Hanna Arendt, Existentzialismoa eta Feminismoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 18,08 KB
Totalitarismoaren Jatorria (Hanna Arendt)
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, mundua txundituta geratu zen gertatutako basakeriagatik. Filosofoak gertaera haien azalpena ematen saiatu ziren. Baina Hanna Arendtentzat, aurrekaririk ez zuen fenomeno berria zen, gorrotoan eta boterean oinarritua: Totalitarismoa. Gizatasuna suntsitzen duen sistema da, ordura arteko erregimenekin haustura bat suposatzen duena; ezin zen ordura arteko azalpenekin aztertu.
Arendtek Totalitarismoaren Jatorria idatzi zuen fenomeno hau aztertzeko. Gaitz Absolutu izena eman zion, politikaren esparrua suntsitzen duelako, gizakia alienatu egiten duelako, masa gizartean diluituz eta gizatasuna suntsituz.
Liburua hiru ataletan banatuta dago, totalitarismoaren aurrekariak eta ezaugarriak aztertuz:
1. Antisemitismoa
XIX. mendean juduenganako gorrotoa zabaldu zen. Gizartetik eta politika eremutik kanporatu eta eskubideez desjabetu zituzten. Gertaera hura tentsio sozial iturri izan zen. Naziek bortxa eta sarraskia eman zieten irtenbide gisa.
2. Inperialismoa
Europar nazioek Afrikako lurraldeak erasotu zituzten baliabideak lortzeko. Etnia ezberdinak suntsitu zituzten. Gertaera haiek Europako sarraski-eremuen aurrekariak izan ziren, eta biziraun zutenen esklabutza eragin zuten.
3. Totalitarismoaren Ezaugarriak
- Propaganda eta Doktrinamendua: Estatu arrazista sortzen da, totalitarismoaren ideologiaren oinarria. Arraza arioa arraza gorena da, eta arraza judua, mehatxua. Garaipena bermatzeko juduak desagerrarazi behar dira, gizateriaren mesedetan eta naturaren legeak betez.
- Kanpo Politika Erasokorra: Arraza arioa munduan zehar hedatzeko helburuarekin. Ideia hori masarengan sustraitzen da, eta logika horren barnean sartzen da (argudiatu gabe, juiziorik gabe).
- Lidergo Nagusi Bat: Partidu eta pentsamendu bakarra inposatzen da. Ekintza guztiak Führer-aren leialtasunari zuzenduak daude. Pentsamendu hori doktrina bilakatzen da, pluralismoa deuseztatuz. Gizateria berri bat sortu nahi da, masa bihurtuko dena, indibidualtasuna suntsituz eta gizatasuna kenduz. Gizarte klaseak desagerrarazten dira, gizartea atomizatuz, antolakuntza eta egitura oro suntsituz. Gizakiak mugimenduaren parte izatera pasatzen dira.
- Kontrola eta Izua: Bortxa eta krudelkeria metodoak erabiltzen dira edozein disidentziarekin errotik amaitzeko. SS eta Gestapo sortzen dira, espioitza praktikatzen duten taldeak. Kritikarako lekurik ez dago, ezta ezer auzitan jartzeko aukerarik ere. Denak errudunak direlako giroa sortzen da bizitzaren arlo guztietan. Honek harremanak etetea eta gizartearen atomizazioa dakar.
- Mundua Menperatzea Helburu: Helburua nazismoa hedatzea da, ideologiaren eta gerraren indarrez.
Giza Bizitzaren Baldintzatzaileak: Vita Activa
1957an hitzaldi baten gaia izan zen. Giza existentziaren baldintzak aztertzea zuen helburu, zeintzuk diren bizitza aktiboa ahalbidetzen duten baldintzak. Arendtek giza bizitzan hiru giza jarduera bereizten ditu, haietako bakoitza bizitza baldintza batekin lotuz:
1. Lantzea (Labor)
Bizirik irautea ahalbidetzen digun jarduera da. Beharrei lotuta dago, izan ere, izaki bizidun gisa, bizirik irauteko oinarrizko behar batzuk asetu behar ditugu: elikatu, beraz, elikagaiak landu behar ditugu. Giza bizitzarako beharrezkoa da lantzea. Kontsumo-ondasunak ekoizten dira, kontsumorako sortuak.
Jarduera errepikakorra da, baina aztarnarik uzten ez duena, ondasun hauek kontsumitu eta desagertu egiten baitira. Lan egin eta kontsumitu, hori da bizitzaren zikloa. Bizitzaren baldintzatzailea da, bizitza sortzen duena. Bizi eta hil ondorioztatzen du. Bizitza naturalari lotuta dago. Ez dago askatasunerako lekurik, eta ez dago kulturaren sorrerarekin lotua.
2. Fabrikatzea (Lana)
Bizitzaren iraupen laburraz jabetzeak gizakia bere bizitza iraupena gaindituko duen zerbait sortu nahi izatera eramaten du. Taldean sortutako gauza horiek euren mundua osatzen dute, euren kultura dira. Produktu kulturalek batu egiten dituzte gizakiak.
Produktu hauek eskulanaren emaitza dira. Produktuak, tresnak eta gailuak ekoizten dira (artisautza, eraikuntzako ondasunak). Iraupena dute, aurrekoek ez bezala. Erabilerarako ondasunak dira, erabilerarako sortuak. Ez da askatasunaren eremua.
Produktu hauen ekoizpenarekin naturarekiko bortxa gertatzen da. Mundu artifiziala sortzen da naturatik hasiz. Bizitza mundukorraren baldintzatzailea da, mundukortasuna ahalbidetzen duena. Azaldutako giza jarduerak tiranian edo edozein sistematan eman daitezke.
3. Ekitea (Ekintza)
Jarduerarik garaiena da. Honen bitartez zer izan nahi dugun eta zer egin nahi dugun erabakitzen dugu. Eremu publikoan ematen da, politikan, hiritartasuna lantzen den eremuan; bizitza komunaren eremua da, gizakien arteko harremanen eremua.
Partekatutako bizitza giza kondizioaren ezaugarri nagusiena da. Gizakia ekilea da, ekintzaren bidez munduan azaltzen eta den bezalako azaltzen dena. Ekintza indibiduala da, bere kabuz pentsatua, baina besteekin hitzartu behar da. Eztabaida arrazionala eta inpartzialtasuna praktikatzen dira. Hitzaren eremua da (homo loquens).
Iritziak eta juizioak egiten dira, eta adostasunak lortzen dira, interes ezberdinak baitaude. Horrela eraikitzen da giza nortasuna, gizaki indibiduala, besteengandik ezberdintzen dena, adostuz. Ekintza pluraltasunaren baldintzatzailea da. Pluraltasunean ematen da askatasuna eta berdintasun politikoa gizakien artean.
Errepublika eta demokraziak eremu publikoa bermatu behar dute, baina zuzena eta aktiboa. Baina ekintzek ondorioak dituzte, beraz, erantzukizunez jokatu behar da. Nola jokatu behar dudan galdetu behar diot neure buruari, ezarritako arauak bete behar ditudan (Totalitarismoek kontrakoa egiten dute), nor izan nahi dudan. Zure buruarekin elkarrizketatu behar duzu. Bestela, pentsatzeari utziko diozu eta ez duzu zure erantzukizuna zure gain hartuko, gaitzaren hutsalkerian eroriko zara. Pentsamendu bakarrean eroriko zara.
Vita Activaren Esparruak
Vita Activari dagozkion jarduerak (labor, lana, ekintza) bizitza esparru batean ematen dira:
1. Esparru Pribatua
Labor-arekin lotua dago. Biziraupenerako beharrak asetzen diren eremua da. Adibidez, nekazariak familiarentzat elikagaiak ekoizten dituenean, esparru pribatuan dago. Nork bere etxea esparru pribatutzat hartzen da. Naturala da, interes pribatuei zuzendua. Ez dago berdintasunik ezta askatasunik ere. Gizonezkoek elikagaiak bermatzen dituzte, eta emakumeek ernalkuntza eginkizuna dute.
2. Esparru Publikoa
Ekintzaren eremua da, diskurtsoarena. Besteen aurrean aurkeztean sortzen da, elkarrekintzan. Partekatutako mundua da, askatasunarena. Hausnarketarako tokia da. Gizakien batasuna emateko beharrezkoa da. Legeak, erakundeak eta kultura sortzen diren mundua da. Interes publikoa sortzen duten aspektu ekonomikoak lantzen dira. Askatasunaren eremua da, artifizialki sortua, interes publikoei zuzendua.
3. Esparru Soziala
Aurreko bi eremuen mugak gainditzen ditu, biak nahasten direnean sortzen baita. Ekonomia eremu publikoan sartzen denean ematen da, ekonomia kapitalistan gertatzen den bezala, merkatu ekonomiaren sorrerarekin. Interes pribatuek maila publikoa hartzen dute, eta politika kaltetua ateratzen da. Bizitza publikoarekin kezkatuta zegoena orain bere interes propioez kezkatzen da. Modernitatean sortu zen. Beharrak asetzera bideratutako gizarte ordena sortzen da. Politikak bere lekua galtzen du, ekintza desegituratuz.
Horrela sortu zen totalitarismoa: gizabanakoaren axolagabekeria bizitza publikoarekiko; interes pribatuekiko eta bere ingurukoen segurtasunarekiko kezka izatea beste edozein gauzaren gainetik. Konformismo sozial eta politikoan murgiltzen da gizakia. Totalitarismoak bizitza publikoa eta pribatua suntsitzen ditu, gizabanakoa bakardadean utziz. Honek erakusten du eremu guztien arteko oreka funtsezkoa dela demokrazian. Politika askea izateko eremu publiko indartsua behar da, hiritarrek modu aktiboan parte hartzen dutena.
Adolf Eichmann eta Gaizkiaren Hutsalkeria
Adolf Eichmann, alemanek okupatutako lurraldeetatik judutarrak deportatzeko SS-ko arduraduna, historian izan den kriminalik handienetakoa izan zen. Gerra amaieran Argentinara ihes egin zuen, baina 1960an Israelgo Zerbitzu Sekretuek bahitu eta Israelera eraman zuten epaitzeko. Judutarren eta gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkioten.
Arendtek The New Yorker-eko berriemaile gisa joatea eskatu zuen. Honi loturik idatzi zuen Eichmann Jerusalemen, hiru gauza aztertuz: Holokaustoa eragin zuten kausak, genozidioan kontseilu juduek jokatutako papera, eta justiziaren eginkizuna zein izan behar zen. Gizateriaren aurkako krimenak epaitzeko nazioarteko epaitegi bat osatu beharra azpimarratu zuen.
Eichmannen izaeran sakonduz, pertsona normala zela ikusi zuen. Zergatik egin zituen horrelako ekintzak galdetuta, bere lana zela eta aginduak bete zituela erantzun zuen. Ez zuen inolako damurik. Ez zen psikopata, ezta sadikoa ere. Arendtek ondorioztatu zuen ez zela mamua, gizaki arrunta baizik.
Arendtek kontzeptu berri bat azaldu zuen: Gaizkiaren Hutsalkeria. Eichmann ez zen munstro krudela, gaitza izugarria izan zen inozokeriagatik baizik. Pentsatzeari uko egin zion. Egoera latzean ez zen gai epai morala egiteko. Eichmannek azaldutako gaitz zabaldua zen: ez zen gai bere ekintzen ardura hartzeko.
Komunitate judutarrak gogor kritikatu zuen Arendt, uste izan baitzuten Eichmannen jokabidea justifikatzen zuela, baina ez zen horrela. Ez pentsatzeak ez zuen errugabe egiten. Eichmann bere ekintzen erantzulea zen, zigorra merezi zuen, inozoa izateagatik. Ondorioa kezkagarria zen: edozein pertsonak, antzeko egoeran, krudelena egin dezake.
Juduen buruek nazien aurrean izandako otzantasuna nabarmendu zuen Arendtek, erkideak heriotzarako hautatzen parte hartu zutela. Honek haserrea sortu zuen eta kritika latzak jaso zituen. Dena den, sari asko lortu zituen AEBn eta Alemanian. Eichmann Jerusalemen Holokaustoari buruzko ikerketa lanik hoberenetakoa da.
Existentzialismoa: Jatorria eta Ezaugarriak
Existentzialismoa XIX. mendean sortu eta XX. mendean Europan garatutako korronte filosofikoa da. Mundu Gerren bortxak eta suntsiketak ondorioztatutako emaitza da, Holokaustoak eragindako kontzientzia eta balore krisi nabarmenaren ondorio. Ilustrazioaren arrazoimenaren eta Alemaniako filosofia klasikoaren aurkako erreakzioa da, giza existentziaren inguruko hausnarketa sakona.
Ordezkari Nagusiak
Søren Kierkegaard, Jean-Paul Sartre eta Simone de Beauvoir dira ordezkari nagusiak.
Ezaugarri Nagusiak
- Giza Existentzia: Existentzia esentziaren aurrekoa da. Bizitzan zehar hartzen ditugun erabakiekin joango gara izaera eraikitzen. Ez dago giza esentzia unibertsal bat gizaki guztion ezaugarri komunak ematen dizkiguna. Giza kondizio bakarra existentzia da.
- Askatasuna: Jaiotzen garenean existentzia besterik ez gara, askatasun hutsa, gure burua sortzera behartuta gaude, gure esentzia propioa sortzera. Ez dago komuna den esentziarik, ezta balore unibertsalik ere. Gizakia pertsona da, erreala, munduan kokatzen dena eta bere bizipen propioak izango dituena. Bakoitza bere ekintzen erantzule da. Gizakia askea da, bere ekintzen bidez bere burua eraikitzen du. Nork bere kabuz sortu behar du bere burua, beregandik kanpoko edozein sinesmen sistematik independentea den etika propioa garatuz. Aukerak egin behar izatea Existentzialismoaren puntu nagusietakoa da. Existitzeak aukerak egin behar izatera derrigortzen du. Gizakia ez da existitzera mugatzen; aitzitik, existitzeak askatasuna suposatzen dio, aukerak egin behar izatea eta erabakiak hartzea. Horrek dakar gizakia bere ekintzen erantzule izatea. Erruduntasun sentimendua gizaki askearen sentimendua da. Askatasuna gizabanakoaren arazo etiko bihurtzen da, norberarena.
- Ikuspegi Ezkorra: Ezegonkortasunak eta heriotzaren dramak gizakiarengan eragindako larritasuna islatzen du. Hortik dator korronte honen ezaugarria: ezkortasuna eta urduritasun sentsazioa sortzen duten pentsamendu eta jarrera ezkorrak.
- Indibidualtasuna: Gizakia ez da "osotasun baten parte", banako berezi eta errepikaezina baizik, bere bizitzaren protagonista (Idealismoari eta Materialismoari kontrajarriz).
Gai Sakonak eta Eragina
Gaiak sakontasun handikoak dira: izana, askatasuna, bakardadea, ezereza, bizitzaren zentzua. Norberak bere baitatik erantzun behar die kontzeptu hauei. Emozioek, hala nola larritasunak eta beldurrak, pisu handia dute.
Eragin handia izan du artean eta literaturan. Kafkaren obra gehienek eta Sartreren idazlanek, pertsonaiak konbentzionaltasunetik eta zorioneko amaiera istorioetatik gizabanakoaren analisira eramaten dituzte (adibidez, Krimena eta Zigorra).
Simone de Beauvoir: "Zer da Emakume Izatea?"
Simone de Beauvoir-ek galdera hau egiten du: Ba al dago emakume izaera biologikorik? Kulturala al da emakume izaera? Helburua kontzeptua zalantzan jartzea da.
Biologiaren ikuspegitik badago emakume izaera; "emakume izatea uteroa izatea" da. Beauvoir-ek hau ukatu egiten du: emakume izatea sortutako zerbait da, heziketaren emaitza, kulturala. Ezaugarri fisiologikoez gain, beste batzuk egokitu zaizkio: sentsibilitate handiagoa, pasibitatea, sentsualitatea, emotibitatea, gizonarekiko mendekotasuna, etxekoandrea... Ezaugarri negatiboak dira, gizonezkoaren mailakoak ez direnak. Gizonezkoa beharrezkoa da; emakumea, azalekoa. Gizonezkoa gizaki absolutua da, eta emakumea "Bestea". Gizarteak eta kulturak asimetria sortzen dute gizon eta emakumeen artean, patriarkatua indartuz.
Asimetria eta Existentzialismoa
Asimetria horren ondorioz, gizon eta emakumeek ez dute lege-estatus berdina. Emakumeari zenbait eskubide aitortzen zaizkio, baina ohitura substratuek oztopo egiten dute gauzatzeko. Ekonomian, bi kasta daude; baldintza berdinetan gizonezkoek abantailak dituzte: lansari altuagoak, arrakastarako aukera gehiago. Historia gizonezkoek egina da, haientzat egina.
Asimetria hau gainditu daiteke filosofia existentzialistarekin. Honen arabera, existentzia esentziaren aurrekoa da. Gizakia ez dago esentzia biologiko, psikologiko edo ekonomiko batek mugatua. Askatasunak ematen dio izana.
Simoneren ikuspegi existentzialistatik, gizakia bere buruarentzat da, proiektuetan gauzatzen den askatasuna, une oro transzenditzen eta hautatutako kondizio berri batera pasatzen dena. Gizakiak aske izateari uzten dionean bihurtzen da bere-baitan, kontzeptu bat, kategoria, ideia edo aurreiritzi bat; emakumeak patu biologiko, psikologiko edo ekonomiko bat duela esaten denean bezalaxe. Honen aurka azaltzen da Beauvoir: "Emakume ez da jaiotzen; egiten da."
Beauvoir-ek askatasuna aldarrikatzen du, gizakiaren ezaugarri nagusitzat, gizon eta emakumeen berdintasuna aldarrikatuz; nahiz eta emakumeek oztopo gehiago dituzten.
Ideia Feministen Garapena eta Olatuak
Feminismoa pertsonen arteko eskubide berdintasuna aldarrikatzen duen pentsamendua da. Ez da korronte homogeneo bat, eboluzionatuz joan dena:
1. Feminismo Ilustratua (XVIII. mendea)
Frantziar Iraultzaren helburua askatasuna eta berdintasuna zen, baina gizonezkoentzat soilik. Aitzindari ilustratu nagusiak Olympe de Gouges eta Mary Wollstonecraft izan ziren.
2. Mugimendu Sufragistak (XIX. eta XX. mendeak)
Sufragistek berdintasunaren alde borrokatu zuten. Mugimendu interklasista izan zen, emakumeek jasandako desberdintasuna ez baitzegoen klase bateko zein besteko izatearekin lotuta. Esklabutzaren abolizioaren aldekoa ere izan zen. Mugimendu aktibo bihurtu zen, emakumeak aktibista bihurtuz, hitzaldiak eteten eta gose grebak egiten. Lucretia Mott abolizionisten lehen elkartearen sortzailea izan zen. Handik Ingalaterrara zabaldu zen.
Mundu Gerraren ondoren, emakumeak etxera itzuli ziren. Amatasunaren indartze berria gertatu zen. Emakumearen irudi berri bat sortu zen: etxekoandrearen irudi zoriontsua (Feminitatearen Mistika).
1949an, Simone de Beauvoir-ek Bigarren Sexua idatzi zuen. Garrantzia handia izan zuen emakumeen zapalkuntzaz ohartzeko. Iritziaren arabera, emakumea ez da naturala, kulturala baizik, gizonen mendeko, haurtzarotik gizon bati men egiteko hezia. "Emakume ez da jaiotzen; egin egiten da."
Beharrezkoa da emakumeak bere burua definitzeko gaitasuna berreskuratzea. Ustez, gizakiaren funtsa askatasuna da, zer izan nahi den zehazteko gaitasuna. Baina emakumeak izan behar duena gizonak erabakitzen du; horregatik, emakumeak, nahiz eta eskubideak izan, gizonaren mendean daude. 50eko hamarkadan, Betty Friedanek Feminitatearen Mistika idatzi zuen.
3. Feminismo Erradikala
Pentsalariek gizartea heteropatrialkatzat hartzen dute, gizonen interesak sostengatzen dituen sistematzat, gizonen pribilegioak defendatzeko. Emakumea arlo publikoan menderatzen da, eta pribatuan ere bai. Gorputza eztabaidaren erdigune bihurtu zen: "Nire gorputza nirea da". Ondorioz, erabakitzeko eskubidearen eta gorputzaren jabetzaren aldeko borroka abiatu zen. Gorputzaren jabe izateak ala ez izateak niaren eraikuntzan zuzenean eragiten du. Askatasun sexualaren eztabaidak sortzen hasi ziren: eskubide sexualak eta ugaltzekoak.
80ko eta 90eko hamarkadetan, Judith Butlerrek bide horretatik jarraitu zuen, erakundeen androzentrismoa eta sexu/genero azpian dauden interes politikoak salatuz.
4. Intersekzionalitatea
Emakumearen aniztasunaren inguruan sortu zen, arrazak eta klaseak sor ditzaketen jazarpenak aztertuz (xenofobia, arrazismoa).
Ondorioak: Eichmann eta Pentsamenduaren Beharra
Eichmann ez zen ergela: Eichmannek pentsatzeko burua zuen arren, buruarinkeriaz jokatu zuen. Ez zen gaizkilea, pentsatu gabe jokatu zuen, Gaizkia Hutsala eraginez. Gaitz hau kaltegarriagoa izan daiteke beste edozein gaitz baino.
Gaizkiaren Hutsalkeriaz ari garenean: Eichmann ez zen gaiztoa, baizik eta pentsatzeko gaitasunik gabea. Aginduak zalantzarik gabe betetzea izan zen bere benetako hutsunea eta arriskua.