Hezkuntza Proiektua: Ikastetxearen Nortasuna eta Proposamen Pedagogikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,08 KB
Hezkuntza Proiektua: Ikastetxearen Bereizgarria?
Bai, Hezkuntza Proiektua (IHP) ikastetxearen bereizgarri nagusia da. Ikastetxe bakoitzak bere nortasuna eta ezaugarri propioak ditu, kokatuta dagoen inguru sozial eta kulturalaren arabera. Ezaugarri horiek guztiak Ikastetxe Hezkuntza Proiektuaren barnean islatzen dira, eta horrek bereizgarri bihurtzen du.
IHPk curriculum dekretuetan agindutakoa jasotzeaz gain, ikastetxe bakoitzak egindako hezkuntza-proposamen espezifikoak ere biltzen ditu. Izan ere, eskola bakoitza hezkuntza-asmo eta balio propioak dituzten pertsonek osatzen dute. Hala ere, batzuetan, eskolaren funtzionamendu-moduak, kulturak edo ohiturak ez dira IHPn esplizituki agertzen, ikastetxearentzat hain berezkoak direnez, hezitzaileak ez baitira horretaz jabetzen.
IHP: Eskola Kidegoaren Tresna Koherentea
IHPk eskola-kidego osoari erantzun koherentea emango dion hezkuntza-tresna izan behar du. Beraz, bertan agertuko dira:
Nortasun Ezaugarriak
Ikastetxearen nortasunarekin zerikusia duten alderdiak agertzen dira, kokapenaz gain. Ikastetxeak bere egiten dituen printzipio ideologiko eta balio pedagogiko guztiak ere jasotzen dira. Laburbilduz, "Ikastetxe gisa nor gara gu?" galderaren erantzuna agertuko da.
Helburu Orokorrak
Aurreko ezaugarriekin lotuta, ikastetxeak bere buruari planteatzen dizkion helmuga edo xedeak adierazten dituzte. Hau da, "Ikastetxe gisa zer lortu nahi dugu?" galderaren erantzuna agertuko da.
Antolamendu Egitura
Funtzionamenduaren antolamenduarekin zerikusia du. Hierarkia-harremanak eta kudeaketa-arloan parte hartzen duten pertsona eta taldeen arteko komunikazio-bideak ezartzen ditu. Laburbilduz, "Ikastetxe gisa nola antolatuko dugu geure burua?" galderaren erantzuna.
Proposamen Pedagogikoak Erantzuten Dituen Galderak
Proposamen pedagogikoak hezkuntza-prozesuaren funtsezko alderdiei buruzko galdera hauei erantzuten die:
- Zer irakatsi behar da? Honek curriculumak ezarritako helburuak eskolaren ezaugarri eta bertako ikasleen beharretara egokitzea eskatzen du.
- Noiz irakatsi behar da? Honek edukiak denboran antolatu eta beraien artean sekuentziatzea eskatzen du.
- Nola irakatsi behar da? Hezkuntza Proiektuan jasotako printzipio metodologikoen arabera, jarraituko diren estrategia didaktikoak erabakitzea eskatzen du.
- Zeren bidez irakatsiko da? Honek erabiliko diren material, denbora eta espazio-baliabideak antolatzea eskatzen du.
- Nola artatuko da aniztasuna? Haur bakoitzaren berezitasunaz gain, behar espezifikoak dituzten haurrenganako arreta aurreikustea eskatzen du.
- Nola sustatuko da familien eta eskolaren arteko kolaborazioa? Eraginkortasuna areagotzearren, bien arteko elkarlana sustatu eta koordinatzeko bideak erabakitzea eskatzen du.
- Zer, noiz eta nola ebaluatuko da? Ebaluazio-prozesuari buruzko irizpideak ezartzea eskatzen du.