatzen du, Ilustrazioaren eta gizartearen aurrerapenaren oinarria hori baita. Hala ere, bere garaian gizartearen zenbait esparruk ez zuten ideia hori partekatzen; armadak, estatuko administrazioak eta elizak askatasuna mugatzen zuten, obeditzea eskatuz eta arrazonatzea galaraziz.

Arrazoitzea eta Obedientzia: Bateragarritasuna

Kantek, ordea, arrazoitzea eta obeditzea bateragarriak direla frogatzen saiatu zen. Hori adierazteko, Federico II.aren esaldia gogorarazi zuen: “Nahi adina eta nahi duzunaz arrazonatu, baina obeditu”. Horrela, askatasuna eta ordena soziala uztartzeko aukera zegoela uste zuen.

Definizioak eta Adibideak

Arrazoimenaren erabilera publikoak adituek gizarteari zuzenduta egiten duten kritika eta eztabaida askea esan nahi du. Gizartearen aurrerapenerako ezinbestekoa da, izan ere, edozein gairi buruzko adierazpen askatasuna bermatzen du. Aldiz, erabilera pribatua pertsona batek bere kargu edo postu jakin batean egiten duen arrazoimenaren erabilera da, eta aginduei men egitea eskatzen du, gizarte ordena mantentzeko.

Kantek hiru adibide aipatzen ditu bere azalpenetan:

  • Armadako ofiziala: Aginduak bete behar ditu (erabilera pribatua), baina soldadutzaren akatsei buruzko iritzia publikoarekin parteka dezake (erabilera publikoa).
  • Herritarra: Zergak ordaindu behar ditu (pribatua), baina bidegabekeriak publikoki kritikatu ditzake (publikoa).
  • Apaiza: Elizaren aginduak bete behar ditu (pribatua), baina erlijioaren hobekuntza proposa dezake publikoari (publikoa).

Azkenik, Kantentzat askatasunak adierazpen askatasuna esan nahi du, ez nahieran jarduteko aukera. Arrazoiaren erabilera publikoan nahi adina pentsatu eta hitz egin daiteke, baina erabilera pribatuan obeditu behar da beti. Beraz, askatasuna arrazoimenaren erabilera publikora mugatzen da, ordena soziala bermatzeko erabilera pribatuaren obedientzia ezinbestekoa baita.

Autonomia Morala eta Inperatibo Kategorikoa

Kantek autonomia morala defendatzen du, hau da, gizabanako bakoitzak bere arrazoimenaren bidez agindu moralak ezartzeko gaitasuna. Argi uzten duenez, erregeak ez du eskumenik herritarrei erlijio edo moralaren alorrean arauak ezartzeko. Aginte politikoa eta ekonomikoa berea izan daitezke, baina moralaren esparruan, subjektuek askatasunez jardun behar dute, inolako heteronomiarik gabe.

"Caesar non est supra grammaticos"

"Caesar non est supra grammaticos" esapideak ideia hau ilustratzen du. Erromako enperadoreak politika eta ekonomia arautu dezakeen arren, hizkuntzaren erabileran ez du autoritaterik. Latindar gramatikaren arauak gramatikoek erabakitzen dituzte, ez enperadoreak. Analogiaz, moralaren eremuan ere, gizaki bakoitzak bere buruari agindu morala ezartzeko eskubidea eta betebeharra du. Horrek esan nahi du moralak ezin duela kanpotik inposatua izan.

Inperatibo Kategorikoa: Oinarria eta Formulazioak

Kantek autonomia morala betebeharrean oinarritzen dela dio. Ekintza bat zuzena izan dadin, subjektuak bere arrazoi propioaren bidez onartu behar du, eta ez beldur edo interes pertsonalen ondorioz. Hori azaltzeko, Kantek inperatibo kategorikoa proposatu zuen: arau moral unibertsal bat, subjektuak bere askatasunez onartua.

Inperatibo kategorikoaren bi formulazio nagusi hauek dira:

  1. Lege unibertsala: "Lege unibertsal bihurtzea nahi zenukeen moduan joka ezazu."
  2. Gizateriaren printzipioa: "Gizateria, zeure burua eta beste guztiak, xede gisa eta ez bitarteko gisa trata itzazu."

Horren arabera, Kanten etikak gizabanakoaren askatasuna eta arrazoimena nabarmentzen ditu, aginte inposatzaileen gainetik.

Entradas relacionadas: