Ikusmen-akatsak: miopia eta hipermetropia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Física

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,54 KB

Sarrera

Kontuan izanda begiaren egitekoa objektuen irudiak argi eta garbi ikustea dela, hori lortzen ez duen begiak ikusmen-akatsa duela esango da. Zenbaitek gertuko objektuak garbi ikusteko arazoa izango du, eta beste batzuek, urrutikoak. Hemen, irudien osaketarekin zerikusia duten bi akats garrantzitsuenak aztertuko ditugu.

Miopia

Begiaren urruneko puntua ez dagoenean infinituan, baizik eta zentimetro batzuetara, begi horrek gertuko objektuak garbi ikusiko ditu, baina ez, ordea, urrutikoak. Akats hori duen begia miopea dela esaten da.

Bi arrazoi egon daitezke akats horren atzean, eta, askotan, biak batera agertzen dira. Batzuetan, begiak dituen kornea eta kristalinoak konbergenteegiak dira laxatuta daudenean, eta urrutiko puntuen irudia erretinaren aurrean osatzen da. Besteetan, berriz, begi-globoaren forma izan ohi da arazoa. Begi-globoa luzeegia bada, irudiak ez dira erretinan bertan osatuko, aurretik dagoen puntu batean baizik.

Miopia zuzentzeko, lente dibergenteak erabili behar dira. Lente horietan errefraktatzean, izpiak ardatz nagusitik aldendu egiten dira, eta kristalinoak berriro biltzean, erretinan fokatu ahal izango ditu. Beste modu batera esanda, infinituko puntutik datozen izpiak lentean errefraktatzean, horren irudia urruneko puntuan osatzen bada, hor kokatutako irudia ikusiko du begiak, eta ondo fokatzea lortuko du, nahiz eta benetako objektua urrutiago egon.

Egun, lenteak betaurrekoetan jartzen dira, baina baita kornearen gainean ere (lentilak). Gero eta zabalduago dago, halaber, laser bidezko ebakuntza; horren bidez, kornearen desbideraketa aldatzen da, bere loditasuna egokituz.

Hipermetropia

Begiaren hurbileko puntua ohikoa baino urrutiago dagoenean, begi horrek ezingo ditu ondo fokatu gertuko puntuak, nahiz eta urrutikoak ondo ikusi. Akats hori duen begia hipermetropea dela esaten da.

Bi arrazoi egon daitezke akats horren atzean, eta, askotan, biak batera agertzen dira. Batetik, begiak dituen kornea eta kristalinoak ez dira behar bezain konbergenteak, eta gertuko puntuen irudia erretinaren atzean osatzen da. Bestetik, berriz, begi-globoaren forma izan ohi da arazoa. Begi-globoa laburregia bada, irudiak ez dira erretinan bertan osatuko, atzerago dagoen puntu batean baizik.

Hipermetropia zuzentzeko, lente konbergenteak erabili behar dira. Lentearen distantzia fokala baino gertuago dauden puntuen izpiak lente horietan errefraktatzean, izpiak ardatz nagusira gerturatu egiten dira, eta kristalinoak berriro biltzean, orain bai, erretinan fokatu ahal izango ditu. Beste modu batera esanda, lentearen distantzia fokala baino gertuago dauden puntuetatik datozen izpiak lente horretan errefraktatzean, irudia begiaren puntu hurbilean osatzen bada, hor kokatutako irudia ikusiko du begiak, eta ondo fokatzea lortuko du, nahiz eta benetako objektua gertuago egon.

Egun, lenteak betaurrekoetan jartzen dira, baina baita kornearen gainean ere (lentilak). Gero eta zabalduago dago, halaber, laser bidezko ebakuntza; horren bidez, kornearen desbideraketa aldatzen da, bere loditasuna egokituz.

Presbizia

Antzeko ondorioak dituen akatsa da presbizia ere, baina sorburua desberdina da. Kasu honetan, lehen akatsik gabea zen begiko kristalinoak, zahartzearekin, malgutasuna galtzen du, eta, ondorioz, egokitzapen-gaitasuna galtzen du, uzkurtzekoa hain zuzen ere. Horrela, gertuko objektuak ez dira garbi ikusiko, nahiz eta urrutikoak ondo ikusi. Adinean aurrera gertatzen den akatsa denez, 'bista nekatua' izena ere ematen zaio, eta lente konbergente egokiekin konponduko da.

Entradas relacionadas: