Ilustrazioa: Arrazoia, Askatasuna eta Kanten Pentsamendua

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,88 KB

Ilustrazioa: Arrazoiaren Argia eta Aurrerapena

Ilustrazioa XVIII. mendeko mugimendu intelektual eta kultural berritzailea izan zen, arrazoiaren argia erabiliz gizakia ezjakintasunetik askatzeko helburua zuena. “Argiaren mendea” deitu izan zaio, arrazoi kritikoaren, autonomiaren eta aurrerapenaren defentsagatik. Kanten arabera, arrazoiak gizakiari adingabe izateari uzteko gaitasuna ematen dio.

Mugimenduaren Jatorria eta Hedapena

Ilustrazioa, hasieran elite baten artean garatu bazen ere, pixkanaka herriarengana hedatu zen. Mugimenduaren hastapenak Britainia Handian kokatzen dira, Locke eta Hume enpiristen eskutik. Frantzian, Montesquieu eta Voltaire bezalako filosofoek mugimendua indartu eta hedatu zuten. Alemanian, Kant izan zen Ilustrazioaren pentsalari nagusia.

Ilustrazioaren Oinarrizko Ideiak

Ilustrazioaren ideiek arrazoiaren erabilera berria proposatu zuten:

  • Arrazoi enpiriko eta analitikoa: Jakintza gertakarietan eta esperimentazioan oinarritu behar zen.
  • Arrazoi kritikoa: Autoritate tradizionalak baztertu eta arrazoiaren mugak onartzen ziren.
  • Arrazoi autonomoa: Gizakiak bere arrazoiaren bidez gidatu behar zuen bere burua.

Aurrerapen Zientifikoa eta Ikuspegi Politikoa

Aurrerapen zientifiko eta teknologikoak optimismo handia sortu zuen; arrazoimena erabilita, natura menperatu eta gizateriaren ongizatea lortuko zela uste zen. Euskal Herrian, Elhuyar anaiek wolframioa isolatu zuten. Hala ere, politikoki Ilustrazioa kontserbadorea izan zen, nahiz eta tolerantzia eta erlijioaren ikuspegi arrazionala sustatu.

Erlijioaren Interpretazio Arrazionala

Ilustrazioak erlijioaren interpretazioa arrazionala egin zuen. Gizakiak ezin du ezagutu Jainkoa. Erlijio arrazoidunak ez du erlijio jakin bateko jainko pertsonalik onartzen, erlijio guztietan antzeman daitekeen indar transzendente edo printzipio arrazionala bakarrik.

Askatasuna eta Tolerantzia

Askatasunak eta tolerantziak berebiziko garrantzia hartu zuten, nahiz eta askatasun-eskubideen aldeko aldarrikapen demokratikoak mugatuak izan ziren, Rousseau eta Kant bezalako filosofo batzuetan izan ezik.

Kanten Arrazoimenaren Erabilera: Publikoa eta Pribatua

Kantek arrazoimenaren erabilera publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa egiten du “Zer da Ilustrazioa?” eta “Historia unibertsal baterako ideiak zentzu kosmopolitean” lanetan. Ilustrazioa, norbere adimenaz baliatzeko askatasuna da, eta horretarako ezinbestekoa da adierazpen askatasuna. Hala ere, Kantentzat gizarte ordena mantentzeko beharrezkoa da arrazoimenaren erabilera pribatua mugatzea, nahiz eta erabilera publikoa beti askea izan behar den, horretarako Federico II.aren esaldian oinarritu zen: “Nahi adina eta nahi duzunaz arrazonatu, baina obeditu”.

Arrazoimenaren Erabilera Publikoa eta Pribatua

Arrazoimenaren erabilera publikoa, pertsona jakintsu gisa, publikoari egindako kritikak eta argudioak dira. Edozein gairi buruz hausnartzeko askatasuna du, Ilustrazioa bideratzeko modu bakarra baita. Erabilera pribatua, aldiz, funtzionario edo kargu bati dagokion aginduak obeditzea da, nahiz eta horrek askatasuna mugatu.

Adibidea: Ofiziala eta Apaiza

Esaterako, armadako ofizialak edo apaizak bere eginkizunean bete egin behar dituzte aginduak, baina aditu gisa publikoari bere iritzi kritikoak eman diezazkioke.

Askatasuna eta Gizarte Ordena Kanten Arabera

Kanten arabera, askatasun pribatua mugatzeak ez du Ilustrazioa oztopatzen, kaosa saihesteko beharrezkoa baita. Aitzitik, erabilera publikoaren askatasun osoa Ilustrazioa sustatzeko ezinbestekoa da. Gizarte ordenaren eta Ilustrazioaren arteko oreka mantendu behar da, eta aldaketak modu pausatuan egin behar dira, gizartea pentsamendu autonomorako prestatu arte. Horregatik, Kant ez da iraultzaren aldekoa, prozesu motela baina egonkorra lehenetsiz.

Ilustrazioa: Adingabetasunetik Autonomiara

Ilustrazioa gizabanakoaren irteera da adingabetasunetik, heteronomiatik, tutoreenganako menpekotasunetik, eta, horrela, autonomiarako bidea. Autonomia morala defendatzen du Kantek eta argi uzten du erregeak (“Caesar”-a hain zuzen ere) ezin direla “erlijio arazoetan” ezta moralari dagozkion kontuetan herritarrei ezer ezarri.

Sinesmenen Inposizioa eta "Caesar non est supra grammaticos"

Artikuluan galdetzen du: “Posiblea litzateke apaizen arteko elkarte batek sinesmen eta doktrina batzuk inposatzea, herri osoaren eta betirako tutoretza ezartzeko helburuarekin?” eta bere erantzuna ezezkoa da; gizateriaren ilustrazioa ezabatzeko egina litzatekeelako eta giza naturaren aurkako krimena litzatekeelako. Monarkak ez du bide eman behar bere mendekoen menderatzeari, herriak erabakiko lukeena formulatu eta ordezkatu behar du, eta herri osoaren borondatea bereganatuz legegile izan. Erregearen eginkizuna ez da erlijio bat inposatzea: “arazo hori ez zaio axola”.

"Caesar non est supra grammaticos" Esaldiaren Esanahia

Erregeak bere sinesmenak inposatuko balitu aurpegiratuko genioke “Zesar, erregea, ez dagoela gramatikoen gainetik”, “Caesar non est supra grammaticos”. Esapidearen esanahia zera da: Erromako enperadoreak erabaki politikoak edo ekonomikoak inposa ditzake, bere eginkizuna delako, aldiz, Zesarrek, ez du inolako ezagutza eta aginpiderik mendekoei latindar hizkuntza era batean edo bestean erabili behar dela esateko. Eragin hori ez dagokio enperadoreari, gramatikariei baizik, eta haiek dira latinaren erabilera zuzena zein den erabaki behar dutenak.

Morala eta Autonomia Kanten Filosofian

Moralarekin antzeko zerbait gertatzen da: subjektu bakoitza da bere buruari agindu morala ezarri behar diona, ezeren eta inoren inposiziorik gabe. Agindu morala ez da heteronomoa izan behar, autonomoa baizik.

Inperatibo Kategorikoa: Moral Autonomoaren Oinarria

Gizakiaren zerizana arrazoimen autonomoa gauzatzea dela pentsatzen du Kantek eta bere ustez kontzientzia moral autonomoaren oinarriak betebeharra izan behar du. Moral autonomorako formula unibertsala, formala, a priorizkoa (ekintza konkretua eman baino lehen jada baliagarria), gizabanako ororentzakoa, aurkezten du Kantek, inperatibo kategorikoa:

  • “Joka ezazu zure ekintzak lege unibertsal bihurtzea nahi bazenu bezala.”
  • “Joka ezazu gizateria, zure burua barne, helburutzat eta ez bitartekotzat hartuz.”

Inperatibo kategorikoa lege autonomoa izan beharko du, hau da, inork inposatzen ez duena, norberak nahi duelako jokatzen da horrela. Gizakiak agindu kategorikoaren bidez bere askatasuna determinatzen du: legegile unibertsal gisa legea obeditzera.

Entradas relacionadas: