Haurren Lo Osasuntsua eta Atsegina Haurtzaroko Zentroetan
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,62 KB
Haurren Lo Osasuntsua Haurtzaroko Zentroetan
Haurtzarorako arreta-zentroek haurren desberdintasun indibidual eta ebolutiboak jaso behar dituzte, eta eremuek eta ordutegiek behar horietara egokitu behar dute. Baldintza hori bermatzeko, beharrezkoa da haur bakoitzaren erritmoak errespetatzea, eta egoerak aurreikusi egin behar dira, bai neska-mutilek behar bestetan lo egin dezaten, bai beren loa eten ez dadin eta berez esna daitezen.
Lotarako Eremu Osasungarriak
Lo egiteko eremua babestuta egon behar du beste haur batzuen jardueratik edo zentroan egiten diren beste jarduera batzuek enbarazurik ez egiteko. Garrantzitsua da kontuan izatea jarduera eta atseden aldiek oso erlazio estua dutela.
- Edoskitzaileen kasuan: Logelak sehaskak izan behar ditu, eta gelatik aparte egon behar dute, baina gertu. Kanpoko zaratek trabarik ez egiteko, baina lo dauden haurren hotsak nabaritzeko moduan egon behar du egokituta logelak.
- Zeharxeagoen ikasgelan: Haurrak deskantsatzeko toki bat egon behar da, aparteko eremu bat egokituta, koltxonetak edo hamakak dituena. Siestarako, egokiago da ikasgela bera egokitzea.
Eguneko loaldietan ez dago gela erabat ilundu beharrik, baina iluntasun pixka bat egokia da. Gauean, aldiz, iluntasunak nagusi izan behar du logelan. Horrela, egunaren eta gauaren arteko aldea eta esna eta lo egotearena erakutsiko diegu txikiei.
Lotarako, beharrezkoa da oinetakoak kendu eta arropa ere eranztea, mugimendu-askatasuna eta transpirazioa ziurtatzeko eta traba egin diezaiekeen zimur edo tolesdurarik ez dagoela ziurtatzeko.
Lo Atsegina eta Gozoa Bultzatu
Osasungarria izateaz gain, loak atsegina eta gozoa ere izan behar du. Haurrek beren kabuz lo egiteko arrazoi edo gogorik ez badute, hezitzaileek lagundu behar diete. Horretarako, hainbat estrategia erabil daitezke:
- Arnasketa-erritmo patxadatsua lortzen lagundu.
- Trantsiziorako objektu bat eman.
- Ipuin bat kontatu.
Erabiltzen dituzten estrategiek bat etorri behar dute haurren eboluzio-garapenarekin eta garapen afektibo-emozionalarekin. Lotara joan aurreko jarduerek lasaiak izan behar dute, esna egotetik lotarako bideari laguntzeko. Norbanakoaren errituak errespetatzea eta bakoitzari ondo lo egin dezan ospatzea ere garrantzitsua da.
Haurrak esna dagoenean izaten dituen bizipenek ere eragiten dute loan, bereziki, haurraren autoestimuarekin zerikusia duten alderdiek. Lo egiteko unea atsegina izan dadin, esnatu ere modu atseginean esnatu behar da, hau da, berez esnatu behar dira. Baldintzek banakoen erritmoak errespetatzen badituzte, norbera bere kabuz esnatzea bermatuko da.
Lotarako Eremua eta Uneak Ezagutzea
Kontuan hartu behar dugu lotara joateko unea unerik zailenetariko bat izaten dela. Horregatik, komenigarria izan daiteke normalean lo hartzeko erabiltzen duen objekturen bat edukitzea, usain, testura eta sentsazio ezagunak gogora ekarriko dizkiona, berarentzat guztiz berria den giroan sartzen lagunduko diolako.
Esandako horrek lo egiteko eremuarekin zerikusia duen beste alderdi garrantzitsu batera garamatza: haurrak ezagutzeko modukoa izan dadila lo eremua eta lo egiteko erabiltzen diren objektuak lo egiteko soilik izan daitezela. Lo egiteko unea noiz den ere igarri behar du haurrak. Elementu horiek guztiek lotarako prestatzen hasteko garaia dela esaten diete neska-mutilei.
Garrantzitsua da lotara joateko unearekin zerikusia duen erritual bat sortzea, hau da, egunero gauza bera egitea, errepikapenak segurtasuna ematen duelako.