Haur Sexualitatea: Garapena, Esperientziak eta Gurasoen Rolak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Ciencias sociales
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,21 KB
Sexualitatea haurtzaroan
Sexualitatea ez da helduen baldintza bat soilik. Gurekin jaio eta hiltzen den dimentsioa baizik, eta gure bizi-ziklo osoan garatzen joango da.
Sexualitatea birsorkuntzarekin lotzeak, haurren sexualitatea baztertzea ekarri du. Haurrena ere baden ezaugarri hori aintzakotzat ez hartzea. Baina haurrak, beraien bizitzako lehen hilabeteetatik exzitatzen dira. Lehen urteetan, sentsazioek bultzatuta mugitzen dira haurrak munduan. Gustura egotea bilatzen dute, goxotasunean. Horrela, atsegina ematen dien egoera ezberdinetan, batzuetan, exzitatu egiten dira. Adibidez, bularra hartzerakoan, bainatzerakoan, aldatzerakoan, laztantzerakoan…
Exzitazio hori, helduen moduan haurrengan ere, zakilaren zutitzearekin, klitoriaren gogortzearekin edo baginaren lubrikazioarekin agertzen da.
Era askotara esperimentatzen dute haurrek beraien sexualitatea: beraien gorputza ukituz, autoesplorazio jolasen bitartez, beste gorputzak esploratzeko jolasen bitartez (medikuetan jolastuz, biluztera jolastuz…), jolasetan rol sexual ezberdinak hartuz (ezkontzera jolastuz, aita eta ama izatera jolastuz…).
Gurasoek gero eta onartuagoa dute beraien seme-alabak sexualak direla. Baina batzuetan zaila egiten da beraien sexualitatea agertzeko era batzuk onartzea. Askotan entzuten da: “badakit normala dela genitalak ukitzea, baina ez dut horretan aritzerik nahi”. Haurren sexualitatea ezeztatzeak errealitate hori desagertarazten ez duela ulertzea garrantzitsua da. Haurraren lehen urte horietan, beraien seme-alaben garapen sexualean laguntzea izan beharko luke gurasoen funtzioa.
Haurraren gorputza
Lehen urteetan, haurrak bere gorputzarekin esperimentatuko du, gorputz atalak ukituz eta sentituz. Etapa horretan gurasoek haurrarekin gorputz kontaktua mantentzea oso positiboa izango da, laztanen bitartez, muxuen bitartez, haurraren etapa horretan aktiboki inplikatuz.
Aurrerago, haurra bere identitate sexuala eskuratzen joango da (neska edo mutila den jakiten), eta baita bere sexuari dagozkion rolak jasotzen ere. Denbora batez haurrak horretan zentratuta egongo dira, hau da, beraien identitate sexuala, beraien neska edo mutil izatea eta sentitzea indartzen joango da. Gurasoek prozesu horretan lagundu beharko diote haurrari, egin ditzaketen galdera ezberdinak ahalik eta garbien azalduz, eta momentu horretan haurrak bizitzen ari diren prozesu horretan lagunduz.
Era berean, maitatua eta onartua sentiaraziko duen lotura afektiboa mantentzen jarraitzea oso positiboa eta garrantzitsua izango da haurraren garapen sexualerako. Bestalde, agertzen dituzten kuriositate sexualei erantzun beharko diete gurasoek: Nola sortzen dira haurrak? Nola ateratzen dira tripatik? Nola sartzen dira? Zurea bezalako zakila izango al dut? Titiak eta ileak aterako al zaizkit?... Garrantzitsuena ez da erantzunak teknikoki perfektuak izatea; ez du horrenbeste axola ez bazaio ondo erantzuten, galderaren aurrean gurasoak agertzen duen jarrerak du garrantzia. Haurrak, gurasoak erantzuteko prest daudela jakiteak, konfiantza giroa sortuz.