Ilustrazioa eta Kant: Giza Arrazoimenaren Askapena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,15 KB
Ilustrazioaren Ezaugarri Orokorrak
Ilustrazioa XVIII. mendeko pentsamendu-mugimendu garrantzitsua izan zen, arrazoian eta gizateriaren hobekuntzan oinarritutakoa. Pertsonak modu kritiko, autonomo eta analitikoan pentsatzen ikastea sustatu zuen, eta zientzia eta hezkuntza erabiliz gizakien bizi-baldintzak hobetzeko aukera zegoela uste zuen. Garapenaren ideia indartu zen, belaunaldiz belaunaldi lorpenak pilatu eta gizartea etengabe hobetuko zela sinetsita.
Ilustrazioak liburuen erabilera handitu zuen, entziklopediak eta hiztegiak argitaratuz, eta derrigorrezko hezkuntzaren aldeko ideiak ere bultzatu zituen. Jainkoaren existentzia onartzen zuen deismo izeneko erlijio-ikuspegia zabaldu zen, baina aldi berean sinesmen tradizionalak zalantzan jartzen hasi ziren. Tolerantziaren eta askatasunaren aldeko ideiak indartu ziren, baita ekonomian liberalismoa eta politiketan giza eskubideak, legearen aurreko berdintasuna, botereen banaketa eta kontratu sozialaren kontzeptua ere.
Mugimendu hau Britainia Handian hasi zen, liberalismo eta deismoarekin lotuta. Frantzian, Entziklopediaren inguruan antolatu zen eta iraultza prestatzeko ideiak sortu zituen, Diderot, Voltaire eta Rousseau bezalako pentsalariekin. Prusian, despotismo ilustratua nagusitu zen: gobernu zentralizatua izan arren, kultura eta modernizazioaren aldeko erreformak egin ziren. Garai honek Mendebaldeko historian ideia garrantzitsuak utzi zituen, hala nola, herriaren boterea, konstituzioak eta askatasun-eskubideak.
Kant eta Ilustrazioa: "Sapere Aude!"
Kanten arabera, Ilustrazioa gizakiak bere "adingabetasunetik" ateratzea da, hau da, bere arrazoia modu autonomoan erabiltzen hastea eta beste batzuen kontrol edo aginduetatik askatzea. Adingabetasun hori ez dator burugabekeriatik, baizik eta alferkeria eta koldarkeriatik; askok nahiago dute beste batzuen esanak jarraitu pentsatzea eta erabakiak hartzea beraien gain hartzea baino. Horregatik, Kantek “Sapere aude!” edo “Ausartu zaitez pentsatzera!” leloa proposatzen du, pentsamendu kritiko eta aske baten alde eginez, autonomia eta askatasuna bultzatuz. Beraz, Ilustrazioa adimena eta borondatea askatzeko prozesu bat da, non pertsonak bere kabuz pentsatu eta erabaki behar duen.
Kanten arabera, Ilustraziorako bi oztopo nagusi daude. Barnekoak dira beldurra, alferkeria eta koldarkeria; eta kanpokoak, berriz, erlijio tutoretzak, gobernuaren kontrolak eta tradizioek sortzen dituzten mugak dira, horiek guztiek pentsamendu autonomoa oztopatzen baitute. Horiek gainditzeko, Kantek argi esaten du gizakiak askatasuna izan behar duela pentsatzeko eta bere iritziak adierazteko, beste inoren menpe egon gabe.
Kantentzat, Ilustrazioa ez da soilik ezagutza gehiago lortzea; pentsamendu autonomoa izatea eta erantzukizunez bizitzea da. “Sapere aude!” esaldian laburbiltzen dira Ilustrazioaren ideia nagusiak:
- Askatasuna
- Autonomia
- Erantzukizuna
- Burujabetza
Azken batean, gizakiak bere adimena modu kritiko eta askean erabiltzea da helburua.
Kant eta Arrazoimenaren Erabilera: Publikoa eta Pribatua
Kanten arabera, Ilustrazioa gizakiak bere arrazoia modu librean erabiltzen duenean lortzen da, eta horretarako askatasunaren bi forma daude: arrazoiaren erabilera publikoa eta pribatua. Arrazoiaren erabilera publikoa da pertsona batek bere ideiak publikoan adierazten dituenean, eta Kantek dio hori guztiz askea izan behar dela, gizartean pentsamendu kritikoa eta autonomoa sustatzeko. Horrela, gizartearen aurrerapen intelektual eta morala bermatzen dira.
Aldiz, arrazoiaren erabilera pribatua pertsonen eguneroko lan edo eginkizunetan egiten dena da, eta Kantek dio kasu horretan askatasuna mugatu daitekeela, gizartearen ordena eta lasaitasuna mantentzeko. Hala ere, garrantzitsua da ulertzea muga horrek ez duela Ilustrazioaren prozesua oztopatzen, baldin eta arrazoiaren erabilera publikoa askea bada.
Adibide gisa, Federiko II.aren politika aipatzen du Kantek. Politika horrek arrazoiaren erabilera publikoa askatzen zuen eta Ilustrazioa bultzatzen zuen, nahiz eta arrazoiaren erabilera pribatua mugatu.
Kanten ikuspegian, badago askatasunaren paradoxa: legeek eta arauek mugatutako askatasunak gizartea hobeto aurrera egiteko laguntzen dute, gizarte etiko eta ilustratu bat sortuz.
Kant eta Autonomia Morala: "Caesar non est supra grammaticos"
Kanten arabera, Ilustrazioaren oztopoak ez daude inongo botere edo talde baten eskumenean, giza izaerak aurrera egiteko eta bere kabuz pentsatzeko aukera ematen baitu. Horrela, "Caesar non est supra grammaticos" esaldiarekin adierazten du erregeak ez duela eskubiderik adituen gainetik egon eta ez duela sinesmen bat inposatu behar. Erlijio edo sinesmen baten inposizioak, baita agintariek ere, autonomia morala oztopatzen du.
Autonomia morala, Kanten arabera, gizakiaren oinarrizko ezaugarria da. Gizakiak lege moralak sortzeko eta horiek betetzeko gai dira, eta horretarako ez dago inoren menpe egon behar. Lege moralak arrazoimenetik sortzen dira eta gizakiak bere buruari ezartzen dizkio, beste inoren borondatearen menpe izan gabe. Horrela, pertsona bakoitzak bere legea, bere arrazoia jarraitzeko askatasuna du, eta horrela egiten du aurrera.
Kanten etika formala praktikoan oinarritzen da, unibertsala da, eta guztientzako baliogarria. Lege moralaren formulazio ezagunena da: "Joka ezazu zure jokabidea lege orokor bihurtzea nahiko bazenu bezala", adierazteko unibertsaltasunaren eta errespetuaren garrantzia. Autonomia morala gizartearen aurrerapenaren oinarria da.
Arrazionalismoa eta Enpirismoa Kantengan
Kant, hasieran, arrazionalista izan zen, baina Hume-ren eszeptizismoa ezagutzean, haren pentsamenduaren kritika aintzakotzat hartu zuen. Horrela, arrazionalismo dogmatikotik urrundu zen, eta arrazoimenaren ahalmen eta mugak aztertu behar zituela onartu zuen. Arrazionalisten konfiantza erabatekoa zen arrazoimenaren ahalmenetan, baina Kantek kritika bat egin behar zela uste zuen, arrazoimenaren mugak argitu gabe ezagutza ulertzea arriskutsua zela iritzita. Hume-ren eszeptizismoari aurre egin zion, Newtonen fisikaren erakustaldiekin, naturaren lege unibertsalak badirela defendatuz.
Horrela, Kantek arrazoimenaren kritika egin zuen, giza ezagutzaren baldintzak aztertzeko. Bere metodo transzendentala erabiliz, galdera ez da zer ezagutzen dugun, baizik eta nola ezagutzen dugun. Kantek Kopernikoren ikuspegi aldaketa erabiltzen du analogia gisa, aztertzeko ezagutza subjektuaren eta esperientziaren arteko sintesi bat dela. Kantek esaten du, ezagutza esperientziatik hasten den arren, esperientziatik kanpo dauden elementuak (a priorizko formak) onartzen direla. Beraz, fenomenoak eta ez noumenoak ezagutzen ditugu.
Kanten ikuspegia idealismo transzendentala da, non errealitatea arrazoimenaren baldintzetara moldatzen den. Horrela, ezagutzaren baldintza transzendentalak unibertsalak eta beharrezkoak dira, esperientziaren aurrekoak.