Hondartzako Sua: Antzinako Gatazka Bat Pizten
Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,37 KB
Hondartza Isolatua eta Banderatxo Misteriotsuak
Itsaslabar harritsuek inguratutako hondartza txiki bat zen, inolako landaretzarik gabea; guztitik oso urrun dauden hondartza horietako bat, sarbide zailekoa.
Egunaren azken argiei esker, harea hotzean ehundik gora banderatxo zeudela iltzatuta ikus zitekeen, modu irregularrean sakabanatuta. Denboraren poderioz higatuta eta hautsita zeuden. «Agian banderatxo horiek betidanik egon dira hor», pentsatu nuen, «nahiz eta hori oso litekeena ez izan».
Sua Pizteko Erabakia
Eguna hotza izan zen, eta gaua ere hala izango zela pentsatu nuen, hezurrak izozterainokoa. Su handi bat egiteko ideia etorri zitzaidan burura. «Banderatxo horiek egur bezain bikainak izango dira!», pentsatu nuen, eta, beraz, erauziten hasi nintzen.
Harritu egin ninduen zeinen tinko lotuta zeuden ikusteak, hondar mehe eta trinkotasun gutxikoa baino askoz sendoagoa zen zerbaiti iltzatuta baleude bezala. Hala ere, indar pixka bat eginez, gazitasunetik erauztea lortu nuen.
Gau Iluneko Bilaketa
Iluntasuna azkar nagusitzen hasi zen. Lubaki txiki bat egin eta sua piztu nuen, baina oraindik banderatxo gutxi nituen; ez zidaten gau osorako balioko. Hotza eta haizea indartsuak zirenez, gehiagoren bila joan nintzen.
Ez dakit zenbat denbora igaro zen, baina erabat ilundu zuen. Horrelako zeregin batean murgilduta zaudenean, denboraren nozioa galtzen duzu. Sutondotik urruntzen nintzen bakoitzean, ilunpetan murgiltzen nintzen. Sentsazio desatsegina zen, baina nire helburua surako egur gehiago lortzea zen.
Iluntasun sakonean, zaila zen banderatxoak aurkitzea. Ilargirik gabeko gaua zen, eta ozeanoaren zeruertzaren handitasuna uniforme beltz amaigabe bat zen. Urrunean, nire su apalak baino ez zuen distira egiten, bere babesleku txikian lurperatuta. Sutondotik gehiegi ez urruntzea erabaki nuen, baina banderatxoak gero eta urrunago, sakabanatuago eta aurkitzeko zailago zeudela zirudien.
Ezusteko Aurkikuntza Ilunpetan
Halako batean, besoetan banderatxo gutxi batzuk neramatzala... lurrera erori nintzen! Banderatxoek hegan egin zuten. Zulo batean erori nintzen; metro bat baino gehiagoko sakonera izango zuen, eta barruan gorputz oso bat zegoen. Neure buruari esan nion: «Nolatan ez duzu ikusi!».
Nekez zutitu, aurkitu ahal izan nituen banderatxo apurrak hartu eta zuzenean nire sutondora abiatu nintzen, argi-puntu bakarrera. Bidean, horrelako zulo gehiago zeudela ohartzen hasi nintzen. Gehiegi zeuden, tamainaz harrigarriro antzekoak, denak ia berdinak. Ezin dut azaldu nola ez nintzen lehenago konturatu, argitan nengoenean.
Lantzak eta Gudu Zelaia
Sutondora iristean, banderatxoak sutara botatzen hasi nintzen, banan-banan, ondo kudeatu nahian. Horietako bat egoera onean zegoela ohartu nintzen, ia ukitu gabe. Ondo landuta zegoela nabari zen: mutur batean helduleku bat zuen, eta bestean, metalezko punta bat.
Orduan konturatu nintzen erretzen ari nintzena ez zirela banderatxoak, lantza zaharrak baizik. Gudu-zelai zahar batean nengoen! Azkenean, zulo horien zergatia ulertu nuen. Lantza horiek kentzean, inoiz behar bezalako amaierarik izan ez zuen gatazka zahar bat berpiztu nuen; botere goren batek denboran izoztutako gatazka bat.
Itzalen Mehatxua
Une horretan, ez nengoela bakarrik konturatu nintzen. Inguruko itzalek hala sentiarazi zidaten.