Hirigintza eta Demografia: Gako Kontzeptuen Gida
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,8 KB
Hirigintza eta Demografia: Oinarrizko Kontzeptuak
- Hiria: Biztanleria- eta eraikuntza-dentsitate altuak dituen eremua da, industria- eta zerbitzu-jarduerekin eta, Espainiako kasuan, 10.000 biztanle baino gehiago dituenak.
- Urbanizazio-prozesua: Hirian biztanleak, jarduera ekonomiko nagusiak eta berrikuntzak apurka-apurka pilatzea eta gero ingurura hedatzea.
- Metropolialdea: Hiri nagusi eta oso dinamiko batek eta haren eraginpean osagarrian hazten diren inguruko beste batzuek osatzen duten multzoa.
- Landa-hiria: Landaren eta hiriaren arteko trantsizio-espazioa, hiri-periferian eraikitako ingurua baino harago kokatzen dena. Bertan, landako eta hiriko lurzoruaren erabilerak eta bizimoduak nahasten dira.
- Biztanleriaren berezko hazkundea: Urte bakoitzeko jaiotza-kopuruaren eta heriotza-kopuruaren arteko kendura. Hazkunde begetatiboa ere esaten zaio.
- Biztanleriaren benetako hazkundea: Berezko hazkundearen eta migrazio-saldoaren batura da.
- Megalopolia: Eskualdez gaindiko hedadura duen hiri-aglomerazioa. Hiriko zenbait elementuk osatzen dute (konurbazioak, hiri ertainak, hiri txikiak, etab.) eta bakoitzak bere eginkizunak ditu. Elementu horiek hazten dira eta hiri-ingurune ez jarraitua osatzen dute, baina haustura garrantzitsurik gabe.
- Mugimendu pendularra: Populazioaren joan-etorriko ohiko lekualdatze periodikoa (egunero, astero). Normalean, bizilekuaren eta lantokiaren arteko eguneroko joan-etorriak dira.
- Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO): Udalerriaren hirigintza-antolamendu integralerako oinarrizko tresna da. Hiri-garapena zenbait urtetarako proiektatzen du: lurzoruaren erabilera eta sailkapena, eraikuntza-dentsitatea, bide-sarea, ekipamenduak eta ingurumen-babeserako neurriak.
- Errolda: Urtero urtarrilaren 1ean eguneratzen den udalerri bateko biztanleriaren zerrenda, biztanleen zenbait ezaugarri demografiko, ekonomiko eta sozial ere biltzen dituena.
- Bizi-itxaropena: Indize demografiko bat da, belaunaldi bat biziko den urte kopuruaren zenbatespena erakusten duena, betiere belaunaldi hori jaio zen urteko hilkortasun-baldintzak berean mantentzen badira.
- Biztanleriaren zahartzea: Indize demografiko bat da, toki jakin bateko 65 urte edo gehiago dituen biztanle kopuruaren eta biztanle osoaren arteko erlazioa adierazten duena, ehunekotan adierazita.
- Migrazio-saldoa: Leku jakin bateko immigrazioaren eta emigrazioaren arteko balantzea da (migrazio-saldoa = immigrazioa - emigrazioa). Positiboa bada, biztanleriaren hazkundea esan nahi du; negatiboa bada, biztanleria murrizten ari dela esan nahi du.
- Landa-exodoa: Landatik hirira ematen den migrazio-mugimendua da. Espainian, 1900-1975 urteen artean nabarmendu zen, batez ere, gune industrializatuetara, lana eta diru-sarrerak handiagoak lortzeko.
- Biztanleria aktiboa: Ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko eskulana ematen duten edo ekoizpen-prozesuan sartzeko egoeran eta aukeran dauden pertsonen multzoa da. Espainian, 16 urtetik gorakoak dira.
- Biztanleria ez-aktiboa: Ordaindutako lanik egiten ez duena eta lan hori gauzatzeko eskuragarri ez dagoena, hala nola pentsiodunak, errentadunak, ikasleak eta etxeko lanak egiten dituzten pertsonak. Horregatik, ekonomikoki biztanleria aktiboaren mende dago.
- Garraio-azpiegiturak: Garraio-sistema ahalbidetzen duten eraikin finkoak dira (errepideak, autobideak, autostradak, trenbide-sareak, itsas-portuak eta aireportuak). Espainian, inguru fisiko zaila, sare erradialak izatea eta azken urteetako modernizazioa nabarmentzen dira.
- Konurbazioa: Hiri-aglomerazio batean batu arteko bi hiri edo gehiagoren hazkunde paraleloa da. Hainbat zentro independente dituen jarraipen urbanizatu bat izateagatik bereizten da.
Hiri-Egituraren Analisia eta Garapena
Hiri-egitura batean hainbat unitate edo alde bereiz daitezke. Alde bakoitza bereizteko, honako bereizgarri hauek hartzen dira kontuan: morfologia (planoa, eraikuntza eta lurzoruaren erabilera), osaketa sozio-demografikoa eta betekizun edo jarduera nagusiak.
Hirigintza-prozesuaren eraginez, Espainiako gaur egungo hiriek egitura konplexua dute. Hiriaren zati nagusiak honako hauek dira: alde zaharra (industria aurreko hirigintzari dagokio), zabalgunea (industrializazio garaiko auzo burgesa), auzo perizentralak (zabalgunetik gertu dauden hasierako langile-auzoak eta industriguneak) eta gaur egungo periferiak. Hala ere, hirigintzaren intentsitatearen eraginez, hiri batzuek hurbileko biztanle-guneekin konektatu dira eta hiri-aglomerazioak sortu dituzte.