Hominizazioa eta Eboluzioaren Teoria: Giza Espeziearen Garapena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Inglés
Escrito el en
vasco con un tamaño de 6,58 KB
Gizakiak izandako prozesu ebolutiboa: Hominizazioa
Gizakiak eta txinpantzeak, biak ala biak, orain dela zazpi milioi urte bizi ziren tximinoen ondorengoak dira; beraz, arbaso berberak ditugu. Zenbait primateri anatomia aldatuz joan zitzaien, pixkanaka, gizakiak sortu arte. Antropogenesia edo giza espeziearen garapena hominizazioan oinarritzen da ezaugarri horiek azaltzeko.
Hominizazio deritzon prozesuari esker, giza espezieak eboluzionatu egin zuen, lehenbiziko arbasoetatik Homo Sapiens Sapiens izateraino. Oso prozesu luzea izan zen: primateen sorrerarekin hasi zen; hau da, duela 65 milioi urte, ugaztun batzuek eboluzionatu, eta lehen primateak agertu zirenean. Animalia berri horiek ikusmen zorrotza garatu zuten, eta gizakiok ezaugarri hori heredatu genuen. Haiengandik jaso genituen, halaber, esku oratzaileak, erditze mugatuak eta bizitza sozial konplexua.
Txinpantzeak dira hominidoen arbasorik hurbilenekoak; hala ere, txinpantzeetatik bereizi, eta lehen Australopithecus-ak sortu ziren. Aurrerago, zenbait Homo espezie sortu ziren haiengandik, baina Homo Sapiens-ak bakarrik dirau bizirik.
A. Aldaketa Anatomikoak
Gizakia nondik datorren jakiteko, gorputzean hainbat aldaketa jasan zituzten tximinoetatik hasi behar dugu:
- Hankabiko bihurtzea: Duela sei milioi urte, klima erabat aldatu zen. Horren ondorioz, basoetan bizi ziren hominidoak Afrikako sabanako lautadetara joan ziren. Atzeko bi hankekin ibiltzen ikasi behar izan zuten. Hankabiko jarrera izan zen lehenbiziko aldaketa. Jarrera horren eraginez, halaber, bizkarrezurra garatu zen. Hura zuzen jartzeak, berriz, garuna kiribiltzea ekarri zuen berekin, eta, horren ondorioz, entzefalizazioa.
- Entzefalizazioa: Garunaren tamaina eta konexio neurologikoen kopurua hazi egin ziren. Handitze-prozesu horretan, faktore garrantzitsuak izan ziren lanabesak egiten hastea eta bizitza sozial gero eta konplexuagoa izatea. Dietak ere eragina izan zuen aldaketa horretan: haragia jaten zutenez, hominidoek energia asko zuten, eta, horri esker, garunak gero eta lan gehiago egin zezakeen, eta hazi egin zen.
- Eskua laburtzea: Eskua askoz ere laburragoa dugu, beste primate batzuek baino. Hatz lodia, ordea, luzatu egin zen, eta gainerako hatzekiko aurkako posizioa hartu zuen. Gauzak errazago manipulatzeko ezinbestekoak ziren.
B. Aldaketa Fisiologikoak
- Eskuak libre geratzea: Hortaz, eskuak tresna bilakatu ziren, gainerako lanabes guztiak egiteko aproposak, eta horrelaxe sortu zen teknika. Elkarrekiko harremana dago eskuaren eta garunaren artean. Lanabesak sortzeak lan zailagoak ekarri zituen berarekin, eta horrek entzefalizazioari lagundu zion.
- Plastikotasun biologikoa: Gure gorputza ez dago espezializatuta inolako funtziotarako, eta oso erraza da hari kalte egitea. Gizakiaren kasuan, biziraupena ez dago gorputzaren menpe, baizik eta hura erabiltzen ikasteko bereganatzen duen kulturaren menpe; izan ere, anomalia guztien artetik, gizakiok dugu heltze-prozesu motelena, eta instintuak, oso urrituak ditugu.
- Ugalketaren berezitasunak: Giza sexualitateak ezaugarri nagusi bat du: kontrola, hormonala ez ezik, kortikala ere badela. Gizakiak ez ditu araldiak espeziea ugaltzeko. Urteko edozein garaitan ugal daitezke. Gainera, gainerako animalien kasuan ez bezala, gizakiok erotizatu eta pertsonalizatu egiten dugu sexua.
C. Aldaketa Sozialak
- Bizitza soziala areagotzea: Taldekideek elkarlanean aritu behar zuten, ehizarako estrategia antolatzeko eta lanabesak egiteko. Hominidoek, beren heltze-prozesua zela eta, denbora luzez izaten zuten amarekiko menpekotasuna, eta horregatik zen handiagoa haien ikasteko gaitasuna. Gainera, prozesu luze horri esker, pertsonen arteko loturak estutu egiten ziren; jokabide sozial konplexu bat garatzea izan zuen horrek ondorio, besteak beste.
- Hizkuntza: Bizitza soziala gero eta konplexuagoa zenez, ezinbestekoa zen komunikatzeko modu eraginkor bat. Funtsezkoa zen garunaren ahalmena areagotzea; izan ere, harremana estua dago garunaren heltze-mailaren eta hizkuntza-gaitasunaren artean.
Eboluzioaren Teoria
XIX. mendean, Lamarck naturalistak eboluzioaren ideia proposatu zuen lehenbizikoz. Horren arabera, espezie batzuk beste espezie batzuetatik sortzen dira, eraldaketa anatomikoen ondorioz; izan ere, Lamarcken hitzetan, «funtzioak sortzen du organoa».
1831. urtetik 1836. urtera bitartean, Hego Amerikan eta Ozeano Bareko uharteetan barrena ibili zen Charles Darwin, eta bidaia horietan bildutako datuetan, ikusi zuen. Fixismoaren aldeko pentsamoldearen aurrean, Darwinek ondorioztatu zuen denak espezie beretik zetozela. Alfred Russell Wallace ere, bere aldetik, ondorio berera iritsi zen. Darwinek 1859an argitaratutako Espezieen jatorria lanak hautsak harrotu zituen, zalantzan jarri baitzuen mundua Jainkoak sortu izana. Lan horretan, gainera, XIX. mendeko teorietatik garrantzitsuena azaldu zuen. Laburbilduz, baieztapen hauetan dago oinarrituta eboluzioaren teoria:
- Izaki bizidun guztiek jatorri berbera dute: Izaki bizidun guztiak ahaidetuta daude; lehen bizi-formaren ondorengoak dira denak.
- Espezieek eboluzionatu egiten dute: Espezieak etengabe agertzen, desagertzen eta aldatzen dira, baina guk ezin ditugu egiaztatu oso epe luzera gertatzen diren aldaketak.
- Gradualismoa: Aldaketa-prozesua pixkanaka gertatzen da, eta ez daude bat-bateko eta aldizkako jauziak espezie batetik bestera.
Teoria horrek eztabaida handiak sortu zituen, Darwinek berak aurreikusten zuen bezala. Hala ere, kritika zorrotzenak 1871n iritsi zitzaizkion, Gizakiaren jatorria argitaratu zuenean.
Hautespen Naturala eta Neodarwinismoa
Hautespen naturala da Darwinen eta Wallacen aurkikuntza handiena; eboluzioa eragiten duen mekanismoa da. Belaunaldi bakoitzean aniztasun genetiko handia dago. Banako guztiak bizirauten saiatzen dira. Horrez gain, espezie batzuek beste batzuen aurka borroka egin behar dute, jatekoa eta bizitokia bermatzeko, bai eta etengabe aldatzen den ingurune ekologikoaren aurka ere, ingurune horretara egokitu behar baitute ez hiltzeko.
Gaur egun, teoria sintetiko edo neodarwinismo deritzona onartzen du zientziak. Darwinen teoriak eguneratzen ditu neodarwinismoak, genetikaren arloko azken aurrerapenak kontuan hartuta. 1940ko hamarkadan sortu zen teoria sintetikoa, Mendel botanikariaren genetika-arloko lanak eta Darwinen eboluzioaren teoria elkartzean.