Iberiar Penintsulako Erliebea: Goi-lautada, Mendikateak eta Kostaldea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 14,65 KB
Iberiar Penintsulako Erliebea
6.1. Iberiar Goi-lautada
Iberiar Goi-lautada Era Primarioan sortutako ordoki garaia da, 600-800 m-ko altitudea duena. Orogenia Hertziniarrean sortua, Era Tertziarioan Alpetar Orogenesiak deformatu eta suntsitu zuen. Hiru unitate bereiz daitezke barnean:
Aintzinako Zokalo Paleozoikoa
Gaur Iberiar penintsularen mendebaldean soilik ageri da (Zamora-Salamancako eta Extremadurako penilautadak). Higadurak jatorrizko material silizeoak utzi ditu agerian: granitoa, arbela eta kuartzita.
Erliebea penilautadaz edo uhin oso leuneko gainazalez osatuta dago (Salamancako iparraldea). Penilautaden eta Iberiar Goi-lautadaren arro sedimentarioen arteko ukipen-guneetan arroila sakonak daude (arribeak edo labarrak), ibaiak sartu zirenean sortuak.
Erdialdeko Sistema eta Toledoko Mendiak
Iberiar Goi-lautadaren barneko mendilerroak dira. Era Tertziarioan sortu ziren, Iberiar Goi-lautadaren blokeak altxatu zirenean, Alpetar Orogeniaren ondorioz.
Granitoa, arbela eta gneisa, mendilerroen jatorrizko arrokak dira, eta forma biribilduak eta gailur lauak dituzte.
- Erdialdeko Sistema: Garaiagoa da, eta Iberiar Goi-lautada erditik zatitzen du. Mendilerro nabarmenenak Somosierra, Guadarrama, Gredos, Peña de Francia eta Gata dira.
- Toledoko Mendiak: Ez dira hain garaiak eta Hegoaldeko Iberiar Goi-lautada bitan zatitzen du, Tajo eta Guadiana ibaien arroaz bereiziz. Mendilerro garrantzitsuena Guadalupe da.
Iberiar Goi-lautadaren Barneko Arro Sedimentarioak
Hegoaldeko eta Iberiar Goi-lautadakoak dira. Era Tertziarioan sortu ziren, Iberiar Goi-lautadaren zokaloen blokeak Alpetar Orogeniak hondoratu zituenean.
Lehenengo, aintzirak arroetan eratu ziren eta material tertziarioekin bete ziren. Material horiek, era horizontalean kokatu ziren; horren ondorioz, estratu bigunak beheko aldean geratu ziren (buztina, adibidez), eta, beste aldetik, estratu gogorrak goian geratu ziren (kareharria, adibidez).
Paramo, landazabal eta aldapaz eratutako erliebea izan zen emaitza:
- Paramoak: Kareharrizko estratu gogorrez osatutako egitura-azal lauak eta garaiak dira. Haietan, ibaiak, higaduraren bidez, “U” formako haranak eratu ditu. Haranek paramoak ebaki eta zati txikiagoak egiten dituzte. Iparraldeko Iberiar Goi-lautadaren arroaren ekialdeko eta iparraldeko eskualdeetan daude, bai eta Hegoaldeko Iberiar Goi-lautadaren ekialdean ere, hala nola Alcarria, Mantxa eta Mesa de Ocaña.
- Landazabalak: Ibaiek zeharkatutako lautada pixka bat uhinduak dira. Paramoak higatzen direnean, behe-mailako buztinak eta margak azaleratzen dira; hori gertatzen den lekuetan, landazabalak eratzen dira. Ohikoa da muino lekukoak edo muino-uharteak azaltzea. Landazabal garrantzitsuenak Duero, Tajo eta Guadiana ibaiek zeharkatzen dituztenak dira.
- Aldapak: Paramoen eta landazabalen arteko eremu inklinatuak dira.
Iparraldeko Iberiar Goi-lautadako Arroa: Altua eta uniformea da (800-850 m). Dueroren arro hidrografikoan kokatzen da.
Hegoaldeko Arroa: Baxuagoa da, 500-700 m-koa. Mendiek Tajo eta Guadianaren arro hidrografikoak bereizten dituzte eta Ozeano Atlantikora iristen da.
6.2. Iberiar Goi-lautadaren Ertz Menditsuak
Iberiar Goi-lautadaren ertz menditsuak Galizia-Leongo mendigunea, Kantauriar mendikatea, Iberiar Sistema eta Sierra Morena dira. Era Tertziarioan eratu ziren, blokeak altxatu zirenean edo itsasoak jalkitako materialak tolestu zirenean.
Galizia-Leongo Mendigunea
Era Tertziarioan eratu zen zokaloaren ipar-mendebaldea Alpetar Orogenian altxatu zenean. Material paleozoikoak ditu. Garaiera txikiko mendi biribilduak dira, faila askok ebakita. Mendilerro nabarmenenak Segundera, Cabrera eta Los Ancares dira.
Kantauriar Mendikatea
Bi zati bereizten dira:
- Mendebaldeko Aldea: Asturiasko Mendigunea: Era Tertziarioan eratu zen Alpetar Orogenian. Material paleozoikoak ditu (arbelak, kuartzitak), Apalache erako erliebea eratuz. Ekialdeko muturrean kareharrien azaleratze handi bat dago (Picos de Europa). Gailur garaienak: Torre Cerredo (2.648 m), Peña Vieja eta Naranjo de Bulnes.
- Ekialdeko Aldea: Kantauriar Mendikatea: Era Tertziarioan eratua. Material nagusiak kareharriak dira. Materialen gogortasun-aldeetan erliebe jurasiko alderantzizkatuak sortu dituzte.
Iberiar Sistema
Tarteko mendikatea da. Era Tertziarioan eratu zen. Kareharrizko materialak ditu batez ere. Aro Paleozoikoz osatutako alderdiak eta arroka buztintsuz osatutakoak ere baditu. Bi zati ditu:
- Iparraldeko Zatia: Ipar-mendebalde-hego-ekialde (NW-SE) norabidean. Gailur garaienak daude (Moncayo, 2.313 m; Picos de Urbión; Cebollera), kareharrizkoak; Demanda, paleozoikoa.
- Hegoaldeko Zatia: Soriako hego-ekialdetik Iberiar Sistema bi adarretan bereizten da: barnekoa (Albarracin, paleozoikoa, eta Cuencako mendilerroak, kareharrizkoak) eta kanpokoa (Javalambre eta Gúdar, kareharrizkoak). Fosa tektoniko batek bereizten ditu (Calatayudekoa).
Sierra Morena
Ez da berez mendikate bat, baizik eta Guadalquivirreko harana eta Iberiar Goi-lautada bereizten dituen eskailera-maila. Zenbait puntutan makurdura handi bat da. Era Tertziarioan eratu zen. Arroka paleozoikoak ditu, kolore ilunekoak, bertako landarediak bezala. Hortik datorkio bere izena (Madrona, Pedroches eta Aracena mendilerroak, adibidez).
6.3. Iberiar Goi-lautadaren Kanpoaldeko Sakonuneak
Iberiar Goi-lautadaren kanpoaldeko sakonuneak Ebro eta Guadalquivir ibaienak dira. Biak forma triangeluarreko arro prealpetarrak dira eta Era Tertziarioan eratu ziren. Ondoren, Era Tertziarioko eta Kuaternarioko sedimentuekin bete ziren, Era Tertziarioan hondoratu zirelarik, eta gaur egun ia horizontalak dira erliebe horiek.
Ebroren Sakonunea
Pirinioekiko paraleloa da, eta Iberiar Sistemak eta Kataluniako Kostaldeko Mendikateak ixten dute sakonunea. Antzinako Ebroko mendigunea hondoratu egin zen, inguruko mendikateak altxatzen ziren bitartean. Hasieran, itsasoak hartu zuen, baina itxi egin zen, eta Era Tertziarioaren amaierara arte aintzira bihurtu zen. Ebro ibaiak, Kataluniako Kostaldeko Mendikatean zehar, itsasorainoko bidea ireki zuen. Horrenbestez, itsasoko zein kontinenteko materialak ditu, eta gogortasunaren eta klimaren arabera erliebe-forma desberdinak sortzen dira.
- Pirinioen eta Iberiar Sistemaren mendi-magalak kanpoko mendilerroen eta sakonunearen erdigunearen artean dauden makurdura arineko lurrak dira.
- Sakonunearen erdialdeko estratuak horizontalak dira, eta kareharri gogorrak eta material bigunak txandakatzen dira.
Guadalquivirreko Sakonunea
Mendikate Betikoekiko paraleloa da eta Mendikate Betikoen, Sierra Morenaren eta Ozeano Atlantikoaren artean dago. Hasieran itsasoarekin lotura zuen. Gero, kostaldeko aintzira bat izatera pasa zen, eta, azkenik, lohiz bete zenez (buztinak, kareharriak eta itsas margak), padura zingiratsu bat bihurtu zen. Buztinak nagusi direnez, erliebea uhinduz osatuta dago, eta kareharriak dauden lekuetan mahaiak, muino lekukoak edo mendixkak eratzen dira.
6.4. Iberiar Goi-lautadaren Kanpoaldeko Mendikateak
Iberiar Goi-lautadaren kanpoaldeko mendikateak Pirinioak (Euskal Mendiak eta Kataluniako Kostaldeko Mendikatea luzapen gisa) eta Mendikate Betikoak dira. Era Tertziarioko Alpetar Orogenian eratu ziren. Mendikate hauetako fosa ozeanikoetan, mendiguneen artean, sedimentu sekundarioak jalki ziren, kareharria nagusiki, eta horiek tolesterakoan sortu ziren mendikateok.
Pirinioak
Pirinioek egitura konplexua dute:
- Ardatza: Antzinako Akitaniako mendigune Hertziniarra da. Material paleozoikoz osatuta dago eta erliebe malkartsua du, izotza dela eta. Mendi garaiena Maladeta mendiguneko Aneto da (3.304 m).
- Pirinioaurreak: Aurrekoaren hegoaldean daude. Era Tertziarioko Alpetar Orogenian eratu ziren, kareharriz osatuta daude, eta ardatzarekin konparatuta leunagoak dira eta ez dute hainbesteko garaierarik. Ardatzarekiko paralelo diren bi lerrotan egituratzen dira: barnealdeko eta kanpoaldeko mendilerroak.
- Erdialdeko Sakonunea: Luzea eta estua da. Pirinioaurreko kanpoaldeko eta barnealdeko mendilerroak bereizten ditu.
Euskal Mendiak
Euskal Mendiek Pirinioaurreak luzatzen dituzte. Kareharrizko arrokak eta arroka paleozoikoak dituzte, forma leunak eta altitude moderatua dituztelarik. Mendilerro garaienak Aralar eta Gorbea dira.
Kataluniako Kostaldeko Mendikatea
Pirinioen ekialdeko aldearen aldaketa da. Biak failen bidez daude bananduta, eta horren eraginez inguru sumenditsu bat sortu da. Mendikatearen iparraldeko erdia material paleozoikoek osatzen dute, Alpetar Orogenesian altxatu zirenak. Hegoaldeko erdia kareharrizko lur sekundarioz osatzen dute, Alpetar Orogenesian tolestu zirenak.
Mendikateak bi lerro ditu: bata kostarekiko paraleloa, altuera gutxikoa (Altos del Garraf) eta bestea garaiagoa (Montseny, Montserrat). Bien artean fosa tektoniko bat dago. Muino leunez eta haranez osatutako erliebea sortu zen.
Mendikate Betikoak
Mendikate Betikoek konplexutasun geologiko handia dute:
- Mendikate Penibetikoak: Kostarekiko paraleloak dira. Aro Tertziarioan sortu zen. Materialak paleozoikoak dira, eta erliebe horretan, Sierra Nevadan, Iberiar penintsulako gailurrik garaienak daude (Mulhacen, 3.479 m, eta Veleta).
- Mendikate Subbetikoak: Barrualdean daude. Aro Tertziarioan sortu zen, material sekundarioak tolestean, Afrikako eta Iberiar plakak hurbildu zirenean. Material horiek, kareharriak eta margak, tolestean zamalkadurak sortzen ziren, hau da, sorlekutik distantzia handira modu horizontalean mugitu ziren (mendilerro azpimarragarrienak Grazalema, Ubrique eta Cazorla).
- Sakonune Intrabetikoa: Mendikate Penibetikoen eta Subbetikoen artean, sakonune txikitan dago zatituta (Ronda, Antequera, Guadix eta Bazako zuloak). Material tertziarioz beteta zegoen eta badlands paisaia eratu zen, klima oso lehorra zelako.
7. Iberiar Penintsularen Kostako Erliebea
7.1. Kostako Erliebearen Formak
- Lurmuturrak: Itsasoan barneratzen diren kostaren irtegune handiak dira.
- Golkoak eta badiak: Itsasoak egiten dituen sargune zabalak dira. Badiak golkoak baino handiagoak dira.
- Itsaslabarrak: Itsasertzeko malkarrak dira eta itsasoaren higadurarekin sortzen dira. Itsasoaren higadurak haitzuloak, itsas arkuak, harrizko orratzak edo haitzak ere sor ditzake.
- Hondartzak: Hareazko, legarrezko edo harri koskorreko eremu lauak edo aldapa gutxikoak dira, eta kostaldean egoten dira.
- Marearteko zabalguneak: Itsas mailatik gora geratutako kostarekiko paralelo diren itsas higadura-plataformak dira.
- Itsasadarrak: Kostako sargune estuak dira, eta ibai-haranek azken zatia itsasoak inbaditzearen ondorioz sortzen dira.
- Padurak: Lokatzezko lautadak dira. Badia baxuetan eratzen dira, badiak zeharkatzen dituzten ibaiek eta itsasoak ekarritako sedimentuekin batera. Itsasgorak estali eta itsasbeherak agerian uzten ditu.
- Itsasertzeko geziak: Hondarrezko barrak dira, eta kostako hondarra badiaren barnealdera mugitzearen ondorioz eratzen dira.
- Albuferak: Kostako aintzira-geziak dira, badiak ixten dituen kordoi batek itsasotik bereiziak. Ondorioz, padurak bihurtzen amaitzen dute eta lehorretik etorritako materialez lohiz betetzen dira.
- Tonboloak: Harkaitzezko uhartetxoak kostarekin lotzen dituzten hondarrezko barrak dira.
- Deltak: Kostaren interguneak dira eta ibaiek ekartzen dituzten sedimentu guztiak itsasoak birbanatu ezin ditzakeenean eratzen dira.
- Dunak: Kostetan dauden hareazko tontorrak dira. Haizeak garraiatutako hondarrarekin eratzen dira. Haizealdeko zatiak makurdura leuna eta ganbila du; haizebekoa, berriz, konkaboa eta malkartsua da.
7.2. Atlantikoko Kostak
Atlantikoko kostak hiru aldetan bereizten dira:
Kantauri Itsasoko Kosta
Zuzena da, lurmutur gutxi dauka (Matxitxako, adibidez) eta golko gutxi (Bizkaia, adibidez). Itsasadarrak laburrak eta estuak dira (Nalón eta Nerbioi, modukoak). Kosta honetan itsaslabarrak eta marearteko zabalguneak ugariak dira; dena den, hondartza eta tonbolo hareatsuak daude (Gijonen, Santanderren eta Donostian).
Galiziako Kosta
Espainiako kosta artikulatuena da. Itsasadarrak 25-35 km-ra sartzen dira ibai-haranetan. Galiziako mendigunearen haustura ugarietan hedatzen dira haran horiek (Ortigueira, Vigo eta Arousa itsasadarra, adibidez). Lurmutur batzuk ere izendatu daitezke (Ortegal eta Finisterre, adibidez).
Andaluziako Kosta Atlantikoa
Golko handiak (Cadiz, adibidez) eta lurmutur batzuk ditu (Trafalgar eta Tarifa, adibidez). Horko kosta baxua eta hareatsua da, eta bertako ibaien bokaleetan (Guadalquivir, Tinto, Odiel) padurak, geziak (El Rompido, adibidez) eta dunak (Doñana, adibidez) agertzen dira.
7.3. Mediterraneoko Kostak
Hiru eremu bereizten dira:
Kosta Penibetikoa
Tarifako puntaren eta Gata lurmuturraren artean hedatzen da, nahiko zuzena den kosta bat da. Itsaslabarreko zatiak ditu, eta Mendikate Betikoak itsasertzarekiko paraleloak dira. Kosta baxuko zatiak ere baditu; horiek itsasertzeko lautada estu bat eratzen dute. Almeriako leku batzuetan itsas-terrazak edo itsas mailatik gorako hondartzak daude, Era Tertziarioan sortutakoak.
Levanteko Kosta
Gata lurmuturretik Ebroren deltaraino doa. Hor nagusiak dira lurmuturrak (Palos, adibidez), badiak (Nau, Alacant, adibidez) eta golkoak (Valentzia, adibidez). Hondartza handiak eta hareatsuak, albuferak (Mar Menor, Valentzia, adibidez), tonboloak (Peñíscola, adibidez) eta emari gutxiko ibaiek sortutako deltak ugariak dira.
Kataluniako Kosta
Ebroren deltatik Frantziako mugara hedatzen da. Lurmuturrak (Creus, adibidez), golkoak (Roses, adibidez), itsaslabarrak, hondartzak eta harkaitzen arteko itsasertzeko lautada txikiak ditu. Kataluniako Mendikatearen muturra itsasora heltzen da (Costa Brava). Delta batzuk ere baditu: Ebro eta Llobregat.