Habermas eta Ortega y Gasset: Arrazoia eta Gizartea

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,16 KB

Habermas: Lana, Elkarrekintza eta Etika

Habermasen asmo nagusia irrazionaltasunaren aurka borrokatzea da. Habermasek soluzioa daukala uste du: gakoa gizartean gai ororen eztabaida askea ahalbidetzea izango litzateke, nork bere ideiak eman eta besteenak ulertu ahal izateko.

Diskurtsoaren Etika eta Kontsentsua

Hori lortzeko, gure eztabaidak borroka bihurtzea saihestuko duten arau etikoak nahitaezkoak dira. Habermas, Apel filosofoarekin batera, saiatu zen diskurtsoaren etika eraikitzen. Beraien etika formala da. Habermasen ideiek demokrazia hausnarketa-eredutzat jotzen dute. Habermasen ustez, gobernuen lana gidatuko duten gizarte-kontsentsuetara iristearren, pertsonek hitz egin behar dute.

Mundu Modernoaren Kritika

Mundu modernoaren filosofian, Descartesengandik aurrera, gizakia subjektutzat hartzen da, menderatu eta bere zerbitzura jarri behar den munduarekin kontrajartzen dena. Arrazoimena arrazoi instrumental bihurtuko da, domeinu eta kontrol-bitartekoen garapenaz arduratzen dena. Gizakiak berezkoak dituen azken helburuak begien bistatik galtzen dira.

Zientzia eta teknologiaren garapen erraldoiaren ideia positibistak dena gertakari eta legetara murriztu du; Frankfurteko Eskolaren terminologian, hori "teoria tradizionala" da. Habermasek teoria tradizionalari buruz hau dio:

  • Ez dago inpartzialtasunik: teoria guztiek interesak defendatzen dituzte.
  • Balio-judizioetan ezin da neutrala izan.
  • Gizartea osotasun gisa analizatu behar da.

Materialismo Historikoaren Berrikuspena

Marxen materialismo historikoa abiapuntutzat hartzen badu ere, distantzia hartuko du Marxen garaikoekin alderatuz oso desberdinak diren gizarte eta kapitalismo garaikideak analizatzeko. Klaseen arteko borroka ez da jadanik aldaketaren eragilea. Marxen ideologiaren ideiak honezkero ez du balio: ekoizpen-indarra, lan-indarra baino, zientzia eta teknika-ikerketaren indarra da.

Ekintza Komunikatiboa eta Arrazionalizazioa

Eremu soziokulturalean hiru atal bereizten dira:

  1. Lana, edo ekintza arrazional teleologikoa: helburuak lortzeko ekintza da. Ekintza instrumentala edo estrategikoa izan daiteke.
  2. Instrumentala: arrazionaltasunaren kontzeptu modernoaren oinarrian dago.
  3. Ekintza komunikatiboa: pertsonen arteko elkar ulertzera orientatzen da. Harremanetan jartzen gaituzten zeinuen ulerpenera bideratutako interes praktikoa du.

Sozializazio-mota honi interes askatzailea dagokio, hau da, pertsona kanpoko bortxa guztietatik liberatzea, naturaren zein beste pertsonen bortxatik, alegia. Horrela, Habermasen egiaren kontzeptuak ezaugarri hauek dauzka:

  • Egia ez da objektuen ezaugarria, enuntziatuena baizik.
  • Egia intersubjektiboa da.
  • Enuntziatu baten egia kontsentsu arrazionaletik dator.

Kontsentsu guztiak ez dira onargarriak; baldintza batzuk bete behar dira: lengoaia engainatzeko asmorik gabe erabiltzea, solaskideak askatasunez mintzatzea eta guztiek botere-maila bera izatea. Horixe da solasaren egoera ideala.

Historiaren Lau Uneak

Habermasek historia arrazionalizazio-prozesutzat hartzen du eta lau une bereizten ditu:

  • Gizarte arkaikoak: nortasuna mitotan oinarritzen da.
  • Zibilizazio garatuak: mitotik logosera igarotzea.
  • Lehen modernitatea: zientzia modernoen sorrera.
  • Kapitalismo berantiarra: arrazoia dialogikotzat jotzen da.

Ortega y Gasset: Objektibismoa eta Perspektibismoa

Ortegaren ustez, bi dira Espainia Europatik urruntzen duten joerak: pentsamendu sakona ez lantzea eta eztabaida antzuetan aritzea. Horiek zuzentzeko, objektibismoaren diziplina proposatzen du. Bere ustez, atzerapen zientifikoa espainiar herriaren gainbeheraren kausa da.

Eliteak eta Masak

Zientzia diziplina intelektualaren emaitza da eta gaitasun batzuk behar dira hura garatzeko: zehaztasuna, jarrera kritikoa eta arrazionaltasuna. Era berean, gizakien bikaintasun-zaletasuna galtzen denean, gizartearen gainbehera hasten da. Eliteak bikaina izan behar du; masak, aldiz, bikaintasunarekiko zaletasuna izan behar du. Ortegak bere garaiko demokraziari kritika egiten dio, gakoa pertsona bikainak identifikatzea dela iritzita.

Perspektibismoa eta Arraziobitalismoa

Mendebaldeko gizakia ulertzeko zirkunstantziak hartu behar dira kontuan. Perspektibismoaren teoriak errealitatearen ikuspuntuen aniztasuna aldarrikatzen du. Ortegak dio nork bere ikuskerarekin leial izan behar duela, tolerantzia nabarmenduz. Nia eta Gauza batzean oinarritzen da: niak gauzak bizi ditu.

Perspektibismoaren garapenetik Ortegaren doktrina arraziobitalista sortzen da. Arrazionalismoaren gizaki-ikuskera mugatua gainditu nahi du, biziaren eta arrazoiaren arteko oreka bilatuz.

Gure Garaiko Gaia: Arrazionalismoa Gainditzea

Ortega y Gassetek ohiko arrazoimen arrazionalista kritikatzen du. Arrazionalismoak amildegi bat sortzen du gizakiaren bizitza konkretuaren eta arrazoimenaren artean. Ortegaren iritziz, arrazoimen abstraktuak ezin du hauteman bizitzari darion errealitate konkretua, errealitate hori ezegonkorra eta historikoa delako. Horregatik, bizi-arrazoimena aldarrikatu behar da.

Bizi-Arrazoimena eta Historia

Gizakiaren errealizazioa denboran gertatzen da. Arrazoimena pertsonaren bizitza konkretuan (bere zirkunstantzietan) kokatzen denean, bizi-arrazoimena bihurtzen da. Bizi-arrazoimena arrazoi historiko gisa agertzen da. Gizakia proiektu jarraikia da, giza bizitza ez baita estatikoa.

Gure garaian belaunaldiak elkarrekin bizi dira. Garaikideak (garai berean bizi direnak) eta adinkideak (adin berekoak) bereizten ditu. Ezberdintasun horretan datza berrikuntzaren posibilitatea. Ondorioz, historizismoaren esanahia argia da: Gizakiak ez du esentziarik, historia du. Bizitza pertsonal eta komunitatezkoa ez da partizipio bat (factum), baizik eta gerundioa (faciendum).

Entradas relacionadas: