Ilustrazioa, Kant eta Filosofia Modernoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 15,61 KB
Ilustrazioaren Ezaugarriak
Ilustrazioa XVIII. mendean zehar ematen den mugimendu suspertzaile eta berritzailea da, Ingalaterrako Iraultzaren eta Frantziako Iraultzaren arteko garaian. "Argiaren Mendea" deitzen zaio, arrazoimenaren argiarena, arrazoimenari esker gizakiak "adingabe" izateari uzten diolako. Herrialde ezberdinetan garatu zen, hala nola Britainia Handian, Frantzian, Alemanian eta Prusian. Bertako korronte filosofiko garrantzitsuenak arrazionalismoa eta enpirismoa ziren, eta Kantek bi pentsamendu-korronteak uztartu zituen. Garai hartako filosofo ospetsuenak Locke, Berkeley, Voltaire eta Rousseau dira.
Ilustrazioaren ezaugarri nagusien artean honako hauek daude:
- Arrazoi eredu berria: Arrazoi enpirikoa nagusitu zen, non gertakariak eta esperimentuak bilakatu ziren jakintzaren abiapuntu. Arrazoi kritikoa ere bazen, kanpoko aginte oro (tradizioa, aurreiritziak...) baztertu baitzuen. Azkenik, arrazoi autonomoa zen, gizakiarentzat garrantzitsuena arrazoimena bihurtuz.
- Aurrerapenarekiko konfiantza: Aurrerapen zientifiko eta teknikoari esker, munduari eta gizadiari buruzko ikuskera baikorra zuten ilustratuek. Arrazoimenarekin natura menperatuko zutela uste zuten. Horregatik, kultura hedatzeko eta hezkuntzarako interes handia zuten. Entziklopediak eta hiztegiak hedatu zituzten, zientziaren garapena bultzatuz.
- Absolutismoaren arbuioa: Absolutismoaren aurka agertu ziren eta askatasun politiko eta zibilen defentsa proposatu zuten. Gizabanakoaren eskubideen kontzeptuak garrantzia hartu zuen.
- Despotismo Ilustratua: XVIII. mendearen bigarren zatian, Europako monarkia batzuen gobernu modu berezia izan zen. Botere politikoa erregeak zuen, ministro ilustratu batzuen aholkuekin gobernatzen baitzuen. Despotismo ilustratuak zioen arrazoimenaren erabilerak gidatu behar zituela erabaki politikoak. Haien leloa «Dena herriarentzat, baina herririk gabe» zen; hau da, gobernuak herriaren ongizatea bilatzen zuen, baina erabakiak herriaren esku-hartzerik gabe hartzen zituzten.
- Deismoa: Ilustrazioak erlijioaren interpretazio arrazionala egin zuen. Jainko sortzaile bat onartzen zuten (erlojugile kosmikoa), baina ez zuten onartzen errebelaziorik edo miraririk, irrazionaltzat hartzen baitzituzten. Gizakiak ezin duela jainkoa ezagutu zioten.
- Askatasunaren aldarria: Askatasunak garrantzi berezia hartu zuen Ilustrazioan. Tolerantzia aldarrikatu zen arlo guztietan (erlijiosoa, politikoa, intelektuala), eta askatasun ekonomikoak ere indar handia hartu zuen (liberalismo ekonomikoaren hastapenak).
Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Sapere aude latinetik datorren esamolde bat da eta «Ausart zaitez pentsatzera» esan nahi du. Kantek «Zer da Ilustrazioa?» (1784) artikuluan ezagutarazi zuen, nahiz eta Horazio poeta erromatarra izan zen lehena erabiltzen. Kanten iritziz, autonomiak bereizten gaitu gizakiok, hau da, erabaki pertsonalak hartzeko gaitasunak. Era autonomoan jarduteak adingabetasuna alboan utzi eta gizakia heldutasunera iritsi dela adierazten du. Gizabanakoak bere kabuz pentsatzen du eta bere buruaren jabe da, heteronomia (besteren menpekotasuna) atzean utziz.
Kanten aburuz, Ilustrazio-garaia adingabetasuna atzean uzteko garaia da, gizakia bere kabuz pentsatzen hastekoa. Adingabetasuna besteren gidaritzarik gabe norbere adimenaz baliatzeko ezintasuna da. Horregatik, Sapere aude esamoldeak gure adimenaz baliatzera bultzatzen gaitu, tutoreen (liburuak, medikuak, apaizak...) gidaritzari uko egitera. Esan beharra dago autonomiarako bidea ez dela erraza; bertara iristeko oztopoak barnekoak (koldarkeria, erosotasuna, beldurra) edo kanpokoak (tutoreen inposizioak) izan daitezke. Zailtasun horrek eragiten du heteronomia askorentzat «bigarren natura» bihurtzea.
Bestalde, aurreiritziak zabaltzea oso kaltegarria iruditzen zaio Kanti, eta benetako aurrerapena astiro soilik lor daitekeela dio. Amaitzeko, iraultzei buruzko bere iritzian, iraultza batek zapaltzaileekin amaitzeko balio dezakeela uste du, baina bere arriskuak ere badituela aipatzen du; izan ere, iraultza batek pentsaeraren benetako berrikuntzarik ekarriko ez duela uste du, aurreiritzi zaharrak berriekin ordezkatuz soilik.
Kant eta Ilustrazioa: Caesar non est supra Grammaticos
Kantek, «Zer da Ilustrazioa?» artikuluan, erlijioaz ere hitz egiten du. Ilustrazioa gizabanakoaren irteera da adingabetasunetik, heteronomiatik, tutoreengandik ateratzea da, eta horrela autonomiarako bidea irekitzen da. Kantek autonomia morala defendatzen du eta argi uzten du erregeak (Zesar sinbolikoak) ezin diela herritarrei ezer ezarri erlijio-arazoetan, ezta moralari dagozkion kontuetan ere. Inposaketarik balego, despotismo erlijiosoa gertatuko litzateke. Agintari politikoak herritarren betebeharrak soilik maila zibilean (legeak betetzea, zergak ordaintzea...) inposa ditzake.
Artikuluan argitzen du giza naturaren aurkako krimena litzatekeela apaizen arteko elkarte batek (edo classis batek) sinesmen eta doktrina jakin batzuk betiko finkatzea eta herriari inposatzea, ondorengoen aurrerapen intelektuala eragotziz. Erregearen eginkizuna ez da gizakiei erlijio-arazoetan ezer agintzea, askatasun osoa uztea baizik, betiere ordena publikoa errespetatzen den bitartean.
Erregeak berak bere sinesmenak inposatuko balitu edota erlijio-kontuetan arrazoimenaren erabilera publikoa (norberak bere iritziak askatasunez adieraztea) oztopatuko balu, aurpegiratuko litzaioke: «Caesar non est supra grammaticos», hau da, Zesar (erregea, agintari politikoa) ez dagoela gramatikoen (intelektualen, kritikoen) gainetik arlo horretan. Zeregin hori (sinesmenak eta morala arautzea) ez dagokie enperadoreei, norbanakoaren kontzientziari baizik.
Ilustrazioa gerta dadin, erlijioari eta moralari dagokienez, subjektu bakoitzak bere buruari ezarri behar dio agindu morala, inoren inposiziorik gabe. Agindu morala ez da heteronomoa izan behar, autonomoa baizik.
Kanten morala autonomian oinarritzen da: norberak izan behar du gai eta aski bere buruari lege morala emateko, arrazoimen praktikoaren bidez. Kanten etikari etika formala deritzo, ez digulako esaten zer egin behar dugun (edukia), baizik eta nola jokatu behar dugun (forma), edozein egoeratan aplikagarria den formula bat eskaintzen digulako. Formula hori inperatibo kategorikoa da, eta hainbat modutan formulatu zuen:
- «Joka ezazu zure nahimenaren maxima lege unibertsal gisa balio dezan.»
- «Joka ezazu gizateria, bai zeure pertsonan, bai bestearenean, beti helburu gisa eta inoiz ez bitarteko huts gisa erabiliz.»
- «Ez erabili pertsonak interesengatik bakarrik; erabili helburu gisa soilik.»
Arrazionalismoa eta Enpirismoa Kantengan
Ilustrazioaren oinarrian, XVII. mendeko bi joera filosofiko nagusi aurki daitezke: arrazionalismoa eta enpirismoa. Horiek gabe Argien Mendea ulertzea ezinezkoa da. Argitu beharra dago bai arrazionalismoarentzat bai enpirismoarentzat, epistemologia (ezagutzaren teoria) gai nagusi bihurtu zela, eta ezagutzaren prozesuan subjektuaren rola ikertu zutela.
Kantek adierazten du Humek «amets dogmatikotik» esnatu zuela; hau da, enpirismoaren ideiak ezagutzeak arrazionalismoaren dogmatismotik (arrazoimenaren ahalmenetan gehiegizko konfiantza) atera zuela. Arrazionalistek (Descartes, Spinoza, Leibniz...) ezagutza arrazionalaren lehentasuna aldarrikatzen dute zentzumenen bidezkoaren gainetik, zientzia matematikoaren unibertsaltasuna eta beharrezkotasuna eredu hartuta. Ezagutzaren iturria, haientzat, arrazoia da, berezko ideiekin hornitua. Enpiristentzat (Locke, Berkeley, Hume...), aldiz, ezagutzaren iturri bakarra zentzumenak eta esperientzia dira. Horrela, ezagutzaren unibertsaltasuna eta beharrezkotasuna zalantzan jarri zituzten.
Kantek bi eskolak kritikatu eta gainditu nahi ditu, bien elementuak uztartuz: esaten du ezagutza oro esperientziarekin hasten dela (enpirismoa), baina ezagutza oro ez datorrela esperientziatik (arrazionalismoa), subjektuak ere aktiboki parte hartzen baitu ezagutzaren eraikuntzan. Kantek dio subjektuak objektuak ezagutzerakoan ez dituela bere horretan ezagutzen (noumenoa, gauza berez), baizik eta esperientziatik jasotako datuak bere a priori-ko baldintzetara (ezagutza-egiturak) moldatzen dituela, fenomenoa (guri agertzen zaigun errealitatea) sortuz. Egitura horiek bi mailatan daude:
- Sentsibilitatea: Esperientziako datuak denbora eta espazioaren formetan antolatzen ditu.
- Adimena: Sentsibilitateak emandako intuizioak 12 kategorien (substantzia, kausalitatea, etab.) bidez pentsatu eta ulertzen ditu, judizioak osatuz.
Horri Kanten «iraultza kopernikarra» deitzen zaio epistemologian, fokua ezagutu beharreko objektuan baino ezagutzen duen subjektuan eta bere egituretan jartzen duelako.
Arrazionalismoaren Ezaugarriak
Arrazionalismoa XVII. mendean Europan garatu zen korronte filosofiko bat da, egiara arrazoimenaren bidez soilik irits daitekeela defendatzen duena eta berezko ideiak existitzen direla baieztatzen duena. Enpirismoarekin kontrastean dago, enpirismoak esperientziaren papera nabarmentzen baitu. Arrazionalismoa Aro Modernoko filosofia-korronte handienetako bat da, ezagutzaren teoriaz arduratu zena. Hona hemen bere ezaugarri nagusiak:
- Giza arrazoimenean erabateko konfiantza: Arrazoimena da gizakiak egia absolutua aurkitzeko duen ahalmen bakarra eta mugagabea. Ezagutza unibertsala eta ziurra lortzeko abiapuntu posible bakarra arrazoimena da, ez zentzumenak edo esperientzia. Arrazionalismoak ezagutza enpirikoa gutxiesten du, aldakorra eta partikularra delakoan. Arrazoia bera da egia-irizpide nahikoa (nahiz eta geroago Kantek arrazoi hori dogmatikotzat joko duen).
- Ezagutza sentikorraren gutxiespena: Zentzumenak ez dira fidagarriak, engainatu egiten gaituztelako; ondorioz, zentzumenetan oinarritutako ezagutza ezin da ziurra eta unibertsala izan.
- Berezko ideien existentzia: Arrazionalistek zioten giza adimenak badituela berezko eduki edo ideiak (Jainkoaren ideia, printzipio logiko-matematikoak...), egiaren oinarri direnak. Adimena ez da tabula rasa (ohol huts bat), jaiotzetik hornitua dator. Ezagutza, haien ustez, a priori-koa da: adimenean berezko izaera duten ideia horietatik abiatuta eta metodo deduktiboa (matematiketan bezala) erabiliz, arrazoimena zalantzarik gabeko egiara iritsiko da.
- Matematika eredu gisa: Zientziaren judizioak baliagarriak izateko, kasu guztietan baliozkoak (unibertsalak) eta beharrezkoak izan behar dute. Ezaugarri horiek betetzen ez dituen ezagutza ez da zientifikoa arrazionalisten ustez. Baldintza horiek betetzen dituen eredu bakarra matematika da, a priori (esperientziarekiko independentea) eta deduktiboki eratuta baitago. Horregatik, matematika eta haren metodoa dira ezagutza ziur eta unibertsalaren eredu arrazionalismoan.
- Munduaren arrazionaltasuna: Arrazionalisten ustez, mundua egitura arrazionala duen mekanismo bat da, lege matematikoen arabera funtzionatzen duena eta, beraz, arrazoimenaren bidez guztiz ulergarria dena.
- Gizakiaren ikuspegi dualista: Batez ere Descartesen eraginez, gizakia bi substantzia autonomo eta heterogeneoz osatuta dagoela defendatzen dute: gorputza (res extensa, materia espazioan hedatua) eta arima (res cogitans, pentsatzen duen substantzia ez-materiala).
Enpirismoaren Ezaugarriak
Enpirismo hitzak grezierazko empeiria-tik dator eta «esperientzia» esan nahi du. Enpirismoa XVII-XVIII. mendeetan bereziki Britainia Handian garatu zen korronte filosofikoa izan zen. Locke, Berkeley eta Hume dira egile aipagarrienak. Enpirismoa arrazionalismoari kontrajartzen zaio; enpiristek nabarmendu zuten arrazoimenak mugak zituela eta bere aplikazio-eremua zehaztu behar zela. Enpirismoarentzat, ezagutzaren iturri eta muga bakarra zentzumenak dira, hau da, esperientzia sentikorra. Ezaugarri nagusiak hauek dira:
- Esperientzia ezagutzaren iturri eta muga: Ezagutza oro esperientziatik dator. Adimena jaiotzean tabula rasa (ohol huts bat) da, eta esperientziaren edukien bitartez bete behar da. Horregatik, enpirismoak berezko ideiak erabat ukatzen ditu. Esperientzia da, halaber, giza ezagutzaren muga: esperientziatik haratago espekulatuz gero (metafisika tradizionalean bezala), zentzurik gabeko edo zalantzazko eremuan sartzen gara. Giza adimenak ezin du esperientziatik haratago dagoena ezagutu.
- Arrazoimenaren ikuspegi kritikoa: Arrazoimena ez da ahalmen mugagabea, arrazionalistek uste bezala. Arrazoiak bere ahalmenak eta mugak aztertu behar ditu, eta bere funtzio nagusia esperientziak emandako datuak antolatzea eta konbinatzea da. Eduki metafisikoak (Jainkoa, arima, mundua bere osotasunean...) berez ezagutezinak dira enpiristen ustez, ez baitago haiei buruzko inpresio sentikorrik.
Ordezkari Nagusiak
- John Locke (1632-1704): Enpirismo modernoaren sortzailetzat hartzen da. Haren ustez, ezagutza osoa esperientzian oinarritzen da eta bertatik eratortzen da. Hautematen edo ezagutzen dugun guztia, sentipenetik hasi eta noziorik abstraktuenera arte, idea da Lockerentzat. Ez dugu ideietatik kanpo dagoen errealitatea zuzenean ezagutzen. Lockek bi ideia mota bereizi zituen:
- Ideia bakunak: Gogamenak modu pasiboan jasotzen ditu kanpoko zentzumenen bidez (sentsazioa: kolorea, soinua...) edo barne-gogoetaren bidez (erreflexioa: pentsatzea, nahi izatea...).
- Ideia konplexuak: Gogamenak ideia bakunak aktiboki konbinatuz sortzen dituenak (moduak, substantziak, erlazioak). Adibidez, substantziaren ideia (ez dugu substantzia bera hautematen, bere kualitateen multzoa baizik).
- George Berkeley (1685-1753): Enpirismoa idealismo subjektibo batera eraman zuen. Kanpoko mundu materialaren existentzia zalantzan jarri zuen, esanez gauzen existentzia hautemanak izatean datzala (Esse est percipi aut percipere: Izatea hautemana izatea edo hautematea da). Lockeren enpirismoaren inkoherentziak salatu zituen (adibidez, substantzia materialaren ideiaren kritika). Ondorioztatu zuen ideiak (pertzepzioak) Jainkoarengandik datozela gogamenera; Jainkoa dela pertzepzioen kausa eta errealitatearen euskarria.
- David Hume (1711-1776): Pentsamendu enpirista bere ondorio eszeptikoenetara eraman zuen. Bere lanak irakurtzeak esnatu zuen Kant «amets dogmatikotik». Lockek bezala, gogamenaren eduki guztiak (pertzepzioak) esperientziatik eratortzen ditu, bi motatan banatuz: inpresioak (sentsazio biziak eta zuzenak) eta ideiak (inpresioen kopia ahulagoak). Kausalitate-printzipioaren kritika zorrotza egin zuen: bere iritziz, kausa-efektu erlazioa (arrazionalismoaren eta zientziaren ardatz zena) ez da esperientzian zuzenean behatzen; bi gertakariren arteko etengabeko segida (konjuntzio konstantea) behatzean oinarritutako ohitura psikologikoa da. Lotura beharrezkoa dela sinestea gure psikologian oinarritzen da, ez errealitatean bertan. Metafisikaren eta substantziaren (bai materiala bai espirituala,"ni") kontzeptuen kritika ere egin zuen.