Haur Hezkuntza: Ikaskuntza Esanguratsua eta Jolasa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,75 KB
Ikaskuntza esanguratsua eta esperientzia
Ikaskuntza esanguratsua: Haurrek modu esanguratsuan ikasteko aukera izan dezaten, Haur Eskolak haurraren bizitzan garrantzi handia eta zentzu afektiboa duten esperientziak eta jarduerak sustatu behar ditu. Hau da, ikasleek errealitateko edozein alderdiri buruz zer dakiten eta zer pentsatzen duten abiapuntu hartuta, hezitzaile-taldeak ikasleen interesekin eta beharrekin bat egingo duten ikaskuntza-egoerak proposatu beharko ditu, helburu eta erabilgarritasun argia dutela betiere.
Labur esanda, Haur Eskolan esperientziak elkarrekin trukatzen dira, bizi eta gozatu egiten da, ikasi eta ulertu egiten dira, baldin eta haiek, betiere, haurrentzat zentzua eta esanahia badute.
Jolasa eta haurren jarduera
Haur Hezkuntzan, ekintza da garapen- eta ikaskuntza-prozesuaren ardatza eta eragile nagusia. Haurrek, pertsonekin eta objektuekin izaten dituzten harremanezko esperientzietan, haien ezaugarriak, nolakotasunak eta aldeak aurkitzen dituzte, bai eta haien artean dauden harremanak ere. Gero, elementu eta harreman horiek buruan irudikatzen dituzte.
Horrela, ekintza eta esperimentazioa abiapuntu hartuta, haurrak bere nortasuna eta mundua eratzen du, eta ekintzarako eta interpretaziorako bere eskemak egiten ditu, zuzen edo ez hain zuzen.
Jolasa: Ikasteko tresna pribilegiatua
Bakoitzaren esperientzia pertsonalak, gaitasunak eta ekarpenak lantzen diren ekintzazko eta parte-hartzeko testuinguruetan, haurrak bere gaitasunetan duen konfiantza, jakin-mina eta ekimena garatzen ditu. Erabakiak hartzea eta jarduera autonomoa izatea ere sendotzen dute testuinguru horiek.
Hezkuntza-etapa honetan, jolasa, ikasteko tresna pribilegiatua denez, jarduera nagusia izan behar du, eta hainbat egoera, bizipen, ezagutza eta gaitasun bateratzeko gai izan behar du. Jolasa, bere aldaera guztietan jarduera atsegingarri eta berez motibatua denez, eremu aproposa sortzen du haurrek beren ekiteko gaitasuna garatzeko, arriskuei aurre egitekoa indartzeko, eta jarduteko modu berriak bilatzeko, porrotaren edo akatsen beldurrik gabe.
Ekintza bakoitzak eragiten duen asebetetzeak berriz egitera bultzatzen ditu haurrak, eta horrek aukera ematen die horretan parte hartzen duten eskema kognitiboak finkatzeko, bai eta mugimen-garapena eta gorputzaren kontrol gero eta handiagoa eta asebetegarriagoa lortzeko ere.
Eskola: Bizikidetzarako tokia
Haur Hezkuntzako ikastetxeak haurrari garapenerako esperientzia-iturri ezin aberatsagoa ematen dio: beste haur batzuekin elkartzea. Eskolan sortzen diren harremanek, lankidetzak, gatazka txikiek eta berregokitzeek erraztu egiten dute haurren garapen intelektual, afektibo eta soziala.
Prozesu horretan laguntzeko, era askotako taldekatzeak eskatzen dituzten jarduerak sustatu beharko dira:
- Talde handiak
- Talde txikiak
- Binaka
Arauek eta mugek, haurrei, beraiengandik zer espero den jakiten, eta zer egin behar duten eta zer ez jakiten lagundu behar diete. Ikasgelako harreman-giroari segurtasuna ematen eta autonomia garatzen ere lagundu behar dute. Arau horiek argiak, malguak, egoerari egokituak, afektuzko giroan biziak eta gero eta bateratuagoak eta landuagoak izan behar dute.
Eskolak, era berean, esperientziak bizitzeko eta bere buruaren irudi positiboa egitea ahalbidetuko dioten proposamenak egiteko aukerak eman behar dizkio haurrari, bere gaitasunetan konfiantza izanik, pertsona gai gisa eta ikasteko aukerak dituen ikasle gisa ikusteko eta aintzakotzat hartzeko bere burua. Hezitzaile-taldeak haurraren irakas- eta ikas-prozesuari lagundu egin behar dio, eta hura sendotu, eta aintzat hartu ahalegina egitea eta zailtasunak gainditzea, bai eta haurraren lorpenak ere.