Hominizazioa eta Humanizazioa: Giza Eboluzioaren Gakoak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,6 KB

Hominizazioa: Giza Eboluzioaren Hasiera

Gure arbasoek izan zuten prozesu geldo bat da, mutazioek bultzatua eta finkatua, eta giza espeziearen berezko aldaketa anatomiko eta fisiologiko hauek eragin zituen:

  • Bi oinetan ibiltzea: Bipedismoa

    Hominidoak zutik jartzean, garrantzi handiko aldaketak sortu ziren haien hezurduran; batez ere, aldakako eta besaburuetako artikulazioetan, bai eta bizkarrezurraren forman ere. Aldaketa horiek burezurraren eta garunaren osaeran ere eragin zuten.

  • Eskuak libre geratzea

    Oinez ibiltzeko eskuen premiarik ez zutenez, harrezkero beste erabilera batzuetara bideratu ziren, eta oso tresna baliotsu gisa erabili dira. Erpurua gainerako hatzen aurrean egoteak moldakortasun handia eman dio giza eskuari.

  • Barailezurra libre geratzea

    Zutik eta eskuak libre, barailezurrak ez zituen jada lan gogorrak egin behar. Horrek hainbat ondorio izan zituen: ahoa eta laringea aldatu ziren. Aldi berean, garrantzi handiko aldaketak gertatu ziren elikaduran; sukaldaritza izan zen lehen urratsa.

  • Heldu gabe jaiotzea

    Gizakiak babes eta zaintza gehiago behar ditu beste edozein animaliak baino. Jaioberria bizi ahal izateko, norbaitek zaindu behar du; espeziearen gizarteratzearen mende dago. Horregatik, hain zuzen, moldagarriagoa da, eta egoera berriei aurre egiteko gaitasun handiagoa du gainerako hominidoek baino.

  • Ekumenikotasuna: Giza Espezie Unibertsala

    Giza espeziea unibertsal bihurtu da, eta Lurreko edozein tokitan bizitzeko egokitu da. Horrek askotariko itxura fisikoak sortu ditu; baina genetikari dagokionez, ez dago desberdintasunik: giza espezie bakarra dago. Horregatik, gizakien kasuan, ez da erabili behar arrazaren kontzeptua, guztiok baikara arraza berekoak: giza arrazakoak, alegia.

  • Zerebralizazioa: Garunaren Garapena

    Garunaren garapena Homo generoaren eboluzioari estu-estu lotutako ezaugarrietako bat da. Ezaugarri hori gabe, ez litzateke hizkuntzarik ezta arrazoimenik ere egongo. Gaur egun, zientzialariek azpisistema zerebral hauek bereizten dituzte gizakietan:

    • Narrastien garuna

      Eboluzioaren ikuspegitik, primitiboena da: oinarrizko bizi-funtzioak, errutinazko portaera eta sena erregulatzeaz arduratzen da, eta afektu primitiboenak arautzeaz ere.

    • Sistema linbikoa

      Senak agindutako portaera programatutik haratago joateko aukera ematen du. Emozioak adierazteko bide ematen du, gorputz-adierazpen eta guzti, eta gaitasun hori gizakion berezko ezaugarri da. Lankidetzan jarduteko eta premian dagoenari laguntzeko joerak ere eremu horretan daude; esan dezakegu gizakion soziabilitatearen oinarri anatomikoa eta fisiologikoa dela.

    • Garun-azala

      Garun-egitura berriena da. Bi hemisferiotan banatuta, bakoitzak bere funtzioa du. Hala ere, koordinatuta daude. Han sortzen da gizakien jarduera intelektuala.

Humanizazioa: Kulturaren Garrantzia

  • Kultura

    Kulturatzat hartzen dugu, hain zuzen ere, giza talde batek partekatzen dituen jakintza, sinesmen, portaera, ohitura eta abarren multzoa. Izan ere, multzo horrek guztiak definitzen du taldearen bizimodua. Kulturaren bidez, gizakiok pixkanaka atzean utzi ditugu hainbat baldintzapen biologiko. Naturak jartzen dizkigun oztopo eta arazoak arrakastaz gainditzeko baliabide multzo bat sortzeko gai izan gara. Horrenbestez, kultura da gizakiok asmatu dugun bizimodua, eta behartuta sortu dugu. Ezaugarriak:

    • Mutazio genetikoekin alderatuta, kultura-edukien transmisio-abiadura izugarria da.
    • Gizakiak sortu ziren garaiko ikuspegitik, kultura oro ageri zaigu gure biologiak emandako gaitasunen luzatze eta hedatze gisa. Hau da, berez eta biologikoki ezinezkoak ziren gauzak, kulturari esker litekeenak dira.
    • Kultura ikasi egiten da; ez gara kulturarekin jaiotzen.
  • Tresnak egiteko gaitasuna

    Tresnak egitea eta sua kontrolatzea sarritan erabili dira gizakiak eta animaliak bereizteko. Egia da goi-primate batzuek tresnak erabiltzeko gaitasuna dutela, baina gizakien gaitasun teknikoarekiko desberdintasuna, kuantitatiboa ez ezik, kualitatiboa ere bada. Gizakien tresnak, ordea, oso primitiboetatik konplexuetara doaz.

  • Gizarte-harreman konplexuak

    Sua kontrolatzen hasi zirenean, beste elikadura-ohitura batzuk bideratu zituzten. Aldi berean, norbanakoei babes handia ematen zien suak; adibidez, harraparien erasoetatik babesten zituen. Suari esker, etxe baten antzeko zerbait sortu zuten. Halaber, gizarte-harremanak garrantzi handikoak ziren, teknikak hurrengo belaunaldiari transmititzeko. Bestalde, norbanako batek bere kabuz baliatzeko behar zuen denbora gero eta luzeagoa zen, gero eta gauza gehiago ikasi behar zituztelako. Horregatik, helduen eta haurren arteko lotura sendotu zen, eta haurrak gehiago zaindu zituzten. Antzeko zerbait gertatu zen ehiza-tekniken kasuan ere.

  • Hizkuntza

    Animalien hizkuntzak honako osagai hauek ditu, funtsean: aurpegi-adierazpena, keinuak eta gorputz-jarrera. Horrek esan nahi du, tximinoen hizkuntzan ere, hizkuntza-kodifikazioa ez dela nahita sortua; aitzitik, berezko adierazpen-sistema bat da, jaiotzatikoa, eta genetikoki transmititzen da, espezie bakoitzeko kide batzuetatik beste batzuetara, belaunez belaun. Ezaugarriak:

    • Giza hizkuntzak artikulazio bikoitza du. Horrek esan nahi du, alde batetik, esanahia duten unitatez osatuta dagoela eta, bestetik, esanahirik gabeko beste unitate batzuek osatzen dutela hizkuntza. Artikulazio bikoitzari esker, fonema-kopuru mugatu batekin mezuen kopuru mugagabea osa daiteke.

Entradas relacionadas: