Hitz-elkarketa Euskaraz: Definizioa, Egitura eta Sailkapena

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,92 KB

Hitz-elkarketa: Sarrera eta Definizioa

Hitz-elkarketa hizkuntza batek hitz berriak sortzeko duen biderik emankorrenetako bat da. Prozesu honen bidez, hitz bat baino gehiagoren zatiak konbinatuz hitz berri bat sortzen da. Helburua bi hitz (edo gehiago) elkartuz adierazle berri bat sortzea da.

Balio Generikoa eta Genitiboaren Erabilera

Hitz elkartuek, oro har, balio generikoa izaten dute. Horrek esan nahi du ez dutela erreferentzia konkretu bat izaten. Adibidez, txori-kaiola esatean, kaiola mota bat adierazten da eta ez kaiola jakin bat. Bereizketa hau garrantzitsua da, euskaraz sarritan genitiboa erabiltzea zuzenagoa baita erreferente zehatz bati buruz ari garenean:

  • Hitz elkartua (Generikoa): Euskara eguna (egun mota bat bezala ulertua).
  • Genitiboa (Konkretua): Euskararen eguna (egun zehatz batekiko lotura egiten duelako).

Berdina gertatzen da artzain eguna edo odolki eguna bezalakoekin; genitiboa gehitzea hobesten da erreferentea zehatza denean.

Hitz Elkartuak Ez Direnak

Hitz elkartu arautuetatik kanpo, sormenezko beste prozesu batzuk aurki ditzakegu hizkuntzan:

Gurutzaketak (Blends)

Hauek ez dute arau finkorik eta hizkuntzazko sormenetik jaiotzen diren hitz berriak dira. Sarritan, bi hitzen zatiak nahasten dira hitz bakarra osatzeko:

  • Motor + hotel > motel
  • Xigortu + gar > txigartu
  • Harri + arroka > harroka

"Iratxoak" eta Azkueren Hiztegia

"Iratxoak" hiztegian ezerezetik sortu diren hitzak dira, hizkuntzan tradiziorik ez dutenak. Azkueren hiztegian hainbat kasu agertzen dira:

  • Arnari: 'fruta' adierazteko erabilia (Aretxarnari, "bellota, fruto del roble").
  • Iz- erroaren eztabaida: Izaro, Izpazter, Izpegi, Iziar, izurde bezalako hitzak aztertzean, Azkuek dio IZ horrek "ura" edo "itsasoa" esan nahi duela (adibidez: iz-aro "itsas-zirkulua"; iz-urde "itsas-txerria").

Mitxelenaren Kritika

Koldo Mitxelenaren arabera, izurde hitza gizaurde-tik dator eta baliteke iz erro hori "ura" esanahiari lotuta sekula existitu ez izana.

Hitz Elkartuen Egitura

Hitz elkartuetan bi zati nagusi bereizten dira: mugatzailea (ezkerrean) eta mugakizuna (eskuinean). Euskaraz, orokorrean, burua eskuinean dago. Burua da hitz elkartu osoari bere kategoria gramatikala eta esanahi orokorra ematen dion osagaia:

Egunkari (izen bizigabea) + saltzaile (izen biziduna) > egunkari-saltzaile (izen biziduna).

Sailkapena

Endozentrikoak

Burua egitura elkartuaren barruan dutenak. Esanahia osagaien baturatik dator: futbol-zelai, barazki-saltzaile, senar-emazteak.

Exozentrikoak

Burua "kanpoan" dutenak. Elkartearen ezaugarri gramatikalak eta semantikoak ez datoz bat osagaienekin. Adibidez, begiluze hitzak ez du begi luze bat definitzen, ezaugarri hori duen pertsona bat baizik. Irakurketa metaforikoa izan ohi dute: artaburu, astaputz, baba-lore, txoriburu.

Dvandva Elkarketa

Euskararen bereizgarrietako bat da. Hitz elkartu mota honetan bi osagaiak maila berean daude:

  1. Esanahi nagusia ez du bietako batek bakarrik ematen.
  2. Osagaiak ez dira bata bestearen modifikatzaile.
  3. Izenek maila eta azpikategoria berekoak izan behar dute, eta esanahizko kidetasuna behar dute.
  4. Pluralean joan ohi dira ezinbestean (nor, nori, nork kasuetan).
  5. Atzizkiak biei gehituta bezala ulertzen dira: seme-alabatxo (semetxo eta alabatxo).
  6. Postposizioekin, ordea, mugagabea onartzen dute errazago (aho-mihitan).
  7. Hitzak beti marratxoekin lotuta daude.

Dvandva Elkarketaren Hurrenkera

  • Silaba gutxienekoa aurretik.
  • Generoan, ar-eme erabiliagoa: senar-emazteak.
  • Estatusa: aita-semeak.
  • Espazioan, goikoa lehenik: zeru-lurrak.

Kasu Bereziak

Aditzez osatuak: Esan-eginak, har-eman (harremanak), jan-edanak, joan-etorriak. Lehenik aditzak izen bilakatzen dira elkarketa egiteko.

Izen bereziak: Askoz urriagoak: Afrika-Asiak, Azpeiti-Azkoitiak, Bilbo-Iruñeak

Eratorpenean oinarri izan daiteke, aditzak sortzeko: aitamatu, gatz-ozpindu.

Tautologiazko Elkartuak

Esanahi bertsua duten izenen elkarketa da, izaki edo "zera" bakarra adierazteko. Baliabide estilistikoa da eta XVIII. mendetik aurrera ugaritu zen. Adibidez: agiri-paperak, uso-paloma.

Mendekotasunezko Elkartuak

Gaur egungo euskaran baliabide indartsuena da, azken urteotan ehunka hitz berri sortu baitira bide honetatik (guraso-elkarte, garapen-maila, diru-sarrera).

Hiru Azpi-sail Nagusiak

  1. Izen + Izen: Behi-esne, txori-kaiola, zakar-ontzi. Baita ere: aurreiritzi, bertso-mota, gaztaina-kolore. Egitura hau ezin hobea da erdarazko "izen + adjektibo erreferentzial" egiturak itzultzeko: eskulan (trabajo manual).
  2. Aditzoin + Izen: Bide-laguntza.
  3. Izen + Aditzetik eratorritako izena: Mugakizuna -le, -tzaile, -era, -keta, -kuntza, -pen, -tze atzizkiekin eratorria denean. Adibidez: zerga-biltzaile, harri-jasotze.

Elkartu Sintetikoak eta Berrelkarketa

Hitz elkartu sintetikoek aditzetik eratorritako mugakizuna dute (bertso-jartzaile).

Gainera, elkarketa prozesua behin eta berriro errepika daiteke (berrelkarketa), nahiz eta prozesamendu-muga dagoen:

  • Lan-sari > lansari-igoera
  • Landare-izen > landare-izen zerrenda

Entradas relacionadas: