Herritarrak, Estatua eta Ikuskera Politikoak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Matemáticas
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,15 KB
Herritarrak eta Estatua
Jürgen Habermas filosofo alemanak Bestearen inklusioa izeneko liburua argitaratu zuen. Bertan, herritarren eta estatuaren arteko harremana ulertzeko hainbat modu daudela adierazi zuen:
Ikuskera Liberala
Habermasen arabera, batez ere Carl Schmitt-ek askatasun zibilak eta eskubide politikoak banandu egin behar zirela zioen. Askatasun zibilak biztanle guztiei bermatu behar zaizkie; eskubide politikoak, aldiz, estatu bakoitza osatzen duen talde etniko-kulturaleko herritarrek baino ezin ditzakete izan.
Ikuskera liberalak arazo bat du: edonola banandu daitezke gizarte-taldeak, eta banaketa horren eraginez, talde batzuetako kideak eskubide osoko herritar izateko aukerarik gabe gera daitezke.
Ikuskera Errepublikanoa
Habermas ikuskera horren aldekoa zen. Ikuskera errepublikanoak ez zuen gizarte-talde bakar bat ere eskubide politikorik gabe uzten, ez baitzien lehentasuna ematen gehiengoen ezaugarriei, ezta gutxiengoen ezaugarriak baztertzen ere. Ikuskera horren arabera, gizarte politikoa "zuzenbidezko komunitate bateko kide aske eta berdinen elkartea" da.
Zuzenbidezko komunitate hori gizarte-hitzarmen baten bidez sortzen da, eta komunitate horretako kideek "askatasun publikoak arautzen dituzten legeak betez" bizitzea onartu dute. Oinarri-oinarrizkoa da herritarrak eta prozedura demokratikoak lotuta egotea. Prozedura horiek errespetatzea eta inor edonola ez baztertzea da biztanle guztiak gizarteratzeko berme onena.
Ikuskera Komunitarista
Askoz arreta handiagoa jarri behar zaie lotura etniko eta kulturalei. Charles Taylorren eta komunitarismoko gainerako teorikoen arabera, liberalismoak eta errepublikanismoak gizabanakoen eta giza harremanen oso ikuskera atomizatua dute: gizaki guztiak berekoitzat eta bakartutzat hartzen dituzte, talde arrazionalista bateko kidetzat, bizirik irauteko elkarren artean bizikidetza-arauak egiten dituzten gizakitzat, guztien balioetan oinarrituta akordio handiagoak lotzen saiatu gabe.
Komunitarismoaren arabera, herri bakoitzean kulturak eta jatorri etnikoak sortutako hainbat lotura daude, eta lotura afektibo horiek elkartasunaren funtsezko oinarriak dira. Elkartasun hori ezinbestekoa da estatuak sortzeko.
Habermasek kritikatu egiten du ikuskera komunitarista. Errepublikanismoak intersubjektibotzat hartzen ditu pertsonak, eta ez, liberalismoak bezala, gizaki berekoi eta bakartutzat. Errepublikanismoaren arabera, gizakiak ez dira estatu sortu aurreko talde bateko kide behartuak, baizik eta gizaki komunikatiboak dira, eta eztabaida publikorako elkartasun- eta herritartasun-loturak sortzeko gaitasuna dute, prozedura demokratikoak erabiliz.
Estatu Liberala eta Zuzenbidezko Estatua
Estatu modernoak hartu zuen lehenengo forma Erregimen Zaharreko monarkia absolutista izan zen: gobernu forma horretan, errege-erregina zen subiranoa, eta bere hitza zen legea. Dena den, XVII. mendetik aurrera egindako iraultza liberalek beste pentsaera bat sortu zuten. Pentsaera horren arabera, gizarteko kide guztiek (gobernariak eta errege-erreginak barne) men egin behar zioten herriaren subiranotasunetik sortutako legeari. Horrela, legearen inperio kontzeptua eratu zen.
Tradizio errepublikanoarekin lotutako tradizio liberalean, zuzenbidea denentzat berdina izateak askatasun-eremu bat bermatzen zuen, gizakiak inolako eragin bidegabearen beldurrik izan gabe aritzeko eremua. Horra hor zergatik jakinarazi nahi zuten pentsalari liberalek legearen inperioa beharrezkoa zela. Horretan saiatu zen Immanuel Kant ere. Betiko Bakea lanean adierazi zuenez, hiru omen dira estatu modernoen zuzenbide-sistemaren oinarrizko printzipioak:
- Askatasun-printzipioa: Gizarteko kideak aske dira.
- Mendekotasun-printzipioa: Gizarteko kide guztiak lege komunen mende daude.
- Berdintasun-printzipioa: Mendeko guztiak berdinak dira.
Kantek dioenez, hiru printzipio horiek babesteko, subiranoak, legeak aldarrikatzean, honako formula hau izan behar du kontuan: "Herriak bere buruari eta herritarrei buruz erabaki ezin duena ezin du erabaki subiranoak ere herriari buruz".