Haur-literatura eta Ipuinak: Definizioa, Generoak eta Hezkuntza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio
Escrito el en
vasco con un tamaño de 14,33 KB
Haur-literatura: Definizioa
Haur-literatura ez da soilik haurren mundua helduen ikuspegitik irudikatzen saiatzen dena; haien garapen-etapari egokitu eta propio gisa hartzen duena ere bada, hasierako asmoa edozein dela ere.
Generoak
Poesia
Poesia erritmoaren eta errimaren musikaltasuna da. Hainbat mota daude: asmakizunak, sehaska-kantak, jolasekoak eta altzokoak. Tradizioz folklorean oinarrituak izan dira, baina gaur egun autoreek idatzitakoak ere badaude.
Narratiba
Narratiba nobela eta ipuina da. 0 eta 6 urte bitarteko haurrei ipuinak eskaintzen zaizkie, eta bigarren haurtzaroko edo nerabeei zuzenduta, nobela. Hainbat eratara sailkatu daiteke: gaiaren, formaren edo jatorriaren arabera.
Antzerkia
Keinuek eta antzezpenek asko laguntzen diote hitzari, eta istorioko pertsonaiak bizirik ikustea erakargarria da publikoarentzat. Haurrentzako antzerkiak hainbat modalitate ditu: txotxongiloak eta itzalak dira sarritan erabiltzen direnak, baina kaleko antzerkia da ohikoena.
Komikiak
Genero txikitzat har daitezke, baina honek ezin hobeto konbinatzen ditu irudia eta hitza. Garrantzitsuenak umorezkoak edo abenturazkoak dira.
Material Didaktikoa
Helburu pedagogikoak zein artistikoak dituzte, eta garrantzi handia dute heziketan, baliabide eta jarduera proposamenengatik. Horrekin haurrek modu ludikoan ikasten dute.
Teknologia Berriak
Material informatikoak hezkuntzaren arloan txertatu dira, eta horren bidez ipuinak marrazkien bidez jasotzen dira. 80ko hamarkadan living book-ak sortu ziren, irakurleekin interakzioa sortzeko.
Literatura Igorleak
Familia
Haurrak familiaren bidez izango du lehenengo kontaktua literaturarekin. Haurrak hasieran jasoko duen literatura sehaska-kantak eta ipuinak izango dira.
Liburuak lehen aldiz hartzen dituenean, begiratzeko, irudikatzeko eta idatzira ohitzeko izango da. Beste bide batzuk ere badaude: telebista, CDak, internet...
Haur-eskola
Hezitzaileak garrantzia handia du haurra literaturan barneratzeko. Material didaktikoa eta teknologia elektronikoak erabiltzen dira osagai pedagogiko gisa, eta horrek haurraren adimena hobetzen eta irakurtzeko interesa handitzen laguntzen dio.
Gizartea
Zabalkundean ahaleginak egin dira nazioartean, estatu edo herri mailan. 1953an IBBY sortu zen haur-literatura sustatzeko, eta horrek sustatutako jarduera nagusienetako bat Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da, apirilaren 2an.
1982an OPELI sortu zen. Euskal Herrian Durangoko Azoka aipagarria da. Liburutegiak ere aipagarriak dira, haur-liburutegietan irakurzaletasuna bultzatzeko jarduerak egiten baitira. Liburutegi horien barruan haurtxoen liburutegiak edota liburutegi mugikorrak aurki ditzakegu. Argitaletxe eta liburu-denden zeregina ere aipagarria da. Komunikabideek ere marrazki bizidunen bidez ipuinak ezagutarazten dituzte.
Ipuinaren Definizioa
Ipuina (osoki edo zati batean) fikziozko narrazioa da. Ordubete baino gutxiago behar da irakurtzeko, eta haren osagaiek efektu bakarra sortzen dute. Tonu batasun handia ematen du: pertsonaia gutxi batzuk ikusten ditugu egoera batean, eta korapiloa askatzeko irrikan egoten gara.
Hezkuntzan duen Garrantzia
- Fantasia eragin eta aberasten du; esperientziaren mundua zabaltzen du.
- Nortasuna heltzen laguntzen du.
- Haurra errealitatearekin kontaktuan jartzen du.
- Kode moral bat irakasten du.
- Helduen eta haurraren arteko elkartze afektiboa sustatzen du.
- Haurrari antsietatea eta agresibitatea kanporatzen laguntzen dio.
- Teknika terapeutiko gisa erabiltzen da.
Osagai Hezigarriak
Osagai Linguistikoak
- Hitzak
- Esaldien egitura
- Esaldi eta hitzen intonazioa
- Esanahia
Osagai Sinbolikoak eta Irudimenezkoak
- Fantasia edo irudimena pizten eta garatzen du.
- Umearen nahiak, desirak... pertsonaietan betetzen edo islatzen dira.
- Zenbaki magikoak (3, 7, 12)
- Kriseiluak
- Ahalmenak
Inguruneko Osagaiak
- Toki ezagun zein ezezagunak erakusten ditu ipuinak.
- Landa eremuak, hiriak... aztertu daitezke.
Osagai Adierazkorrak
- Haurraren interpretazioaren adierazpena bultzatzeko balio duen guztia.
- Pertsonaiek sentimenduaren arabera jokatzen dute.
- Iradokitzen diotena interpretatu ahal izateko.
Osagai Psikologikoak
- Pertsonaiekin identifikatzearen bidez ezagutzea.
- Pertsonen izaera ezberdinak.
- Bizitzan izaten diren egoera ezberdinak (poztasuna, tristura).
- Zenbait gatazkari nola aurre egin.
- Ongiaren eta gaizkiaren arteko dualtasuna.
Jokabide eta Gizarteko Osagaiak
- Gizarteko ohiturak: janariak, jaiak.
- Inguruko jarrerak: garbitzen, aginduak betetzen.
Osagai Fantastikoak
- Denborazkanpokotasuna: denbora fikziozkoa eta irreala da.
- Animismoa: gauzek bizia hartzen dute, bizitza propioa izango balute bezala.
- Itxuraldaketa: pertsonaiak edo gauzak bestelako pertsonaia edo gauza bihurtzen dira.
- Izaki ikusezinak edo fantastikoak, oro har. Ia guztiek ahalmenak izaten dituzte.
Ipuin Motak
Gaiaren arabera sailkatuta:
Maitagarrien Ipuinak
Magia eta fantasiako munduan gertatzen dira, muga geografiko edo denborazkorik gabe. Ipuin guztiek dute amaiera zoriontsua.
Ipuin Herrikoiak
Eskualde eta herri guztietan daude; askotan, anonimoak eta ahoz transmititzen dira.
Alegiak
Protagonistak animaliak dira eta pertsona gisa jarduten dute. Xede satirikoa eta metaforikoa dute, eta amaieran ikasbide morala adierazten dute.
Ipuin Mitikoak edo Kondairazkoak
Gertaera misteriotsuak azaltzen dituzte. Ezinezkoak edo fantastikoak diren egoerak ebazten dituzte.
Ipuin Tradizionalen Jatorria
Europa
- Jacques Rousseau: Haurtzaroaren garrantzia defendatu zuen.
- Charles Perrault: Gorteak dibertitzetik haurrentzako egokia zen estilo didaktikoa garatu zuen.
- Félix María Samaniego eta Jean de La Fontaine: Fabulak idatzi zituzten.
- Jacob eta Wilhelm Grimm: Ipuin herrikoiak bildu zituzten; Ume-ipuinak liburua idatzi zuten. Adibidez, Erpurutxo.
- E. T. A. Hoffmann: Ipuin fantastikoak idatzi zituen.
- Hans Christian Andersen: Garrantzitsuenetako bat izan zen. Adibidez, Berunezko soldadutxoa.
Euskal Herria
XVII. eta XVIII. mendeetan alegiak zeuden zabaldurik. Bizenta Mogelek Ipuin onak lehen liburu literatur-didaktikoa argitaratu zuen. XIX. mendean, Agustin Paskual Iturriagak 55 alegia itzuli zituen, Esne saltzailea kasu. XIX. mendean ere, W. Webster ingelesak Basque Legends argitaratu zuen. XX. mendean, haur literatura modernoaren hasiera izan zen.
Ipuin Irakurriak
Lehenengo fasea da. Liburuaren eta haurraren arteko bitartekoa heldua da. Ipuinak irakurri ahala, haurra liburuarekin ohituko da eta ohartzen hasiko da jakintzaz eta osagai magikoz beteta dagoela; hiztegia aberasten du. Ipuin gehienek, denek ez esatearren, irudiak izaten dituzte.
Ipuin Kontatuak
Haurrek nahiago dute ipuin bat kontatuta entzutea; kontalariaren interpretazioak ipuina aberasten du. Haurraren arreta bereganatzen duen narrazio-tentsio hori ez galtzeko, zenbait osagai eta baliabide adierazgarri erabili beharko dira.
Adinaren Araberako Ipuinak
Ipuin bakoitza egokia den edo ez jakiteko, adinaren araberako sailkapena egin ohi da.
Argitalpen berriek adinaren araberako gomendioa izan ohi dute.
Irakurtzen Ez Dakitenak (0-3 urte)
Haurrak ipuinak entzunez gozatuko du, baina irudiak ere estimulatzaile gertatuko zaizkio; irudien bitartez kontaketa ulertuko du, bere ingurunearekin erlazionatuko baitu.
Argumentuak oso erraza izan behar du. Ona izango da argumentua identifikatzen eta ezagutzen dituen giroekin, pertsonekin eta jarduerekin erlazionatu ahal izatea.
Liburuaren formatuak erabileraren araberakoa izan beharko du. Material gogorrez egina egongo da. Ehundura ezberdinetara ohitzea nahi bada, plastikoz, ehunez eta kartoi mehez eginda egon beharko du, eta bestelako osagaiak ere izan ditzake: itsasgarriak, koloreak, soinuak eta osagai interaktiboak.
Irakurtzen Ez Dakitenak (3-5 urte)
Eguneroko bizitzarekin zerikusia duten istorioak kontatzen jarraitu behar dugu. Gai fantastikoagoak edo fikziozkoak erabiltzen has gaitezke. Animaliei buruzko ipuinak oso baliagarriak izan daitezke. Geroago, printzesei, erraldoiei, gazteluei... buruzko ipuinak gustatuko zaizkie gehien.
Prozesuaren alderdi ludikoa nahiz hezigarria bultzatzeko, garrantzitsua da haurrak ipuinean parte hartzea. Komeni da errepikapen errimatuak, hitz-jokoak eta pertsonaiak imitatuz haurrak errepika ditzakeen elkarrizketak edukitzea.
Irudiek garrantzi gutxiago izango dute, baina, gutxienez, aldi honen lehenengo zatian, oraindik funtsezkoak izango dira kontatzen dena buruan irudikatzeko.
Lehen Irakurleak (5 urtetik aurrera)
Fantasia, sormena eta irudimena dira haurren gotorlekuak. Gauzak ulertzeko eta adierazteko gaitasun handiagoa dutenez, argudioak eta gaiak konplexuagoak izan daitezke. Korapiloak garrantzi handiagoa izango du, eta haurrak istorioan murgiltzen badira, formatu luzeagoak onartuko dituzte.
Alegiazko pertsonaiak askotarikoak izango dira, eta gero eta gehiago agertuko dira. Heroia haurrak bereganatzen hasiko da, harekin identifikatuko baita.
Haurrak gai izango dira ipuinak laguntzarik gabe begiratzeko. Irudia garrantzitsua izango da oraindik. Pixkanaka-pixkanaka, gai izango dira irudirik gabeko ipuin kontatuak begiratzeko.
Oinarri Folklorikoa duen Literatura Herrikoia
Betiko Adierazpideak
Tradizioan jaiotzen da, tradizio horretatik abiatuta garatzen da eta ahoz transmititzen da. Hitza da oinarrizko tresna. Ahoz transmititu den literatura hori sehaskako eta magaleko kantekin hasi zen.
Adierazpen poetiko, narratibo eta dramatiko horiek egilea dute. Egile hori oso azkar lausotzen da.
Obra folklorikoak ez du publikoa bilatzen. Bi helburu dituzte: batetik, haurra entretenitzea eta dibertitzea, eta, bestetik, bizi den gizarteko ondare kulturalaren berri ematea. Mezu bat dute, eta haurrek estimatu egiten dituzte, errazak direlako eta jarraitzeko errazak direlako.
Munduko hainbat tokitan ezagutzen dira.
Ahozko transmisioa funtsezkoa izan da haurrentzako literatura folklorikoaren historian. Korroan jolastean abesten diren kantak kontuan hartu behar ditugu; haurrentzako ipuinak bezala transmititzen dira, irakurtzen nahiz idazten jakin aurretik ikasten eta irakasten dira. Hitzaren oinarrian bermatutako benetako tradizioa dira.
Haurrentzako kantak honela sailkatu daitezke:
- Sehaska-kantak: Haurtxo polita, Loa-loa, etab.
- Magaleko kantak: Arre-arre mandoko, Pintto-pintto, etab.
- Korroan abesteko kantak: Korro korro korroan, etab.
- Sokasalto-kantak: Artaziak, Klabelina, etab.
Haurrek modu tolesgabe eta zentzugabeki errepikatzen dituzte doinu eta kanta horiek, eta batzuetan modu burugabean ere. Doinuak kultura herrikoiaren ondarea dira, eta, zenbaitetan, onomatopeiaz egindako jolas hutsa: Astoak ajaja, etab.
Neurtitzak eta Poesiak
Haurrentzako ekoizpenean, hauek osatzen dute literatura: esaera zaharrek, igarkizunek, aho-korapiloek, biko errimatuek eta hitz-zerrendek, baita aipatutako sehaskako, magaleko eta korroko kantek ere.
Erritmoaren eta errimaren plazerean oinarritzen da funtsean haurrentzako poesia, eta zenbait baliabide erabiltzen ditu, hala nola aliterazioa, onomatopeia, oihartzuna eta txikigarriak.
Haurrentzako poesiaren baliabideak:
- Aliterazioa: Jarraian doazen hitzetan hots edo silaba jakin bat errepikatzean datza figura (adibidez, "troka txoko txikian kutxatxo itxia").
- Onomatopeia: Hots naturalak imitatuz sorturiko unitate lexikalak (adibidez, "dinbili-danbala", "miau", "kuku", "ñirñir"...).
- Oihartzuna: Errepikapen efektua (adibidez, "arantzan-tzan"...).
- Txikigarriak: Txikitzat hartzen den objektu bat aipatzen duen izena (adibidez, "umetxo", "hipi"...). Baita afektuzko harremana ere adierazten dute.
Gai bakarreko lanak daude eta hainbat gai jorratzen dituzten lanak, haurrari sentimendu-jolasen ikuspegi askotarikoa eskaintzeko. Bi kasuetan, txepelkeria eta gehiegizko tonu moralizatzailea saihestu behar dira.
Hizkuntzak irudiak eta sentimenduak piztu behar ditu haurrarengan.
Antzerkia eta Dramatizazioa
Antzerkiak ere sustrai herrikoiak ditu. Ikuskizunak erlijiosoak izaten ziren, eta txikiak liluratzen eta txunditzen zituzten, antzezpenaren magiarekin. Haurra antzezpenaren kulturan murgiltzen da, eta ekintza dramatikoan aktiboki parte hartzeko aukera ematen dio.
Antzerkiaren zati bat eguneroko bizitzako kontu arruntei buruzkoa da eta hizkuntza laua, barregarria eta, askotan, bertso errazekoa erabiltzen du. P. Sladek dioenez, haurraren lehen ziztadurekin eta keinuekin (aurpegikoak eta gorputzekoak) hasten da drama. Beraz, sortzetiko jarduera soziala da, edo lehen ikasten denetarikoa.
Dramatizazioa metodo ona da ipuinen ahozko transmisioarekin zeharkako lotura egiteko. Haurra protagonista sentitzen da eta, giroa lasaia eta hurbilekoa izan ohi denez, hainbat kontaketa bizi ditzake.
Hezitzailearen Eginkizuna
Hezitzaileak iradoki, antolatu eta zuzendu egingo du. Jolas dramatikoan parte hartzea ere gomendagarria da, baina haurrei protagonismorik kendu gabe.
Prozesuei adi egon behar du, agertzen diren adierazpen-egoerei adi, eta erabili egin behar ditu, balio hezigarri eta moralak irakasteko, haurra heziko duten ikaskuntzak eskaintzeko.
Antzezpenaren bidez, ahozkatzeak eta jarrerak zuzendu ahalko dira, eta haurrek zenbait trebetasun garatuko dituzte: behatzeko gaitasuna, sormena, adierazkortasuna eta bizitzako oinarrizko jarrerak, maila horietan heziketako helburuak baitira.