Herentzia Genetikoa eta Nerbio Sistema: Giza Ezaugarrien Azterketa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,74 KB

Herentzia Genetikoa eta Jokabidea

Genetikak gurasoengandik seme-alabengana transmititzen diren ezaugarriak aztertzen ditu. Zelulek dituzten geneak dira oinarrizko unitateak, eta hauek dira, besteak beste, odol mota edo begi kolorea bezalako ezaugarriak zehazten dituztenak.

Watson eta Crickek 1953an ADN molekularen estruktura aurkitu zuten. Geneak, zelulen nukleoan kokatuta, ADN-z osatuta daude.

Mendelek, ilarren bidezko esperimentazioan, ezaugarrien transmisioa aztertu zuen. Geneen bitartez, ezaugarriak belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira.

Herentzia Genetikoaren Funtzionamendua

  • Kromosomak zelulen nukleoan kokatzen dira, 23 bikotetan banatuta (46 guztira).
  • Obuluak eta espermek pare bakoitzetik erdia hartzen dute.
  • Batzerakoan, obulu ernalduak 23 kromosoma pare ditu, aita eta amaren bana.
  • Kromosoma bakoitza ADN-z osatuta dago.
  • 23. bikoteak sexua erabakitzen du (XY gizonezkoa, XX emakumezkoa).
  • ADN molekularen zatiak dira geneak, herentziaren oinarrizko unitateak.

Anomaliak eta Kanpoko Eraginak

Informazio genetikoaren transmisioan edo geneak kopiatzean gertatzen diren hutsegiteek (mutazioak) ezaugarri fisiko desberdinak sor ditzakete ondorengoetan. Anomalia genetiko hauek kromosoma kopuruari eragin diezaiokete, hala nola Monosomiak eta Trisomiak (Down sindromea), buru-atzerakoa, itxura fisiko berezia eta anomalia anatomikoak sortuz.

Kanpoko eraginek, hala nola Txernobilgo istripuak edo gerrako armek, aldaketa genetikoak eragin ditzakete biztanleengan eta beraien ondorengoengan.

Gaixotasunak eta Jokabideak

Gaixotasun batzuk heredatu egiten dira, hala nola daltonismoa, hemofilia edo miopia. Medikuek sarri galdetzen dituzte familiaren gaixotasunen historia.

Aurrerapen zientifikoei esker, zenbait jokabideren sustrai genetikoa aurkitzea lortu da, hala nola lotsa, depresio joera, baikortasuna edo bortizkeria izateko joera.

Herentzia ala Ingurua?

Adimenaren eta genetikaren artean erlazio garbia dago, bikien arteko koefiziente intelektualen azterketek erakusten duten bezala. Faktore heredagarriek eragina badute ere, inguruneak eta estimuluek, bereziki haurtzaroan, adimena eta garapena baldintza dezakete.

Herentzia garrantzitsua da, baina ez da nahikoa gizakien ahalmenak erabat azaltzeko; kirola, elikadura eta entrenamendua bezalako faktoreek ere eragina dute.

Haurdunaldiko gertaerek eta amaren egoerak (drogak, gaixotasunak, estresa) eragina izan dezakete enbrioiaren garapenean. Geneak ezin ditugu aukeratu, baina ingurunean eragin dezakegu, jaiotzean dugun ondare biologikoa edozein izanda ere, inguru egokian haziz gero gure ahalmen osoa garatu dezakegu.

Nerbio Sistema

Nerbio sistema organismoaren aktibitatea erregulatzen duen kontrol zentroa da. Zelula espezializatuz osatuta dago, funtzio espezifikoak betetzen dituztenak eta gizabanakoaren bizia mantentzen laguntzen dutenak.

Funtzioak

  • Gorputzaren funtzionamendua kontrolatzea.
  • Ingurunearekin harremanetan jartzea.
  • Zentzumenek jasotako estimuluak garraiatzea.
  • Estimuluei erantzunak organoetara bidaltzea.
  • Organoen funtzionamendu egokia zaintzea (taupadak, arnas erritmoa).
  • Estimuluak interpretatu eta erantzunak elaboratzea.
  • Goi mailako funtzio psikikoak burutzea.

Zelula Mota Nagusiak

  • Neuronak: Nerbio sistemaren oinarrizko elementuak dira. Informazioa jaso, prozesatu eta gorputzeko leku guztietara garraiatzen dute.
  • Glia zelulak: Neuronak inguratu eta babesten dituzte. Neuronak elikatu, babestu eta haien funtzionamendua laguntzen dute.

Nerbio sisteman milaka milioi neurona eta zelula glial daude.

Neuronak

Neuronak nerbio sistemaren oinarrizko elementuak dira, informazioa jaso, prozesatu eta gorputz osora garraiatzen dutenak. Zelula espezializatuenak dira, baina ezin dituzte funtzio guztiak bete; horretarako, zelula laguntzaileak dituzte.

Neuronak ez dira birsortzen. Jaiotzean kopuru zehatz bat dugu, eta suntsitzen direnak betirako galtzen dira. Horregatik, nerbio sistemaren kalte gehienak ez dira sendatzen.

Neuronen Osaketa

  • Gorputz zelularra (soma): Nukleoa eta informazio genetiko guztia bertan daude. Luzapenak hemendik irteten dira.
  • Dendritak: Somatik irteten diren luzapen finak dira, beste neuronetatik datorren informazioa jasotzen dutenak.
  • Axoia: Somatik irteten den luzapen lodiagoa da, informazioa beste neurona batzuetara eramaten duena.

Neuronak sailkatzen dira beraien luzapen kopuruaren arabera:

  • Unipolarrak: Luzapen bakarra dute, somatik gertu bi adarretan banatzen dena. Bi adarrek dendrita eta axoiaren funtzioa betetzen dute.
  • Bipolarrak: Bi luzapen dituzte: bat sarrerako (dendrita) eta bestea irteerako (axoia). Erretinan aurkitzen dira.
  • Multipolarrak: Axoi bat eta dendrita ugari dituzte. Ugaztunen nerbio sisteman dira nagusi.

Neuronen Funtzionamendua

Nerbio bulkada dendritetan hasten da, estimulu fisiko edo beste neurona batzuen seinaleen eraginez. Axoiak bulkada hau ondoko neurona batera igortzen du.

Nerbio bulkadek norabide bakarra dute: dendritetan hasi, axoietatik pasa eta adar muturretaraino iristen dira. Abiadura handia dute eta tresna berezien bidez detekta daitezke (adibidez, elektroentzefalograma).

Sinapsia

Sinapsia neurona baten axoiaren eta beste neurona baten dendriten arteko komunikazio gunea da. Nerbio bulkada axoiaren bukaerara iristean, hurrengo neurona batera salto egiten du, tarte bat (espazio sinaptikoa) gaindituz. Salto hau neurotransmisoreen bidez egiten da.

Neurotransmisoreak

Neurotransmisoreak dira neurona batetik bestera nerbio bulkada transmititzen duten substantziak. Adibide batzuk:

  • Dopamina: Parkinsonen eragile izan daiteke, eta gehiegizko neurrian eskizofreniarekin lotu da.
  • Serotonina: Loaren eta umorearen erregulazioan parte hartzen du.
  • Noradrenalina: Larritasun egoeretan erantzunak ematen laguntzen du (bihotz taupadak, tentsioa igotzea).
  • Azetilkolina: Arreta eta memorian eragina du. Alzheimer gaixotasunean maila baxuak aurkitzen dira.
  • Endorfina: Mina eta estresa kontrolatzen laguntzen du.

Zenbait substantziak, drogak adibidez, neurotrasmisoreen lana ordezkatu edo nerbio sistemaren funtzionamendua alda dezakete, estimulu faltsuak sortuz edo sistema kitzikatu/blokeatuz.

Neuronak eta Gaixotasunak

Neuronak galtzen ditugunean, ez dira errekuperatzen. Zahartzean prozesu hau bizkortu egiten da, eta horrek funtzio kognitiboen murrizketa ekar dezake, baita dementzia ere.

Nerbio sistema zentralaren degenerazioak, hala nola Alzheimerrak, memoria galtzea eta funtzio kognitiboen narriadura eragiten dute. Gaixotasun hauek zaintza etengabea eskatzen dute.

Kanpoko substantzien eraginez ere gaixotasunak sor daitezke, drogak edo kutsatutako elikagaiak adibidez.

Nerbio Sistemaren Banaketa

Nerbio sistema bi atal nagusitan banatzen da:

  • Nerbio Sistema Zentrala (NSZ): Buruko eta bizkarrezurreko organoek osatzen dute, eta gorputzaren atal guztien aktibitatea koordinatzen du.
  • Nerbio Sistema Periferikoa (NSP): Bi sistema ditu:
    • Sistema Somatikoa: Zentzumen-informazioa jasotzen du eta muskulu-mugimendu borondatezkoak kontrolatzen ditu.
    • Sistema Autonomoa (Begetatiboa): Barne-organoen funtzionamendua erregulatzen du (bihotz taupadak, digestioa).

Nerbio Sistema Zentrala (NSZ)

NSZ-k gorputzaren atal guztien aktibitatea koordinatzen du, buruko eta bizkarrezurreko organoek osatuta. Bere funtzio nagusia sentipenak jaso, prozesatu eta erantzunak bidaltzea da.

NSZ-ren Osagaiak

  • Entzefaloa
  • Bizkarrezur-muina

Entzefaloa

Entzefaloa nerbio sistemaren organo gorena da, garezurrak babestuta. 1,4 kg inguru pisatzen du eta 1400 cm³ bolumena du.

Funtzioak

  • Bost zentzumenen informazioa prozesatzea.
  • Giza jokabidean eragina duten faktoreak (adimen, oroimen) kontrolatzea.
  • Gorputzaren mugimendua koordinatzea.

Entzefaloaren Osagaiak

  • Garuna
  • Zerebeloa
  • Bizkarrezur-erraboila

Garuna

Garuna NSZko Entzefaloaren zatirik handiena eta garrantzitsuena da. Intxaur itxura du, 1,1 kg inguru pisatzen du eta 1200 cm³ bolumena. Milaka milioi neurona ditu.

Funtzioak

  • Giza portaera eta adimen funtzioak.
  • Integrazio sentsorialeko eta jarduera motorreko gune nagusia.
  • Ikusmena (lobulu okzipitala), entzumena (lobulu tenporala), hizketa, nortasuna eta pentsamendua (lobulu frontala) eta ukimena (lobulu parietala) bezalako funtzioak.

Garunaren Egitura

  • Arteka sagitala: Bi hemisferiotan banatzen du garuna.
  • Gorputz kailukara: Bi hemisferioak lotzen ditu. Honek ez badu behar bezala funtzionatzen, komunikazio arazoak sortzen dira hemisferioen artean.
  • Kortexa: Hemisferioen azala da, 2 mm-ko lodiera duena. Neuronen 3/4 bertan daude eta kontzientzia, borondatea eta prozesu psikologikoetan du eragina.
  • Lobuluak: Hemisferio bakoitzak lau lobulu ditu: parietala, frontala, tenporala eta okzipitala.

Garunaren Eragina Ezagutzan eta Jokabidean

Garuneko hainbat eremuk funtzio zehatzak dituzte:

  • Eremu sentsitiboa: Zentzumenen informazioa jasotzen du.
  • Mugimendu eremua: Mugimendu borondatezkoak kontrolatzen ditu.
  • Elkartze eremuak: Goi mailako jarduera psikikoak eta gizakiaren nortasuna baldintzatzen dituzte, bereziki lobulu frontaletan.

Oroimen arazoak lobulu tenporaletan izan daitezke. Garun osoa aktibo dago goi mailako eginkizunetan.

Funtzionamendua eta Afasia

Garuneko hemisferioek gorputzaren kontrako aldea kontrolatzen dute (ezkerreko hemisferioak eskuineko aldea, eta alderantziz). Gehienetan, hemisferio bat nagusi da (eskuineko edo ezkerreko pertsona).

Afasia hitz egiteko gaitasunaren nahastea da, normalean ezkerreko hemisferioko lesio baten ondorioz. Hizketa, zenbakiak eta pentsamendu analitikoa ezkerreko hemisferioak kontrolatzen ditu gehienetan.

Eskuineko hemisferioko lesioek gutxitan eragiten dute afasia, baina espazio-orientazioa eta arte-jarduerak baldintza ditzakete.

Entradas relacionadas: