Hezkuntza Eraldatzailea: Komunitatea eta Ikuspegi Kritikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 10,06 KB
Ikasgela Komunitatea: Zer da eta nola lortu?
Ikasgela ez da bakarka ikasteko lekua soilik, baizik eta elkarrekin ikasteko gunea; ikasleen indibidualtasuna kontuan hartzen duen eta talde-kohesioa bultzatzen duen ikaskuntza-eredua da. Denek egiten dituzte ekarpenak, eta ekarpen horiek baliabideak eta ezagutza dira; modu konstruktiboan erabili behar ditugu, ikasle bakoitzaren ezberdintasunak barne.
Irakaslea arduradun bakarra delako ideia hautsi behar da, talde oso batek dinamika sortzen duelako. Irakasleak gidari lana egin behar du, prozesuan lagundu eta harreman horizontala sustatu, informazioa transmititzera soilik mugatu gabe eta erdigunetasun tradizionala apurtuz. Hezkuntza guztiona da eta baten arrakasta denon arrakasta da. Ikasleen esperientziak eta istorioak aprobetxatu behar dira. Ikasgela esparru komun gisa ikusi eta erakutsi behar da, kolektiboari zirrara eraginez eta ilusioa partekatuz (adibidez, Zetak taldearen kontzertua eta kaskoak).
Zer da ikuspegi holistikoa?
Hooks eta Thich Nhat Hanhen ustetan, ikuspegi holistikoak burmuina, gorputza eta arimaren arteko batasuna esan nahi du. Irakasle gisa, ikasleen ongizate fisikoa, emozionala eta soziala zaindu behar dugu, ez soilik beren emaitzak (gure ongizatea zaintzeaz ahaztu gabe). Ikasleekin benetan egoteko, irakasleak une bakoitzean presente egoten ikasi behar du. Oso garrantzitsua da ikasleen bizitza ezagutzea eta horri buruz hitz egitea (motxila), ahal den neurrian gu ere beraiekin irekiz eta gure burua humanizatuz: "zuri gertatutakoa niri ere gertatu ahal zait". Azken finean, elkarrenganako ikaskuntza dago; curriculumeko ezagutzaz gain, munduan bizitzeko moduari buruzko ezagutza eraiki behar dugu.
Gizarte Zientziak irakasteko helburuak
Valls eta Lopez-Facalen arabera, helburua ez da "zer gertatu den" jakitea, baizik eta "zergatik eta nola":
- Iraganaren interpretazio ez-dogmatikoa egiteko, metodologia historikoa eta geografikoa erabili eskola-eremuan.
- Historiaren ikuspegi alternatiboak planteatzea, tradizioz baztertuak egon diren kolektiboen presentzia eta protagonismoa aldarrikatzeko.
- Dauden desoreka handien analisia bultzatu eta horiekiko enpatia eta jarrera proaktiboa sustatu.
- Ikasleei beren gaitasun kritikoak garatzen lagunduko dieten tresnak eman.
- Ondare historiko eta kulturala balioesten, gozatzen eta defendatzen laguntzea.
Historia ikasgaiaren bilakaera: Lehen eta orain
Lehen, hezkuntzak ikuspegi bakarraren eta zurrunaren arabera funtzionatzen zuen: nazioaren kontakizun ofiziala zen egia bakarra, eta ikasleek datuak buruz ikasi eta pasiboki errepikatzen zituzten. Historia lineala zen, gertaerak eta pertsonaia nagusiak kronologikoki jarraitu behar ziren; ez ziren emakumeen, indigenen edo langileen ikuspegiak aipatzen. Geografia, berriz, mendien, ibaien eta hirien zerrenda mekaniko bat bihurtzen zen, ulermen sozialik gabe.
Orain, aldiz, ikuspegi hori irekitzen eta aberasten ari da: iraganaren kontakizun anitzak eta pluralak entzuten dira, eta ikasleek gaitasun kritikoa, interpretazio sakona eta konexio soziala garatzen dituzte. Historia orain anitzagoa, integratzaileagoa eta kritikoagoa da; Geografia, berriz, soziala eta ekologikoa bilakatu da, pertsonen, lurraldearen eta ingurumenaren arteko harremanak aztertuz.
Pentsalariak eta genero-ikuspegia
- Judith Butler: Ez-binariotasuna defendatzen du, gizarteak bi kategoria soilik erabiltzen dituen ereduari aurre eginez. Jaiotzen garenetik genero markatu bat ikasten dugu eta genero jakin batean autodiziplinatzen gara. Genero-performatibitateaz ere aritu zen: generoa ez da nor garen, egiten duguna baizik. Sexua eta generoa bat datozenean (zis) normaltzat hartzen zaituzte, baina hori hausten denean zigor soziala jasaten dela aldarrikatu zuen.
- Simone de Beauvoir: "Emakume ez da jaiotzen, egin egiten da". Generoa ez da biologikoa, soziala baizik. Gizarteak irakasten digu nola izan emakume edo gizon; "emakumetasuna" eraikuntza kulturala da. Gizarte-antolaketan emakumea bigarren mailan dago eta generoa heziketaren bidez txertatzen da gure gorputzean.
- Kate Millett: Sexua politikoa dela uste du. Gorputzaren eta sexuaren trataera boterearekin lotzen da. Patriarkatuak gizartea hierarkia sexual baten arabera antolatu du: biztanleriaren erdiak (gizonak) beste erdia (emakumeak) menderatzen du. Patriarkatuak portaera-arau sozial bereziak esleitzen dizkie bi sexuei, maskulinitatearen eta feminitatearen ereduak eraikiz.
- Angela Davis: Emakumea, arraza eta klasea biltzen ditu. Adierazten du emakume guztiak ez garela berdinak; bere kasuan, beltza izateagatik bazterkeria jasan duela. Klase, arraza eta genero-esplotazioaren, kapitalismo inperialistaren eta homofobiaren kontrako borroka defendatzen du, intersekzionalitatearen ikuspegia aurreratuz.
Ikuspegi postkoloniala eta hizkuntza
- Frantz Fanon: Europaren kolonizazio politiko, ideologiko eta kulturala azaldu zuen; kolonialismoak "bestea" nola deshumanizatzen duen erakutsi zuen. Europak bere izenean justifikatu ditu esklabutza eta zapalkuntza.
- Ngugi wa Thiong’o: Hizkuntzaren funtzioan jarri zuen arreta, identitate nazional, kultural, sozial eta historikoaren eraikuntzan duen indarrean. Azaldu zuen nola kolonizatzaileak bere hizkuntza ezartzen dion kolonizatuari, boterea egikaritzeko.
Kolonialismoa vs. Kolonialitatea
90eko hamarkadako ikertzaile postkolonialek modernitatearen eta kolonialitatearen arteko harremana aztertu zuten. Kolonialismoa amaitu arren, kolonialitatea oraindik bizirik dago:
| KOLONIALISMOA | KOLONIALITATEA |
|---|---|
| 1) Botere politiko esplizitua | 1) Botere sinboliko eta kultural ezkutua |
| 2) Lurraldeen okupazioa | 2) Mendebaldeko balioen inposaketa |
| 3) Militar, politiko eta ekonomikoa | 3) Epistemikoa eta identitarioa |
Kolonialitatea eta modernitatea txanpon beraren bi aurpegi dira. Gizarte-hierarkizazioa eta diskriminazioa eragin dituzte: arraza, etnia, kultura, nazio eta generoen arabera.
Sexu-genero aniztasuna eta intersekzionalitatea
Mendebaldeko gizartean, azken 500 urteetan gutxienez, identitatea eta bikote-harremanak ulertzeko patroi hegemoniko bat zegoen. Talde batzuk "ez-normatibo" gisa sailkatu dira eta, ondorioz, identitate horiek ez dute eredu heteronormatiboaren onarpen bera. Hezkuntza-esparruan aniztasuna bere adierarik zabalenean ikusgarri egitea falta zaigu.
Identitateak eraldaketaren logikan ulertu behar dira; ikasle bakoitza ortzadarraren eremu batean kokatuko da eta hori errespetatu egin behar dugu. Indarkeria-kasuak agertzen direnean esku hartu behar da; identitate ez-arautuei ikusgarritasuna eman behar zaie eta haurrak aniztasunaren beste ulerkera batean hezi behar dira. Hori lortzeko, zeharkotasuna, formakuntza eta informazioa ezinbestekoak dira.
Zer da intersekzionalitatea? Pertsona baten identitatearen alderdi desberdinak (generoa, arraza, klase soziala, sexualitatea, adina, hizkuntza...) nola gurutzatzen diren eta diskriminazioa edo pribilegioa nola sortzen duten azaltzen duen teoria da. Hezkuntzak ikasleen diskriminazio eta ezinegonekin enpatizatu behar du. Gizarte Zientziak irakastean, garrantzitsua da gorputz horiek guztiak kontuan hartzea gai, irudi eta hizkuntzetan.
Zaintzaren pedagogia eta eurozentrismoa
Praktika feministak zaintzaren balioak gelan txertatzea dakar. Zaintza honela definitu daiteke:
- Gurekiko eta besteekiko harreman adiskidetsua.
- Zaindua izateko beharra eta zaintzeko borondatea.
- Egoera zaurgarrian dauden pertsonekiko ardura.
- Iraganeko zauriak sendatzen laguntzen duen prozesua.
Hezkuntzaren helburua haurrak bizitzarako heztea da, eta ez merkatuaren beharrei begira soilik. Hezkuntzak genero-ikuspegia, ingurumen-ikuspegia, giza eskubideak, ikuspegi holistikoa eta kulturarteko begirada dekoloniala sustatu behar ditu.
Eurozentrismoa: Mendebaldeko ikuspegiak unibertsalak balira bezala aurkezten dira, ezagutza partziala sortuz. Europako gizon zuriaren tradizioa mundu-ikuskera orokortzat hartzen da, beste kultura batzuk gutxietsiz. Mapetan ere Europa erdigunean agertzen da. Kolonia-matrizeak hiru diritza: boterearen kolonialitatea (politika/ekonomia), jakintzaren kolonialitatea (epistemologia) eta izatearen kolonialitatea (identitatea).
Ikuspegi dekoloniala Euskal Herrian
Euskal Herrian ikuspegi dekolonialetik jarduteak gure historia, hizkuntza eta identitatea eredu hegemonikoetatik askatzea dakar, gure pribilegioak eta menderatze-moduak aztertuz. Begirada honek ulertarazten digu gure herriak zapalduaren esperientzia izan duela (hizkuntza minorizatua), baina aldi berean beste zapalkuntza batzuekiko konplizitateak izan ditzakeela: "zapalduak gara, baina ez gara zapaldu bakarrik, ezta zapaldu hutsak ere".
Gelan landutako dinamikak eta tresnak
- AMIA: Aukerak, Mehatxuak, Indarguneak eta Ahulguneak Gizarte Zientzietan.
- NI-tik GU-ra Mapa Kontzeptuala: Kezkak, zibilizazioaren krisia (psikologikoa, politikoa, elikadura) eta ondorioak.
- Dekalogoa: LOMLOEko 10 konpetentzia espezifiko aukeratu eta arrazoitu.
- Erliebe-mapa: Generoa, adina, orientazioa, arraza eta hizkuntzaren araberako sentipenak.
- Zaintzari buruzko hausnarketa: Nola sentitzen naiz zaindua eta nola zaintzen ditut besteak.
- Kasu-azterketa: Marioren egoerari erantzuteko bideo-analisia.
- Ikas-egoera: Euskararen erabilera sustatzeko proposamena.
- Tertuliak eta Abestiak: Irakurgaiak eta gaiak freskatzeko musika.
- Giza Katea: Hizkuntza eta identitatearen inguruko galderen bidezko dinamika.