Hirugarren Sektoreko Zerbitzuak: Gizartea eta Enpresa
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Economía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,33 KB
Zerbitzu Sozialak
Hezkuntza
Bistakoa da zenbaterainoko garrantzia duen hezkuntzak, ez bakarrik norbanakoentzat, baita gizarte osoarentzat ere. Batetik, norberaren autonomia, gizarteratzea eta lanbide-trebekuntza errazten ditu; bestetik, funtsezkoa da herrialdeek aurrera egin dezaten zientziaren, teknikaren eta kulturaren alorrean.
Herrialde gehienen helburu nagusiak honako hauek izaten dira:
- Derrigorrezko eskolaldia ezartzea (hau da, biztanle guztiek hezkuntza jasotzea).
- Zerbitzuaren doakotasuna finantzatzea.
- Aukera-berdintasuna sustatzea.
Estatuak esku hartzen du hezkuntzan: Hezkuntza-mailak, irakasgaiak, ikasturteak eta etapak arautzen ditu. Hezkuntza-sistema baten maila neurtzeko, hainbat kalitate-adierazleri erreparatzen zaie.
Osasuna
Osasuna pertsona guztien oinarrizko premia da, lehentasunez bete beharrekoa. Horretarako zerbitzuen bidez, herritarrek bizitzeko eta bizi-baldintza duinak izateko duten eskubidea bermatu nahi da.
Horregatik, helburu nagusia osasun-sistema ona ezartzea da, biztanleriaren osasuna hobetzeko, pertsonen bizialdia luzatzeko eta, prebentzioaren eta tratamenduen aldetik, herritarren arteko desberdintasunak murrizteko.
Inbertsio ikaragarri handiak egiten dira, teknologiaz ondo hornitutako osasun-etxeak eta osasunaren arloko langileak ordaintzeko. Osasun-politikaren arrakasta neurtzeko, hainbat adierazle hartzen dira kontuan: bizi-itxaropena, haurren heriotza-tasa...
Enpresentzako zerbitzuak
Enpresen administrazioa edo kudeaketa eta banku-zerbitzuak ere hirugarren sektorekoak dira.
Enpresen administrazioa
Enpresa-kudeaketarekin zerikusia duten ekonomia-jarduera asko biltzen ditu, hala nola:
- Giza baliabideak
- Kontabilitatea
- Zergak
Enpresa-kudeaketaren jarduerek garrantzi ekonomiko handia dute, enplegua sortzen dutelako eta langile espezializatuak behar dituztelako. Herrialde garatuetan, hirugarren sektoreko enpleguen %20-25 arlo honetan dago, eta zerbitzuen kalitatea gero eta hobea da.
Orain arte, kudeaketa-lanak enpresan bertan egiten ziren. Gaur egun, ordea, gero eta ohikoagoa da mota askotako zerbitzuak egiten dituzten kudeaketa-enpresak zeregin horietaz arduratzea. Enpresek kanporatu egiten dituzte zerbitzu batzuk, baita ekoizpena bera ere.
Finantza-jarduerak
Finantzen arloko zerbitzuek diru-mugimenduak bideratzeko jarduerak biltzen dituzte.
Finantza-erakundeek artekari gisa jokatzen dute eragiketa horietan, eta hainbat motatakoak daude: bankuak, aurrezki-kutxak edo balio-agentziak.
Finantza-erakunde gehienek hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiete enpresa eta pertsonei, interesen edo komisioen truke. Hauek dira zerbitzurik erabilienak:
- Maileguak
- Aurrezkien kudeaketa
- Moneta-trukea
Langile askorik erabiltzen ez duten arren, finantza-jarduerak oso garrantzitsuak dira, etekin handiak sortzen dituztelako eta ekonomian berealdiko eragina dutelako.
Gaur egun, banku-sektorean kontzentrazioa nagusitzen ari da.
Kontsumitzaileentzako zerbitzuak: Turismoa
Aisialdiko jarduerak astialdian egiten ditugunak dira: ikuskizunak, kirola, ostalaritza eta turismoa. Azken urteotan, ekonomiaren aldetik turismoa da garrantzitsuena.