Iberiar Penintsulako Unitate Morfoestrukturalak eta Eboluzioa

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,36 KB

Unitate morfoestruktural motak

Zokaloak

Aro primarioan edo Paleozoikoan eratutako ordoki edo goi-ordokiak dira. Aro horretako orogenesietan sortutako mendikateak higatzean izandako lautzearen ondorioz sortu ziren. Material paleozoikoak silizeoak dira: granitoa, arbela, kuartzita eta eskistoa. Material hauek oso zurrunak dira eta, ondorioz, apurtu egiten dira. Gaur egun erliebe horizontala osatzen dute, penintsulako mendebaldeko erdian.

Mendigune zaharrak

Aro tertziarioan sortutako mendiak dira, zokalo baten blokea altxatzearen eraginez, alpetar orogenesiaren presioagatik. Gaur egun, mendigune hauek itxura biribildua eta tontor lauak dituzte, higadura handiko eremuak baitira. Penintsulan, Sistema Zentrala, Toledoko mendiak, Galiziako mendigunea eta Kantauriar mendikatearen mendebaldeko zatia dira mota honetakoak.

Tolestura-mendikateak

Aro tertziarioko alpetar orogenesian sortutako gora-guneak dira. Itsasoak aro sekundarioan jalkitako material sedimentarioak, batez ere kareharriak, tolestean sortu ziren. Gaur egun, aldapa handiak eta forma malkartsuak dituzte; gazteak direnez, higadurak oraindik ez ditu leundu. Bi mota bereizten dira:

  • Bitarteko mendikateak: Itsasoak zokaloen ertzetan jalkitako materialak tolestean sortuak (Iberiar mendigunea eta Kantauriar mendikatearen ekialdea).
  • Alpetar mendikateak: Itsas fosa luze eta sakonetan jalkitako materialak tolestean sortuak (Pirinioak eta Sistema Betikoa).

Arro sedimentarioak

Aro tertziarioan inguru hondoratuak sedimentuz bete zirenean sortu ziren, batez ere buztinez eta kareharriz. Gaur egun erliebe horizontalak edo apur bat inklinatuak dira. Bi mota daude:

  • Zokalo barneko arroak: Zokalo beteko bloke bat alpetar orogenesiaren presioen eraginez hondoratzean sortuak (Duero, Tajo eta Guadiana).
  • Sakonune aurrealpetarrak: Alpetar mendikateen bi aldeetan kokatuta daude (Ebro eta Guadalquivir sakonuneak).

Hauen sorrera bi modutakoa izan da: 1) Mendikateak altxatu ostean, izandako deskonpresioaren eraginez sektore batzuk hondoratu ziren. 2) Sakonera gutxiko itsas fosetatik sortu ziren, alpetar mendikateak altxatzean geosinklinalaren bi aldeetan gelditu zirenean.

Eboluzio geologikoa

Paleozoikoa (570-230 milioi urte)

Hasieran, Rodinia superkontinentea apurtu eta plakak bata bestetik urruntzen hasi ziren. Bukaeran, masa kontinentalak elkartu ziren kontinente bakar bat osatuz: Pangea. Hau ozeano handi batek inguratzen zuen: Pantalasa. Elkarketa prozesuan bi momentu indartsu egon ziren:

  • Plaken arteko hasierako talkek orogenia kaledoniarra osatu zuten, baina honek ez zuen eraginik izan Iberiar plakan.
  • Plaken arteko lotura osoa eman zenean, orogenia hertziniarra sortu zen eta Pangea eratu zen.

Orogenia hertziniarraren ondorioak:

  1. Ipar-mendebaldetik hego-ekialderako norabideko mendikate bat sortu zen. Gerora guztiz higatu eta zokalo bihurtu zen, ekialderantz inklinatuta. Zokalo honi Mazizo Hesperikoa deitu zitzaion eta Iberiar Penintsularen eskeletoa da.
  2. Ipar-ekialdean Akitaniako, Kataluniako, Balearretako eta Ebroko mendiguneak agertu ziren, eta hego-ekialdean mendigune betiko-rifeñoa. Hauek aro primarioan higatu eta zokaloaren parte izatera pasatu ziren.

Mesozoikoa (225-68 milioi urte)

Higadura eta jalkitzea izan ziren nagusi; lasaitasun geologikoko garaia izan zen. Hertziniar mendikateen suntsiketak segida izan zuen. Momentuko erliebe positiboetatik (Mazizo Hesperikoa, Akitania, Katalunia, Balearrak eta Ebroko mendiguneak) higatutako materialak itsasoetan (fosa pirenaikoa eta fosa betikoa) sedimentatzen ziren. Orogenia alpinoak gerora altxatu eta tolestuko zituen estratoak sortu ziren orduan.

Garai horretan itsas aurrerakadak eta erregresioak suertatu ziren Mediterraneo aldean, eta material plastikoak (kareharria, harearria, tuparria) sedimentatu ziren. Itsas zonalde sakonetan lodiera handiko jalkinak metatu ziren (Pirinioak eta Sistema Betikoaren oinarria).

Aro Tertziarioa (68-1,8 milioi urte)

Alpetar orogenia: Afrikar plakak Eurasiar plakarekin talka egin zuen. Ondorioz, Iberiar mikroplaka Europari itsatsita geratu zen. Emaitzak honako hauek izan ziren:

  1. Alpetar mendikateen agortzea: Pirinioak eta Sistema Betikoa sortu ziren, fosetan Mesozoikoan pilatutako materialen tolesturaren ondorioz. Mendikate hauen eta Mazizo Hesperikoaren artean sakonuneak sortu ziren (Ebro eta Guadalquivir).
  2. Mendigune Hesperikoa: Materialak oso zurrunak eta zaharrak zirenez, ez zuten elastikotasunik. Orogenia alpinoak blokeetan apurtu zuen. Horst-ak (altxatutako blokeak) mendi unitateak dira: Sistema Zentrala, Toledoko mendiak, Galiziako mendigunea eta Kantauriar mendizerraren mendebaldeko zatia. Graben-ek arro sedimentarioak osatu zituzten (Ipar eta Hego goi-lautadak).
  3. Goi-lautadaren aldaketa: Atlantikorantz makurtu zen, lehen zuen ekialderanzko inklinazioarekin bukatuz.
  4. Mugak: Mazizo Hesperikoaren mugak altxatu egin ziren orogeniaren bultzaden ondorioz, mendi-harresi bat sortuz.
  5. Sumendiak: Olot, Campo de Calatrava eta Gata lurmuturrean sumendi-aktibitatea egon zen.
  6. Kanariak: Orogenia alpinoak Atlantikoaren hondoa ireki zuen. Irekiera horietatik sumendi-materialak igo eta solidotze-prozesuen ondorioz uharteak sortu ziren.

Aro Kuaternarioa (1,7 milioi urte - gaur egun)

Nolabaiteko lasaitasun geologikoko garaia da. Gertakaririk garrantzitsuenak klimaren aldaketaren eraginez gertatutako higadurak eta formazioak dira:

  • Glaziarismoa: Mendikate garaienei eragin zien, zirku eta haran motatako glaziarrak sortuz.
  • Ibai-terrazak: Glaziar-ondoko garaietan sortu ziren. Epealdi hotzetan ura mendietan izozten zen, prezipitazio gutxiago zegoen eta ibaiek emari txikiagoa zuten, sedimentazioa gertatuz. Epel-garaietan, emaria handitu eta ibaiak indar handiagoa zuenez, higadura indartsuagoa zen. Penintsulan adierazgarrienak Duero, Tajo, Guadiana, Guadalquivir eta Ebro dira.

Entradas relacionadas: