Haurren Elikadura: Irizpide Pedagogikoak eta Gomendioak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,65 KB
IRIZPIDE PEDAGOGIKOAK:
- Haurraren erritmoak, beharrak eta nahiak errespetatzea. Batzuei platera beteta ipintzen diegu eta horrela ezin dute sentitu platera guztiz amaitzeak ematen duen plazerra. Era berean, zapore eta uki berriak ere pixkanaka eskaini behar zaizkie, haur bakoitzak bere momentua baitauka. Zenbaitetan bi gauza berri ere proposatzen dizkiegu aldi berean. Egokiagoa da banaka egitea, aldaketa handia baita haurrentzat. Haren erantzuna errespetatzea gauza berri bat eskaintzen diodanean arreta osoa eskaintzea da. Hasieran, jatordua banakakoa izatea komeni da, hainbeste aldaketa izaten dituen prozesuan lagundu ahal izateko. Ura edateko aukera kontrolatzen badugu, haurraren gaitasun bat mugatzen ari gara. Beraz, egarria duenean ura eskuratu ahal izateko aukera errespetatu behar dugu. Elikagai bat probatu nahi ez duenean ere errespetatu egingo dugu. Mugak zehaztea ere funtsezkoa da autonomiarako. Modu batean edo bestean amaitzera doala jakiteak ere segurtasuna emango baitio haurrari. Zailena, haurrak keinuen bidez, hitzez edo mugimenduekin esandakoa errespetatzea da.
- Elkarreragina. Hezitzailearen ekintzak eta haurrarenak modu aktiboan ipini behar dira elkarrekintzan. Jatorrietan harreman bat sortzen da, komunikazioa dago. Plazerra presente egon behar du, eta gure jarrerak egokia izan behar du; ez ditugu mekanikoki elikatu behar. Ohituta gaude jatorduari amaiera guk ematen, guk dakigu-eta zer behar duen haurrak. Horregatik diot oso lan zaila dela. Baina posible dela ohartzen zarenean, haurrarekin duzun harremana eta konfiantza izugarri aldatzen dira. Ez saiatu haurra konbentzitzen. Oso garrantzitsua da akordioetara iristea, betiere oso irizpide sendoetan oinarrituta eta egiten dugun horretan benetan sinetsita. Haurrak ez jatea axola ez balitzaigu bezala jokatzen badugu edo haurra oso modu finean konbentzitzen saiatzen bagara, esan dezakegu ez garela haurra benetan behar den bezala zaintzen ari, hutsune bat dugula.
- Prestaketa. Ezinbestekoa da zaintzauneetan zer gertatuko den aurreratzea. Behar dugun guztia antolatu behar dugu, adurzapia haurrak jan behar duenean ipini behar da. Izan ere, haurrari adur zapia jartzea oso garrantzitsua da gero etorriko dena jakiteko, seinale argi bat da. Haurrari tresna eta altzari egokiak eskaini behar dizkiogu. Guztiak egon behar du egokituta, haurrak bere autonomia prozesua garatzeko aukera izan dezan.
- Erritualak antolatu. Gauza txikiak izanagatik ere adostu egingo ditugu eta haurrari erreferente zehatza eskaini. Ordutegiak, espazioak, harremanak... erreferentzia horiek guztiek segurtasuna ematen diote haurrari eta ahalik eta argienak izan behar dute. Erraztu egin behar dugu haurrak modu aktiboan parte hartu ahal izatea. Ikasketa prozesu bat da eta haurrak saiakera ugari behar ditu aurrera egiteko. Txikitatik jatorduetako arauak ezagutzea eta pixkanaka ulertzen joatea ere garrantzitsua da. Jakin behar du ez dela jolasteko unea, ezin duela hitz egin ahoa beteta badu... Uste dut garrantzia duela haurrak arau horiek guztiak ezagutzeak, haren segurtasun sentimendua indartzeko baliagarriak baitira. Azken batean, jatordua ere ekintza soziala baita.
- Nola jan? Lehenengo janaria bakarka emango diegu hezitzailearen belaunen gainean ipinita. Haurrak gure belaunetan esertzen baditugu, elkarrekintza handiagoa da, elkarrizketa tonikoa ere handiagoa da eta errazagoa da haurrak bere mugimenduekin helarazten didana jasotzea. Gainera, erosoagoa da bai haurrarentzat eta hezitzailearentzat. Begiradarekin kontaktuari eusteko ere erraztasun handiago eskaintzen du jarrera horrek. Lasaitasun handiago dago eta kontzentrazio handiagoa.
- Haurra prest dagoenean. Jolasean dabiltzan beste umeek ezin dute janaria ukitu eta ez dute jaten ari den haurrengana iristen. Horrela bada, zaila da jatordua plazer une bilakatzea. Haurra aulki batean eseriko dugu horretarako gai denean. Haurra modu autonomoan esertzeko eta zutitzeko gai denean. Altzari egokiak eskaintzea izango da gure egitekoa, haurra ulertu egin behar du zer espero dugu beragandik. Eta ahal izanez gero, banakoa eman behar diogu jaten; ezin dugu 5 edo 6rekin batera egin.
- Piklerrek utzitako ondarea. Jatorduak samurtasunez betetako une izan behar lukete, baita elkarrizketarako eta konplizitaterako tarte ere. Haurrari bere garapen prozesuaren protagonista izaten utzi behar diogu. Lagundu egin beharko diogu haren garapen erritmoa eta haren ikaskuntza prozesua errespetatuz, esku hartzerik gabe. Horrela egiten badugu, haur lasaiagoak, autonomoagoak eta osasuntsuagoak izango ditugu, bai fisikoki eta psikikoki ere.