Haurtzaroaren Garapen Psikologikoa: Jolasaren Etapak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 9,41 KB
Haurtzaroaren Garapen Psikologikoa eta Jolasa
Etapa Sentsoriomotorea (0-2 urte bitartean)
Jolas Funtzionala (0-3 hilabete)
Jolas funtzionala da nagusi. Estimulu berriek haurraren interesa pizten dute, baina estimulu horiek errepikatzen direnean edo ohitu denean, arreta galtzen du. Sehaskan objektu mugikorrak jartzeko eta koloretako zintak edo argi ahulak erakusteko unea da. Haurtxoak ezin ditu eskuak erabili gauzak hartzeko, baina luzaroan egongo da objektu eragargarri horiei begira eta adi. Helduen aurpegiak, begiradak eta elkarrizketak ere haurtxoaren beste entretenimenduetako bat dira. Bizitzako lehen egunetan, sehaska-kantak abestea gomendagarria da, umea lasaitzen eta lo gozoan jartzen baitute.
Jostailu garrantzitsuak:
- Haurtxoaren gorputza (eskuak eta oinak), erreflexuz erabiltzen duen lehen jostailua.
- Helduak: laztanak, begiradak, kilimak.
3-6 hilabete bitartean
Haurtxoa gai da begirada denbora luzeagoan finkatzeko eta objektu mugikorrei jarraitzeko. Eskuak denbora gehiagoz izaten ditu irekita eta zertxobait altxatzen ditu ahora eraman nahi dituen objektuak. Garai honetan, bere gorputzaz eta helduaren gorputzaz gain, eskuez uki ditzakeen objektuak eduki behar ditu jostailu gisa, manipulazio-jolas egokiak egiteko. Haurrak ukitzeko, miazkatzeko eta hotsak entzuteko beharra sentitzen du, eta jostailuek behar hori ase behar diote. Helduak jostailuak seguruak direla ziurtatu beharko du, haurrak ahora eramango baititu etengabe. Gainera, jostailuek ahalik eta estimulu eta esperientzia sentsorial gehien eskaini behar dituzte, eta eskuak erabiltzeko eta esploratzeko aukera eman.
6-12 hilabete bitartean
Aurrerapen nabarmena egiten du: gertakariak ulertzen hasten da eta mugitzeko autonomia handiagoa lortzen du (lau hanketan ibiltzen hasten da). Jolasa eboluzionatzen doa; jakin-min handiagoa erakusten du, eta inguruko espazioa erabiltzen hasten da. Kapaza da gauzak taxuz hartzeko eta esku batetik bestera pasatzeko. Gauzak lurrera botatzen dituenean edo elkarren kontra jotzen dituenean zer gertatzen den ikertzen ematen du denbora asko. Heldu bat botatakoa eskura itzultzen badio, ekintza behin eta berriro errepikatzen du.
Garai honetatik aurrera, heldua haurtxoaren muina izateari utziko dio, eta objektuetan oinarritutako jarduera ludikoek garrantzi handiagoa izango dute. Objektu horiek berezko garrantzia izaten hasten dira, eta haurrak interes handia du haien ezaugarriak esploratzeko; bistatik galtzen baditu, bilatu egiten ditu. Beraz, manipulazio, esplorazio eta aurkikuntzaren bidez jakin-mina eta ezagutza bultzatzen duten objektu berriak haurraren eskura jartzeko unea da.
12-24 hilabete bitartean
Haurtxoa gero eta autonomoagoa da jolasetan. Batetik bestera ibil daiteke, eta horri esker, urrutiago dauden espazioak esploratzeari ekiten dio; gainera, espazio horien eta jolas-objektuen arteko erlazioa aurkituko du pixkanaka.
Umearen kezka nagusia objektuak esploratzea, aztertzea eta manipulatzea da oraindik. Puskatzea, estutzea eta kolpatzea dira jarduera ludiko nagusiak. Askotariko jostailu eta objektuak eman behar zaizkio, inolako bereizketarik egin gabe (mutila edo neska izan).
Adin-tarte honen bukaera aldera, helduengan ikusitako ekintzaren bat antzezten hasten da, eta horretarako ordura arte berezko interesa izan duten objektuak erabiltzen ditu. Adibidez, koilara: ordura arte miazkatzeko edo jaurtitzeko balio zuen objektu luzea zen, eta orain, panpinari jaten emateko tresna bilakatu da. Denboraren poderioz, jolasa garatuz joaten da, eta, 2 urtetik aurrera gutxi gorabehera, jolas sinbolikoa bilakatzen da.
Etapa Preoperazionala (2-6/7 urtera bitartean)
Jolas Sinbolikoa (2 urtetik aurrera)
2 urtetik aurrera, gai da aurrean ez dituen objektuez, pertsonez eta bizipenez gogoratzeko. Mintzaira hobeto menderatzen duenean, jolas sinbolikoa nagusi den etapan sartu dela esan nahi du. Hortik aurrera, jolasek antzezpena eta itxurak egiteko joera naturala hartzen dute. Haurraren mundua fantasiaren eta errealitatearen artekoa da; ezin ditu bi munduak argi eta garbi bereizi.
Hezitzaileek irudimena eta sormena bultzatzen dituzten objektuak erabiltzea lagungarri da, hurrengo etaparako prestatzeko (arautzko jolasak aurrerapauso handia dira). Jolas funtzionalak eta eraikuntza-jolasak ere egiten dira etapa honetan.
2-4 urtera
Jolasak mugimendu handikoak izan daitezke: lasterka, jauzika… mugitzeko trebetasunak garatu zaizkiolako. Leku irekiak eta elementu seguruak eskaintzea komeni da, barruan duen energia guztia aska dezan.
Jarduera lasaiagoetan ere ematen du denbora, adibidez, helduen mundua imitatzen (jolas sinbolikoa). Honek bi fasetan eboluzionatzen du:
- Hasieran, bere ekintzetan kontzentratzen da eta dramatizatu egiten ditu keinuak (jaten, edaten…).
- Ondoren, jokabideak besteengan proiektatzen ditu, helduengan nahiz objektuetan.
Ez dute objektuek espresuki horretarako eginak egon behar; sormena erabiliz, berak sortzen ditu material ludikoak. Haurraren sormena bultzatzea ez du esan nahi jostailurik eman behar ez dionik, gehiegi ez dizkiola eman behar baizik.
Kideekin, bakoitzak bere rola hartzen du eta bere interesen arabera jokatzen du, besteen rola eta interesak kontuan hartu gabe. Hasieran borrokak eta liskarrak objektu edo jostailu jakin batengatik egongo dira; kasu horietan heldua bakegile eta negoziatzaile bihurtu behar da.
Jolas sinbolikoa bultzatzen duten jostailu motak: sukalde-muntaiak, apaindegiak, dendak… Oso garrantzitsuak izango dira bizikletak, trizikloak, zalditxoak. Gauzak eraikitzeko balio duten objektuak, pieza gutxiko puzzleak, musika-tresnak, adierazpenerako materialak (koloretako arkatzak, ipuinak, mozorroak).
4-6 urtera
Talde jolasak hasten dira, aurrerapen kualitatibo handia dakarrena. Taldeak agertzeak aurrerapen sozial handia dakar, eta ondorio garrantzitsuak ditu:
- Haurra etengabe dago bere kideekin harremanetan, eta ez du helduarekin egoteko halako beharrik.
- Jolasetan arauak eta eginduak agertzen hasten dira.
- Materialen, lanabesen eta jostailuen erabileran gertatzen den aldaketa handia.
Garapen grafikorako materiala eskaini behar da; ipuinak betiko lagun onak izango dira. Oso gauza baliotsuak dira oraindik autoak, tresnak, hegazkinak… Komenigarria da adierazpen plastikoa, keinuzkoa eta musikala bultzatzen duten objektu-mota guztiak eskaintzea.
Eraikuntza Jolasa
Eraikuntza-jolasa edozein garaitan burutu dezakeen jarduera ludikoa da, 12 hilabete inguru dituenean hasten da. Badaki zer egin nahi duen eta nola egin nahi duen.
Eraikuntza-jolasa motrizitate xehea eta larria bultzatzen du, eskuak/ikusmena koordinazioa erabiltzen erakusten du, muskuluak kontrolatzen ikasteko oinarria da eta kontzentrazioa lantzeko ere erabiltzen da. Jarduera horietan, aurrez finkatutako ideiak egoten dira, eta horiek betetzeko asmoa, zer pieza edo jostailu dituen, nolako emaitza lortu nahi duen, eta estrategia batzuk nola erabiliko dituen.
- Urte beterekin: piezaren bat ahokatu ahal izango du.
- Bi urterekin: dorrea egingo du.
- Hiru urterekin: zubia eraikitzeko gai da, forma desberdinak.
- Lau urterekin: zirkulazio handia duen bide bat irudikatu ahal izango du, animaliaz betetako etxaldea…
- Sei urterekin: pieza eta muntatzeko modu gehiago eta konplexuagoak erabiliko ditu.
Operazio Konkretuen Etapa (7-12 urtera bitartean)
Arauzko Jolasa
Arauak objektiboki eratuko dira, eta taldeak arauak ez haustea eskatuko die kideei, aldaketa kualitatibo handia ekarriz. Aurreko etapari esker (etapa preoperazionala), garapen soziala heldutasun sozial bihurtzen da. Jolas horiek antolamendu handia eskatzen dute, arauak negoziatu behar dira eta jolas guztian eusteaz gain, taldea norbanakoaren gainetik dagoela asimilatu behar dute haurrek. Hori dela eta, lankidetza-jolasak erakusteko garaia da, nahiz eta jolas funtzionalak, sinbolikoak eta eraikuntza-jolasak ere beraien lekua duten oraindik.
Arauzko jolasaren ezaugarriak:
- Haurrak garapen fisiko, kognitibo, afektibo eta soziala lortu du.
- Garapen sentsoriomotorra eta kognitiboa bultzatzeko jarduera ludikoa esplizituki eta xehetasunez azaldu behar da.
- Soinketarako eta kiroletarako zaletasunak oso handiak dira. Haurrak barneko energiak askatzen ditu leher eginda geratu arte. Agresibitatea erregulatzen du eta gatazkak konpontzen ditu.
- Haurrak mugimenduak ondo koordinatu behar ditu eta nolabaiteko garapen kognitiboa izan behar du.
- Haurraren arrazoitzeko ahalmena hobetuko dute, eta gorputza ez dute horrenbeste ahultzen (itxuraz). Adibidez: xakea, dama-jokoa, Monopoly.
- Jarduera konplexu xamarrak agertuko dira (antzezpen dramatikoak).
- Jolasez beraz baino gehiago, emaitzaz edota helburuaz gozatzen du. Irudimena atzean utzi eta espazioaren eta denboraren errealitatea menderatzen da. Jolasa ez da jarduera serioa.
Jostailu batzuk: Kirola, antzezpenak, garraiobideak, estrategia-jokoak, adierazpen plastiko eta dramatikoa.