Haur Hezkuntza: Kontzeptuak, Ezaugarriak eta Pedagogo Nagusiak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Magisterio

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,53 KB

Hezkuntzaren Kontzeptua

Hezkuntza haurra edo heldua gidatzeko jarduera da, gainditu behar duela uste den hasierako mailatik atera dadin. Pertsona guztiei dagokie eta bizitza osoan zehar gertatzen da. Haur-eskola hezkuntza-baliabideetako bat baino ez da, eta gizartea hazten ari diren haurrengan hainbat eratan eragiten duten hezitzailez beterik dago.

Hezkuntza Motak

  • Hezkuntza formala: Sistema instituzionalizatuan egiten da. Eskolan egiten diren jarduerei dagokio. Kronologikoki mailakatuta eta hierarkiaren arabera egituratuta dago (adibidez: HH, LH, DBH, Batxilergoa, Unibertsitatea, Erdi Mailako Zikloak, Goi Mailako Zikloak).
  • Hezkuntza ez-formala: Sistematizatuta dago; aldez aurretik ezarritako helburuak lortzeko planifikatu diren jarduerak dira (adibidez: polikiroldegia, klase partikularrak).
  • Hezkuntza informala: Ez dago instituzionalizatuta. Eguneroko bizitzako esperientzien bidez gertatzen da. Hezkuntza zabala, zehaztugabea, mundukoa eta berezkoa da (adibidez: parkea, familia).

Zer da Haur Hezkuntza?

Hezkuntzari buruzko legeetan adierazten denaren arabera, Haur Hezkuntzaren helburua haurrei hezkuntza-esku-hartzea eta laguntza-arreta ematea da.

Haur Hezkuntzaren Ezaugarriak

  • Bideratzailea: Pertsonei hezteko behar dituzten tresnak eskaini behar dizkie.
  • Indartzailea: Haurraren gaitasunen garapena eta heldutasuna indartu behar ditu.
  • Globala: Oinarrizko printzipioa da, zeren ez baitugu garapen intelektuala, psikomotorea edo soziala bereizita lantzen.
  • Banakakoa: Ezin dugu ekintza bera pertsona guztietan ondorio berarekin erabili, zeren etapa honetan haur bakoitzaren nerbio-sistema desberdin heltzen baita.

Eskola Berriaren Printzipioak

Indibidualizazioa

  • Ikasleen aniztasunari arreta (garrantzia ematen zaio ikasleak desberdinak direlako).
  • Ikasle bakoitzaren interesei, erritmoei eta ikasteko moduei arreta (bakoitzak gauzak ulertzeko modu bat du).
  • Ikasle bakoitzaren aukerei arreta (pertsona bakoitzak dituen potentzialitateak).

Sozializazioa

  • Ikasleen arteko harremanei arreta (nork norekin jolasten duen, lidergoa...).
  • Ikasleen arteko taldeak sortzeko moduei arreta (taldekatzearen garrantzia).
  • Talde-dinamiketarako estrategia berriak defendatzeko beharra (adibidez, rol-playing).
  • Kooperazio, elkarlan eta talde-lanetarako gaitasunen garapenari arreta (garrantzia ematen zaie talde-lanei).

Globalizazioa

  • Haurren interesei dagozkien lan-unitateen aukeraketa (proiektu bat, adibidez).
  • Lan-unitateen barne-antolaketari arreta (zailtasunen arabera eta umearen ezaugarri fisiko eta psikikoak kontuan hartuz).
  • Haurrek ikasi eta pentsatzeko moduei arreta (gauzak ulertzeko modu desberdinak daude).
  • Jolasa eta errealitatearekin harreman zuzenaren balioa (eskola bizitzarekin lotua).

Aktibitatea eta Autohezkuntza

  • Berezko aktibitatearen balioa (jolas libreari balioa ematen zaio, umeak berez egiten dituen gauzei).
  • Aktibitate sinboliko, sortzaile eta esku-lanen balioa (adierazpen-hizkuntza).
  • Haurren ekoizpenen balioa (egiten duen guztiak du balioa).

Haur Hezkuntzako Pedagogo Nagusiak

Emmi Pikler

Hungarian jaio zen 1902an. Pediatriako doktoretza lortu zuen 1927an. Gerren ondorioz umezurtz asko geratu zirenez, Lóczy umezurztegiko ardura eta zuzendaritza hartu zituen.

Oinarrizko Printzipioak

  • Umearekiko errespetua: Bi puntu azpimarratzen ditu: behaketa, une guztiak erregistratu behar baitira haurraren garapen-egoeraren nondik norakoak biltzeko, eta zaintzak, harreman enpatiko bat sortzen baitu, umearen eta zaintzailearen arteko konfiantza-loturaren oinarria dena.
  • Mugimendu-askatasuna: Umearengan konfiantza osoa izan behar da. Askotan, haurrak mugimendu batzuk egitera behartzen ditugu, nahiz eta beraien garapen-maila guztiz helduta ez egon. Autonomia esperientzien bidez garatu behar du, era naturalean eta ez programatuan. Espazio egokia izatea da mugimendu-askatasunaren gakoa.
  • Zaintza-momentuak: Kalitatezkoak eta plazerean oinarrituak izan behar dute, bai haurrari eta bai zaintzaileari dagokionez. Une pribilegiatuak dira, lotura segurua, iraunkorra eta konfiantzazkoa ezartzen baitute. Haurra emozionalki ase baldin badago soilik egongo da prest mundura zabaltzeko eta ingurunearekin harremanetan jartzeko.

Célestin Freinet

Frantzian jaio zen. 1898an Magisteritza Eskolan izena eman eta maisu izateko ikasketak hasi zituen. 1927an "L'imprimerie à l'école" liburua argitaratu zuen, baita bi aldizkari ere. 1935ean bere eskola propioa, pribatua eta esperimentala, zabaldu zuen.

Oinarrizko Printzipioak

  • Ingurunea ezagutzea, esperimentatzea eta hori guztia adieraztea.
  • Elkarlana: Ikasleen artean ikertutako lanaren emaitzak denen artean banatzen dira.
  • Irakaslearen eginkizuna bitartekari, koordinatzaile eta lagun gisa jardutea da.
  • Metodoa saiakuntza-errorean oinarritzen da. Funtsean, haurraren jardueran oinarritzen da. Bere hezkuntza-proposamena hiru etapatan banatzen du: esperimentazioa, sormena eta dokumentazioa.
  • Materialak: Egunkaria, elkarri eskutitzak bidaltzea eta gauzen elkartrukea. Proiektuen bitartez lan egiten da.

Maria Montessori

Italian jaio zen 1870ean. Ingeniaritza, biologia eta medikuntza ikasi zituen. Adimen-urritasuna zuten haurrekin hasi zen lanean. Haurrez gain, emakumeen egoera sozialarekiko interes handia erakutsi zuen. "Eskola Berria"-ren mugimenduaren barruan kokatzen da.

Oinarrizko Printzipioak

  • Zentzumenetatik pasa ez den zerbait ez dago gogoan. Ideiak zentzumenetatik datozen bezala, adimena praktikari esker garatzen da. Beraz, haurrak ukituz, ikusiz, entzunez, dastatuz, mugituz eta usainduz ikasten duenez, zentzumen horiek guztiak era progresiboan lantzen dituzten materialak sortu zituen.
  • Materialen ezaugarriak: Zailtasunaren arabera taldekatuta daude, zentzumenen garapena sustatzen dute eta ume bakoitzak bere ariketen zuzenketak egingo ditu. Material bakoitzak ezaugarri bat lantzen du. Adibidez, koloreak landu nahi badira, kolorean bakarrik desberdinak diren objektuak erabiliko dituzte.
  • Sistemaren oinarrizko irizpidea askatasuna da.
  • Norberaren erritmoan eta jarraipenean oinarritzen da.
  • Behaketa beharrezkoa izango da hezitzailearentzat, bakoitzaren bidea zuzendu behar duelako.
  • Txokoak eraikitzeak gelan banaketak egitea suposatzen du, espazio bakoitzak erabilera konkretu bat izanik.

Loris Malaguzzi (Reggio Emilia)

1920. urtean jaio eta Reggio Emilian bizi izan zen. Han ikertu, esperimentatu eta burutu zituen haurrekin, gurasoekin eta hezitzaileekin erlazionatutako bere esperientziak. 1963an Udal Haur Eskoletan lehenengo esperientziak bultzatu zituen, eta zazpi urte beranduago Reggio Emiliako 0-3 urteko lehen eskola sortzea lortu zuen.

Oinarrizko Printzipioak

  • Abiapuntua haurra da: Haurra izaki sendo, aberats eta gaitu bezala ulertzen du.
  • Haurrak, hitz egiten hasi aurretik, komunikatzeko ehun adierazpen-modu desberdin ditu.
  • Ingurunea: Herriak eta eskolak lotura handia dute; herriko jendeak eskola material desberdinez hornitzen du.
  • Espazioa: Reggio Emiliaren filosofiaren arabera, oso garrantzitsua da.
  • Dokumentazioa: Haurrei bata bestearengandik ikasteko aukera ematen die eta prozesu guztia baloratzea ahalbidetzen du.
  • Tailerra eta tailerista: Haurtzaroari beste modu batez begiratu eta entzuteko modua da. Garrantzitsuena da haurrek teknika horien lanketaren bitartez lortzen dituzten ikasketa-prozesu ludikoak.
  • Teknologia berriek garrantzi handia dute.
  • Proiektuak dira beraien metodologiaren ardatza.
  • Familia funtsezko elementua da.
  • Materialak dira beste gauza guztiak ikasteko oinarria.

Rudolf Steiner (Waldorf Pedagogia)

Austriar filosofoa izan zen. Lehen Mundu Gerra bukatu ostean, enpresari baten enkargu bat jaso zuen: Stuttgart-eko Waldorf zigarro-fabrikako langile guztien seme-alabentzat eskola libre bat antolatzea eta zuzentzea. Pedagogia berri baten oinarri metodologikoak eta didaktikoak ezarri zituen. Gaur egun, munduko mugimendu pedagogiko libre garrantzitsuenetariko bat da.

Oinarrizko Printzipioak

  • Askatasuna: Euren egiteko nagusia haurrak askatasunean heztea da.
  • Errespetua: Gizaki errespetutsuak izateko gaitasunak ikasten dituzte eskolan.
  • Haur bakoitza pertsona bakar gisa hartzea: Haurraren erritmoa errespetatzen da.
  • Jolasaren garrantzia: Ezinbesteko elementua da.
  • Sormena: Umeak ikasten duten bitartean zoriontsuak izatea da helburua, eta egiten dutenarekin disfrutatzea.

Pedagogia zazpi urteko garapenerako hiru etapatan banatzen da: haurtzaro goiztiarra, bitarteko haurtzaroa eta nerabezaroa. Haurtzaro goiztiarrean, umeek beraien zentzumenetatik interpretatzen dute mundua eta, horretarako, imitazioa erabiltzen dute. Adin hauetan ez da ekintza intelektuala bultzatuko.

Entradas relacionadas: