Haurren Osasuna eta Garapena: Edoskitzea eta Lo Asaldurak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,61 KB
Haurren Hazkundea eta Garapena: Balorazioa eta Jarraipena
Haurrarekin harremanetan dagoen edozein helduk zaindu eta kontrolatu behar du haurraren hazkundea eta garapena, baita bizi den gizarteak ere. Ardura nagusia familiarena, haur-eskolarena eta osasun-sistemarena da.
Familia-eremua
Familia-eremuan, balorazioa ez da hain zorrotza eta sistematikoa izaten; oso subjektiboa da, neurri handi batean behatzailearen sentsibilitatearen eta ezagutzen esku baitago. Behatzaileak arrarotzat jotzen dituen jarduera edo egoeretan oinarritzen dira. Zuzeneko behaketa da teknika ohikoena, eta funtzio hau du: pertzepzio edo anomaliaren bat antzematen bada, pediatrari edo hezitzaileari horren berri eman behar zaio.
Haur-eskola
Haur-eskolan, informazio sistematikoagoa (urteroko balorazioak) eta ekintza edo egoera zehatzei buruzko informazioa (irteerak, jolas zehatzak...) biltzen dira. Teknika ugari erabiltzen dira, lortu nahi den informazioa kontuan hartuta; hala ere, gehienbat behaketa izango da, gurasoen kasuan bezala. Familiak egiten duen behaketan ez bezala, eskolak badaki noiz egin duen behaketa, eta informazio hori erabilgarria da esku-hartzea haurraren beharretara egokitzeko.
Osasun-eremua
Osasun-eremuan, informazioa sistematikoa eta objektiboa izaten da, eta haurraren osasunarekin zerikusia duten alderdietan zentratzen da. Hasieran, pediatrari dagokio hazkundea kontrolatzea: pisua, altuera eta beste datu batzuk bildu eta ebaluatu egingo ditu aldian behin, lehen urteetan haurraren hazkuntza-prozesua egokia dela ziurtatzeko.
Hortaz, osasun- eta hezkuntza-eremuko esku-hartzeek asmo eta arrazoi bat dute, eta horregatik dira zehatzagoak eta zorrotzagoak. Pediatrek eta hezitzaileek balorazio-tresna zehatzak eta baliagarriak erabili behar dituzte, eta konstanteak izan behar dute tresnak aplikatzen, horren mende baitago haurraren hazkunde- eta garapen-prozesuak ondo kontrolatzea. Bestalde, gurasoak eta hezitzaileak haurraren hazkuntza-prozesuari mesede egiten dioten edo arazoren bat sor diezaioketen alderdiez arduratuko dira, pediatrari horren berri emanez. Pediatrak egingo du, ager daitekeen edozein egoera ez-egoki edo kaltegarriari buruzko diagnostikoa. Ezinbestekoa da hezkuntzaren, familiaren eta osasunaren arloko esku-hartzeek elkarri eragitea, hazkuntza- eta garapen-prozesuak harmonikoenak izatea bermatzeko.
Edoskitze Naturala
Edoskitze naturala lehenengo 6 edo 12 hilabetera arteko elikadurarik onena da, giza espezieak dituen beharrak asetzeko osagairik egokienak dituelako. Amaren esnea da egokiena jaioberriak elikatzeko, ezaugarri hauek direla eta:
- Esnearen proteina-edukia haurtxoaren organismo-beharren araberakoa da. Gainera, giza espeziearen berezko proteinak direnez, ez dute ez alergiarik ez bestelako intolerantzia-fenomenorik eragiten.
- Beste abantaila nagusi bat da haurrak nahi duena eta behar duena jaten duela; horrek haurraren erritmoa errespetatzen du.
- Amaren esnearen koipe motek garuna garatzen laguntzen dute, eta kolesterola arterien hormetan modu goiztiarrean pilatzea saihesten dute.
- Gatz mineral kantitatea egokiena da beharrezkoak ez diren ur-erretentzioak saihesteko, eta errakitismoa eta anemiak ez izateko modurik onena da.
- Edoskitze naturalak amaren eta haurraren arteko kontakturik estuena hobetzen du, eta lotura afektibo handiak ezartzen dira bien artean. Lotura horrek afektiboki eta psikikoki heltzen laguntzen dio haurrari.
- Amaren esnearen bidez, digestio-hodia infekzioetatik babesteko defentsak hobetzen dituzten faktoreak jasotzen ditu haurrak.
Loaren Asaldurak Haurtzaroan
Bizitzako lehenengo 6 hilabeteetan, haurrak lo-asaldura asko izaten ditu, bereziki haurraren erritmo biologikoa helduenetik desberdina delako. Haurraren erritmoak 3-4 ordutik behin errepikatzen dira; aldi horietako bakoitzean esnatzen dira, garbitu, jaten eman eta berriro lotan jartzen ditugu. Hazten doazen heinean, haien erritmoak pixkanaka helduen erritmoetara egokituko dira, eta gaueko loaldiak luzatu egingo dituzte. Egokitze-prozesu horretan, aldaketak gerta daitezke loaren kantitateari edo kalitateari dagokionez. Disomniak eta parasomniak dira arazo ohikoenak. Zurrungak ez dira lo-asaldura bat, baina oso ohikoak dira eta osasunari eragin diezaiokete.
Disomniak
Insomnioa
Haurtzaroan, insomnioa da asaldura ohikoena. Lotara joateko zailtasunak edukitzea edo gauean zehar hainbatetan esnatzeko joera edukitzea da. 5-6 urtetik beherako neska-mutil askok dute asaldura hori. Hiru abiarazle motarekin erlaziona daiteke:
- Asaldura organikoak: Gaixotasun organiko edo kroniko guztiek eragin dezakete, mina edo nerbio-zentroei zuzenean eragiten dietelako.
- Lotarako ohitura hartzeko zailtasunak: Haur-insomnio kasuen %98 kausa honengatik izaten da. Elikatze-baldintzekin eta aldaketa-egoerekin egoten dira erlazionatuta. Lotarako ohitura hartzen ikasi egin behar da.
- Gatazka emozionalak: Gurasoen, bereziki amaren, eta jaioberri den seme-alabaren arteko harremanak emozionalki egokitzea eskatzen die bi alderdiei. Amak edo funtzio hori duen pertsonak babesle-papera behar bezala egin ezin duenean gerta daiteke, haurra nahi beste babestua edo onartua sentitzen ez delako.
Parasomniak
Parasomniak beste lo-asaldura mota bat dira. Ohiz kanpoko fenomenoak izaten dira, eta loaren hasieran, atalasean eta iratzartzean gertatzen dira. Loa eten dezakete edo ez, baina alterazioa da gauzarik nabarmenena, eta ez lo egitean edo esnatzean duen eragina. Mota honetako asaldura gehienak ikusgarriak dira, baina ez dira kaltegarriak haurrentzat. 3 eta 6 urte artean izaten dute eragin gehien. Asaldura hauen artean ditugu:
Lo ibiltzea
Portaera konplexuen segida bat errepikatzen da behin eta berriz, eta ondorioz, pertsona ohetik jaiki eta ibili egiten da, baina ez da horretaz jabetzen. Gertakari horiek loaren 3. eta 4. fasetan gertatzen dira, pertsona lo sakonean dagoenean. Gertakariek segundoak edo 20 bat minutu artean iraun dezakete. Horrelakoak familian izanez gero, komenigarria da etxea egokitzea eta segurtasun-neurriak hartzea ustekabeko istripuak saihesteko. Esku-hartzeari dagokionez, haurra ohera bideratu besterik ez da egin behar, pixkanaka hitz eginda eta esaldi motzak erabilita. Ez dugu esnatzen saiatu behar; esnatuko bagenu, nahasi egingo genuke eta ez luke ezer ulertuko.
Amesgaiztoak
Askotan esnatzen dira haurrak amesgaiztoekin. Ondo gogoratzen dute zer amestu duten, horregatik urduri, garrasika eta beldurtuta esnatzen dira. Normalean gai berbera errepikatzen da eta mehatxatuta sentitzen da. Neke mentalarekin eta antsietatearekin izaten dute zerikusia. Errepikakorrak bihurtzen dira haurra traumatizatuta badago. REM loan ematen dira eta ohikoagoak dira gauaren amaiera aldera. 8 eta 12 urte bitartean izaten dira maizen.
Gaueko izuak
Lo motelean gertatzen dira, 3. eta 4. faseetan eta gaueko lehenengo zatian. Honen ezaugarria da bat-batean behin eta berriz esnatzea. Haurrak ez die erantzuten gurasoek lasaitzeko egiten dizkieten saiakerei, ez ditu ezagutzen eta ez da gai errealitatearekin kontaktatzeko. Ikara-egoera horrek 2-10 minutu irauten du eta ez dira amesgaiztoaz oroitzen altxatzean. 3 eta 12 urte bitartean has daitezke hauek izaten eta nerabezaroan desagertu ohi dira. Egoera hauetan, haurrarekin egon eta lasaitu.
Hortz karraska (Bruxismoa)
Hortzak karraskatzea da. Barailan tentsioa metatzen delako sortzen da; lo gaudenean deskargatu egiten da tentsioa. Estresarekin eta faktore genetikoekin erlaziona daiteke. Hortz-osasunerako kaltegarria izan daiteke. Asaldurarik sortzen ez badu, ez dago zertan kezkatu.
Somnilokia
Lo gaudela hitz egitea, oihu egitea eta horrelakoak dira. Loaren edozein fasetan gerta daiteke, nahiz eta ohikoagoa den goizaldera gertatzea. Normalean hitz solteak esaten dira, eta hitz horien edukia eguneroko ekintzekin erlazionaturik egoten da. Estresarekin zerikusia izan dezake; haurrari ez dio arazorik eragiten, baina garrasi askorekin esna daiteke.
Jactatio capitis
Mugimendu-ohitura bat da, eta burua burukoaren gainean erritmikoki mugitzean datza; zenbait umek gorputz guztia kulunka dezakete. Loak hartzen hastean egiten da, erlaxatzeko. 6 hilabeterekin has daiteke eta 2-4 urtera arte iraun. Normaltzat jo behar da, ez du kalterik egiten. Ohitura horiek 4 urtetik aurrera irauten badute, normalak izateari uzten diote.
Hori gertatzeko arrazoiak:
- Maitasun falta, amaren falta.
- Lo egiteko ohitura hartzeko zailtasunak, gurasoen ohean lo egin, iluntasunari beldurra.