Ikaskuntzaren Psikologia: Teoriak, Prozesuak eta Ereduak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Plástica y Educación Artística

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,63 KB

1. Gaia: Ikaskuntzaren Oinarriak eta Irakaslearen Rolak

Ingurumenetik ezagutzak jasotzen ditugu eta, horrela, gure eskema mentalak eraikiz goaz. Eskema hauek etengabe eraldatzen eta berrantolatzen ditugu, behar denean erabiltzeko. Laburbilduz, ikastea aldatzea da.

Irakasle motak eta ikaskuntza

  • Irakasle irekia: Parte hartzeko aukera eskaintzen du, ikasleen autonomia errespetatzen du eta ikasleari gauzak deskubritzen laguntzen dio.
  • Irakasle itxia: Informazio-emaile hutsa da.

Ikasteak ahalegina eta arriskuak hartzea eskatzen du. Irakasleak ikasleak tentsiopean jarri behar ditu, bigunkeriarik gabe jokatu eta erosotasun-eremutik (konfort gunetik) atera behar ditu.

2. Gaia: Ikaskuntzaren Definizioa eta Korronteak

Teoria nagusiak

  • Konduktismoa: Jokabidean emandako aldaketa gisa ulertzen du ikaskuntza.
  • Psikologia kognitiboa: Prozesu mentaletan eta ezagutzan emandako aldaketa gisa ulertzen du.

Zer ez da ikaskuntza?

Badira portaera aldatzen duten baina ikaskuntza ez diren prozesuak:

  • Heltzea: Organismoaren eta nerbio-sistemaren garapenaren menpe dagoena.
  • Egoera fisiologikoak: Goseak, egarriak, nekeak edota eguraldiaren eraginak (hotza, beroa) gure portaera aldaraz dezakete.

Ikaskuntzaren definizioa

Ikaskuntza portaeran ematen den aldaketa erlatiboki iraunkorra da, esperientziaren bidezko ezagutza edo trebetasunen eskurapena inplikatzen duena. Honek estudioa, instrukzioa, behaketa edo praktika barne har ditzake.

  • Ikaskuntza barne-prozesu bat da; jokabide-aldaketa hori gauza daiteke ala ez.
  • Iraunkortasuna aldakorra da: batzuek bizitza osoa irauten dute eta beste batzuek oso gutxi.
  • Jokabide berri bat eskuratzea edo lehendik zegoen bat galtzea ekar dezake.

3. Gaia: Ohitzea eta Sentsibilizazioa

Ohitzea

Estimulu baten errepikapenaren ondorioz ematen den jokabidearen murrizketa da. Ezaguna zaigun informazioari arreta kendu eta informazio berriari arreta eskaintzea ahalbidetzen du.

Sentsibilizazioa

Estimulu baten errepikapenaren ondorioz ematen den erantzuna areagotzea da. Oso garrantzitsua da estimulu erasokor edo arriskutsuen aurrean.

Ezaugarri komunak

  • Jokabidea modu eraginkorrean antolatzeko balio dute.
  • Garrantzirik gabeko estimuluekiko arreta gutxitzeko baliagarriak dira.
  • Ez dira sortzetiko jokabideak, baina ez dira ikaskuntza asoziatiboak ere.

4. Gaia: Bereiztea eta Orokortzea

  • Bereiztea: Subjektuak estimuluak bereizten ikasten du; batzuen aurrean erantzuna ematen du eta beste batzuen aurrean ez.
  • Orokortzea: Subjektuak ezberdinak diren estimuluen aurrean modu berean erantzuten ikasten du.

5. Gaia: Baldintzapen Klasikoa eta Eragilea

Konparaketa

  • Baldintzapen klasikoa: Ez-borondatezko jokabideetan ematen da. Estimulua erantzunaren aurretik agertzen da.
  • Baldintzapen eragilea: Borondatezko jokabideetan ematen da. Estimulua (indargarria) erantzunaren ondoren dator.

Edward Thorndike eta Ondorioaren Legea

Emaitza atsegingarria sorrarazten duen jokabidea probableagoa izango da etorkizunean.

Baldintzapen eragilearen elementuak

Eragilean organismoak aktiboki jokatzen du bere ingurunean. Indargarria jokabide baten probabilitatea areagotzen duen edozein estimulu da.

  • Ondorioaren arabera: Estimulu gogobetegarria (atsegina) edo higun-estimulua (ezatsegina).
  • Izaeraren arabera: Primarioak (biologikoki adierazgarriak) edo sekundarioak (primarioekiko asoziazioan oinarrituak).

Prozedurak eta programak

Lau prozedura nagusi daude: indargarri positiboa, indargarri negatiboa, ez-egitezko entrenamendua (zigor negatiboa) eta zigorra (zigor positiboa). Indartze-programak etengabeak edo aldizkakoak (arrazoi edo bitarte finko/aldagarrikoak) izan daitezke.

6. Gaia: Ikaskuntza Soziala

Albert Banduraren tesi nagusia da ikaskuntza guztiak ez direla esperientzia zuzenaren ondorio; behaketaz edo imitazioz ere ikasten dugu. Prozesu hau baldintzapena baino konplexuagoa da, jarduera kognitiboak inplikatzen baititu.

Urratsak eta ereduak

  1. Arreta: Eredu baten jokabidea behatzea.
  2. Atxikitzea: Behatutakoa oroimenean gordetzea.
  3. Gauzatzea: Jokabidea erreproduzitzea.
  4. Ondorioak: Jasotako ondorioek jokabidea indartu dezakete.

Eredua zenbat eta erakargarriagoa izan, orduan eta imitatuagoa izango da. Haurrek gehiago ikasten dute behatuz ahozko mezuetatik baino.

7. Gaia: Ikaskuntza Kognitiboa Ikasgelan

Psikologia kognitiboak pertsonek ezagutza eskuratu, gorde eta erabiltzean baliatzen dituzten prozesuak aztertzen ditu. Ikastea informazio berria aurretik dakigunetik interpretatzea da.

Lau ikasteko era ikasgelan

  • Ikaskuntza harkorra: Edukiak bertsio definitiboan jasotzen dira erreproduzitzeko.
  • Ikaskuntza errepikakorra: Edukiak ulertu gabe buruz ikasten direnean.
  • Aurkikuntza bidezko ikaskuntza: Ikasleak kontzeptuak eta erlazioak aurkitu behar ditu.
  • Ikaskuntza adierazgarria: Ikasleak munduari buruzko ezagutzak berrantolatzen ditu aurretiko ezagutzetatik abiatuta. Ikaslea da protagonista.

Entradas relacionadas: