Haurren Garapena: Jolasa eta Jostailuak Etapa Sentsoriomotorrean
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,22 KB
Etapa Sentsoriomotorra: Jolasa eta Jostailuak
Etapa honetan haurrak alor guztietan erakusten duen garapen-mailaren arabera agertuko da jolasa, hau da, haurrek zer-nolako gaitasunak dituzten. Etapa honetan (0-2 urte) gauzak egitea, mugitzea, erabiltzea, esperimentatzea eta objektuak eta pertsonak aztertzea da jolasa. Eraikuntza-jolasa urtebetetik aurrera agertzen da, gutxi gorabehera, eta oso sinplea izan ohi da etapa honetan.
0tik 3 hilabete bitartean
Lehen egunetatik, haur txikia gai da begirada zuzentzeko ingurua ikusi nahian. Baina oso hurbil dauden objektu eta pertsonak bakarrik ikus ditzake garbi eta denbora gutxian. Haurrari ikaragarri erakartzen diote objektu argitsuak eta koloretsuak, baita mugimendua eta soinua dutenak ere. Hau da, estimulu berriak ekartzen dituen guztiak pizten du bere interesa, eta arreta galtzen du estimulu horiek errepikatu egiten direnean edo haietara ohitzen denean.
Jolasa
Haurrak ezin ditu oraindik eskuak erabili; beraz, objektu erakargarriei begira egongo da. Helduen aurpegiak, begiradak eta elkarrizketak haurrarentzat beste entretenimendu bat dira. Estimuluz betetako giro hori oso gustukoa du haurrak eta gainera oso beharrezkoa da. Ondorioz, pertsonak dira haurtxoen jostailu kutunenak. Adin honetan ez dago jostailurik, baizik eta estimuluei erantzuteko erreflexu-erreakzioak daude.
- Objektu argitsuak, mugimendudunak, soinudunak (txintxarriak, mobilak).
- Helduen aurpegiak, begiradak eta elkarrizketak.
Jostailuak
- Lehen jostailua bere gorputza da: eskuak eta oinak.
- Beste jostailu bat helduak: laztanak, irribarreak, begiradak, kilimak.
- Kolorezko zintak.
- Zintzilikari mugikorrak.
- Soinua ateratzen duten gomazko objektuak.
3tik 6 hilabete bitartean
Haurra gai da begirada denbora luzeagoan finkatzeko eta objektu mugikorrei jarraitzeko. Eskuak zertxobait altxatzen ditu ahora eraman nahi duen objekturantz, eta irribarre egiten die helduei jasotako laztanei erantzunez. Haurra ez da nekatuko behin eta berriz ekintza berak egiteaz. Aurreko adin-tartean baino denbora gehiago ematen du jolasten, baina oraindik bere oinarrizko beharrak ase behar ditu lehenago.
Jolasa
Bere gorputzaz gain eta helduaren gorputzaz gain ere, eskuez uki ditzakeen objektuak eduki behar ditu jostailu gisa. Haurrak objektu mugikorrak ukituko ditu, txintxarriari eragingo dio pixka bat, kosk egiteko eraztuna miazkatuko du… Haurrak ukitzeko, miazkatzeko eta hotsak entzuteko beharra du; orduan, jostailuek hori ase beharko diete. Jostailu horiek ezaugarri batzuk izan behar dituzte: estimulu eta esperientzia sentsorialak eskaini behar dizkiote; eskuak erabiltzeko eta esploratzeko aukera eman behar diete.
Jostailuak
- Bere gorputza eta helduena.
- Musika duten objektu mugikorrak.
- Koloretako zintak.
- Ume kotxerako plastikozko edo oihalezko bolak.
- Manta txikiak.
6tik 12 hilabete bitartean
Haurtxoak aurrerapen nabarmena egiten du, gertakariak ulertzen hasten baita eta mugitzeko autonomia handiagoa lortzen du. Hori horrela izanik, jolasa eboluzionatzen doa, jakin-min handiagoa erakusten du eta inguruko espazioa erabiltzen hasten da; buelta eman eta objekturantz arrastaka joatetik lau hanketan joaten hasten da, eta oso azkarra bada oinez ibiltzen da.
Jolasa
Haurra gai da gauzak hartzeko eta eskuz aldatzeko. Denbora asko gauzak lurrera botatzen dituenean eta bata bestearen aurka kolpatzen duenean ikertzen pasatzen du. Ahalik eta urrutien botako ditu gauzak eta horrekin ondo pasatzen du. Heldu batek botatakoa jasotzen badio, behin eta berriz botako du. Heldua oraindik plazer iturri da eta beharrezkoak dira beraien jolasetan, baina gero eta garrantzi gehiago edukiko dute objektuetan oinarritutako jarduera ludikoek. Haurrak interesa du objektu horietaz eta bistatik galtzen baditu, bilatu egingo du. Beraz, manipulazio, esplorazio eta aurkikuntzaren bidez jakin-mina eta ezagutza bultzatzen duten objektu berrien unea da.
Jostailuak
- Gomazko, trapuzko edo plastikozko pilotak (hartu eta biraka ibilarazteko).
- Taka-takak.
- Objektu koloredunak, mugimendudunak.
- Abestiak.
- Ipuinak.